Migrazio politiken “joera arrazista eta bortitzen” aurrean, Mugen Aurkako Europako Agentzia eratu dute

  • Europako hainbat elkartek sortu dute, "desobedientzia sare" bat osatzearen helburuarekin. Egitasmoaren barruan daude Negu Gorriak elkartea eta Artea Sarea. Ostiralerako deialdia egin dute.

Politika migratzaileen "joera autoritarioak" salatu dituzte, esanez Europa gero eta "gotortuago" dagoela. Artxiboko irudia. A. Koerner / Getty Images (Copyright)

2026ko ekainaren 10ean - 09:56
Azken eguneraketa: 12:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europako hainbat elkartek, tartean Euskal Herriko bik, Europako Batasuneko migrazio politikak gero eta "gogorragoak" direla ohartarazi eta horren aurrean Mugen Aurkako Europako Agentzia sortu dute. Lehen mobilizazioa ostiralean, ekainak 12an, egingo dute, hainbat herri eta hiriburutan; hain justu, Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna indarrean sartuko den egunean. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu dute egitasmoa. 

Itunak, besteak beste, mugetako kontrolak gogortu eta prozedurak azkartuko ditu asilo-eskaerak kudeatzeko eta migratzaileak jatorrizko herrialdeetara itzularazteko. Elkarteek azpimarratu dute itunak migrazio politiken "joera autoritarioak, arrazistak eta bortitzak" indartuko dituela. 

Azaldu dutenez, itunak are gehiago "gotortuko" du Europa, eta, horregatik, horri aurre egiteko "kontrabotere eraginkor bat" antolatu nahi dute. "Mugen abolizioaren aldeko konpromisoa duten kolektibo eta erakundeek sortu dute egitasmo hau. Lankidetzarako espazio askotarikoa da, eta hainbat arlotan eskarmentua duten taldeak batzen ditu", adierazi du Samira Calvo Canillas Negu Gorriak elkarteko kideak.

Europako hainbat elkarte eta eragilek eratu dute Agentzia, adibidez, No Name Kitchen, L'Aurora Grup de Suport, Solidary Wheels eta Rescue Life. Tartean dira, halaber, bi euskal elkarte: Iruñeko Negu Gorriak elkartea eta Artea Sarea (Arratia, Bizkaia). 

Mugak abolitzearen alde

Lau helburu ditu egitasmoak: eragileen arteko loturak indartu, egungo ordena eten, mugak abolitu eta botere instituzionaletik emantzipatu. Lehen helburua ezinbestekotzat du agentziak: eztabaidatzeko eta hausnarketarako esparruak eduki, "erakundeak elkartzeko" eta "lankidetza dinamikak proposatzeko", eta hala, "nazioarteko mugen aurkako borroka egituratzeko". Horregatik, sarera batzeko gonbita luzatu diete desobedientziaren bidetik migrazio politikak desegin nahi dituen kolektibo eta elkarte orori. 

Politika migratzaileak irauli ez ezik, mugen abolizioa defendatu du Mugen Aurkako Europako Agentziak. Minneapolisekin (AEB) alderatu dute Europa, esanez Frontex agentziak ICEren antz "gero eta handiagoa" duela. "Arazoa ez da mugak kanpora ateratzea, ezta Frontex agentziaren militarizazioa ere. Arazoa muga bera da, arazoa Frontex da. Jarrera abolizionista dugu, eta hori hedatu nahi dugu sareetan, gure komunikazio jardunaren bitartez", esan du Calvok.

Ostiralerako deialdia

Aldarri horrekin, ostiralean ekainak 12an egingo dute lehen mobilizazioa: protesta ekintza bat hainbat herri eta hiriburutan, Europako Batasuneko bulegoetan eta migrazio politikez arduratzen diren erakundeen egoitzetan. Agentziaren webgunean idazkiak, eskuorriak, pegatinak eta bestelako materiala jarri dute eskuragarri, jendeak nahi izanez gero.

Halere, ezohiko erregularizazio prozesu bat martxan dagoela gogoratu dute. Horregatik, paperak tramitatzen ari diren migratzaileak babestu eta haien egoera are gehiago ez zailtzeko, gomendatu dute ez egitea protestarik bulego horien aurrean. 

Ostiraleko mobilizazioaz gain, iragarri dute datozen hilabeteetan bestelako ekintza batzuk ere egingo dituztela, eta ikasgela bat ere sortu nahi dutela, "dokumentazioa, prestakuntza eta ikerketa lanak" garatzeko. 

 

 


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...