Ipar Euskal Herriko 147 herritan argitu da Herriko Etxearen osaketa berria; edo bestela erranda, 11 herritan izanen dute bigarren itzulia heldu den igandean: Lapurdiri dagokionez, Baionan, Miarritzen, Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen, Urruñan, Kanbon, Beskoitzen, Bokalen eta Arbonan, eta Zuberoan, berriz, Maulen.
Ipar Euskal Herriko herriko bozen lehen itzulia laburbiltzeko orduan, nekez eman daiteke titular orokor bat. Baina, abiapuntu gisa erran daiteke berriz aurkezten ziren hainbat auzapezek ez dutela jaso bozkatzaileen partetik beharrezkoa zuten babesa. Aipagarrienak ditugu kostaldetik hasita Ahetzekoa (Lapurdi), iaz alkate hautaturiko Ramuntxo Labat abertzaleak aulkia galdu duelako, lau botoren aldeagatik. Oroit gara 2024an alkateak dimisioa aurkezturik, iaz antolaturiko hauteskundeetan atera zela garaile Labat, Ramuntxo Goyhetchen aitzinetik pasaz. Aldi honetan, ordea, berriz pasa zaio aitzinera. Lekuinetik etorri da abertzaleen garaipenetariko bat, Xabi Duhalde abertzaleak %54,03 egin duelako, auzapezari lekua hartuta. Gisa berean, Senperen garaile atera da Christophe Jaureguy abertzalea, Bernard Elhorga auzapeza hirugarren kokatuz. Baxenabarren, urte luzeetan Arrosako auzapez izandako EAJko Beñat Arrabitek ere aulkia galdu du, botoen %57,18 eskuraturik garaile atera delako Roger Brust. Alduden ere gertatu da aldaketa, Martin Suquilbide auzapezak galdu duelako bere kargua. Zuberora joanda, Atharratzen izan da aldaketa: Maite Pitrau ez da gehiago izanen auzapeza, Kevin Le Toutek hartu diolako aulkia, botoen %59,30 jasota.
Oraindik lehian segitzen badute ere –lehen itzulian botoen %50 baino gehiago ez duelako lortu inork– igande honetan lehen indar gisa kokatu ez diren alkateak ere badira. Besteak beste, Urruñan (Lapurdi), Filipe Aramendi auzapez abertzalea bigarren gelditu da. Gutigatik, baina bigarren: lehen atera da Sebastien Etchebarne %36,86 eginda, eta bigarren EH Baikoa %35,13rekin –95 botoren aldea–. Kanbon ere bigarren kokatu da orain arteko auzapez eskuindar Christian Deveze, %34,99 jasota, eta gailendu zaio EAJko Peio Etxeleku. Lehia gogorra aurreikusita zen Lapurdiko hiri horretan, besteak beste, azken urteetan gatazka iturri izandako Marieneako etxebizitza proiektuarengatik. Oposizioari eta herri mugimendu azkar bati aurre eginez, sutsuki defendatzen dabil proiektua Deveze, eta hastapen batean bere ondoan zuen Etxeleku oposiziora pasa zitzaion azken agintaldian, nagusiki afera horrengatik. Etxelekuz gain, oposizioko Argitxu Hiriart-Urruty abertzalearen lista ere dago kontra –hirugarren atera da, %25,46 eginda–. Hiruak mantenduko dira lehian? Aliantzak egingarri ote dira? Astea bero-bero joanen zaie Kanbon, eta heldu den igandean soak bertaratuak ukanen dituzte anitzek. Bokalen ere zaplaztekoa bildu du ezkerreko auzapezak, hirugarren atera delako; eta ezustekoa gertatu dela erran daiteke: EH Baiko jendea duen zerrenda atera da lehen, botoen %28,36 jasota. Lau zerrenda ziren lehen itzulian, eta lauek dute bigarren itzulirako aukera lortu, %20-%30 artean egin duelako bakoitzak. Azken adibide gisa, Arbona ere aipatu dezakegu, orain arteko auzapezaren aldeko zerrenda hirugarren kokatu delako.
Baiona, Miarritze eta Angeluri dagokionez, eskuineko botoa azkar atera da beste behin. Angelun, lehen itzulitik garaitu da orain arteko auzapez Claude Olive, botoen %68,06 jasota. Baionan ere alde handiarekin lehen kokatu da Jean-René Etchegaray auzapeza –%42,11– eta bigarren itzulian argituko da ondoko alkatetzarena. Aitzinekoetan bezala, ezkerreko zerrendek elkarren artean ados jarri behar lukete, bigarren itzulian lista bakarra aurkeztu eta eskuina garaitzeko aukera egingarri bihurtzeko. Ezkerretik, Jean-Claude Iriart abertzalea eta Colette Capdevielle diputatu sozialista buru dituen zerrenda zabala atera da lehen –%21,99– eta bigarren, haatik, Henri Etcheto sozialista jakobinoa –%21,37–. Duela sei urte posible izan ez zutena lortuko al dute aldi honetan? Duda gabe, aste honetan izanen dute buruhauste Lapurdiko hiriburuko ezkertiarrek. Hala ere, aitzinekoari konparatuta, aldea dago: abertzaleak ere dituen zerrenda atera da ezkerrean garaile aldi honetan, sekulako saltoa eginez: 2020an 1.597 boto ukan zituzten eta aurten 4.191. Abertzaleak gustuko ez baditu ere, zintzoki jokatuz gero, aldaketa hori kontuan hartu beharko luke Etchetok. Ageriko da.
Miarritzen, Maider Arrosteguy auzapez eskuindarra bigarren kokatu da –%26,60–, hamabi botoz gailendu zaiolako Serge Blanco, politikari baino gehiago errugbi munduko aurpegi ezaguna den miarriztarra. Eskuinetik eta zentro-eskuinetik bost zerrenda eta ezkerretik bakarra izanda, garaipenerako aukerarik ez badu ere, azpimagarria da EH Baiko hautagaiak ere badituen Ana Ezcurraren ezkerreko zerrenda hirugarren kokatu izana –%17,82–.
Boto kopuruz gora egin izana azpimarratuta, pozik agertu da EH Bai koalizioa. Duela sei urte irabazitako Herriko Etxe gehienak mantendu dituzte –Ziburu, Uztaritze, Baigorri, Itsasu, Ortzaize, Donapaleu...– eta berri batzuk ere irabazi –Senpere, Lekuine...–. Aitzineko hauteskundeei alderatuta, emaitzak izugarri hobetu dituzte hainbat herritan. Besteak beste, Angelun (Lapurdi), aitzinekoan ez bezala, aldi honetan zerrenda osatu dutelako eta botoen %10,70 eskuratu –2.029 boz–. Hendaian ere, 2020an 768 boto izatetik 1.774 izatera pasa dira –botoen %30,63 jasota aurten–. Baina, bigarren itzulirako garaipena zaila izanen dute hendaiarrek, jakinda orain arteko auzapez sozialista den Kotte Escenarro atera dela lehen –%42,82– eta hirugarren ateratakoa eskuinekoa dela.
Igandean izanen dute bigarren itzulia lehia argitu gabeko Ipar Euskal Herriko 11 herrietan –Baiona, Miarritze, Hendaia, Donibane Lohizune, Azkaine, Urruña, Kanbo, Beskoitze, Bokale eta Arbona eta Maule–. Bozka bulegoak 08:00etan ireki eta 18:00etan itxiko dituzte.