Ez dago inkesten beharrik jabetzeko PPk eta Voxek azken bolada luzean Espainiako Estatuan izan duten gorako joeraz, baina inkestek ere hori berresten dute. Abuztutik eta Maricarmen afera arte, Espainiako hamar inkestatzaileren batez bestekoak honako emaitzak ematen ditu: PPk %31,6; PSOEk %27,4; Voxek 18,4; Sumarrek %5,6; eta Podemosek %2,7. Emaitza: eskuin-eskuin muturra garaile, oso aise. Etxebizitzaren jauziak asko hobetu du egoera PSOErentzat, baina inondik inora egoera iraultzeko moduan. Inkestek, baina, batzuetan kale egiten dute, 2004an edo 2023an bezala, orduan ere eskuina samur gailendu behar baitzen. Esperantza hauskor horretan zintzilik bizi da ezkerra –ezkerra, hitz egiteko modu bat da–, irabazteko ezinbestekoak diren gertaera eta emozio multzoa nola harilkatu asma ezinean.
Katebegi ugari lotu behar dira miraria erdiesteko: PSOEk 2023ko botoen %31,7ko marka hobetu behar du edo, gutxienez, parekatu. Ezker konfederalak hiru milioi boto lortu zituen eta Fronte Zabala eratzeko diren zailtasunekin, gaitza dirudi hori errepikatzea, areago Podemos jokaldian sartzen ez bada. Eta boto bakar batek balantza ezkerrera desorekatzea bilatzen denean, funtsezkoak izango dira ere alderdi subiranista eta independentisten botoak.
Azken horien artean, eskuin batzuk ere giltzarri izango dira. Juntsek esana du, ez du berriz Sánchez salbatuko. Blokeen aurkako diskurtsoan mozorrotuta, EAJ isilik da etorkizuneko inbestiduraz; PP bare baten makulu lasai asko litzateke ostera ere, baina munduko haizeen bultzadarekin, eskuma eta eskuin muturra hordagorik gogorrenetarako daude eta ez lasaikerietarako. Dema honetan dena izan daiteke erabakigarria, baita ate joka diren atzerriko hauteskunde garrantzitsuak ere. Urriaren 25ean Brasilen, 27an Israelen, eta azaroaren 3an AEBetan. 2023ko hauteskunde orokorretan baino 1,26 milioi pertsona gehiagok izango dute boto eskubidea. Denen gainetik egin beharko dute jauzi Sánchezek eta enparauek.
Egoerak antza handia du 2011ko maiatzaren 11koarekin. Orduan ere suminak hartu zuen Madrilgo Sol plaza, eta txinparta hartatik piztu zen Podemos 2014an. Suminak ez ei du eraikitzen, baina hauteskundeak irabazten ditu: 2004an Madrilgo martxoaren 11ko atentatuez PPk egin zuen kudeaketa maltzurrak eman zion José Luis Rodríguez Zapaterori PSOEk inoiz lortutako boto kopuru handiena: 11 milioi boto. Eta Voxekiko beldurraren gainean eraiki zuen bere gobernua Sánchezek 2023an. Hau da, une giltzarrietan, kalearen bultzadak erabakitzen du, batez ere haserretik eta beldurretik, baina esperantzatik ere bai... Beste behin ere, Stéphane Hessel-en "Sumindu zaitezte” hori hil ala biziko izan daiteke. Bide horretan dago azaroaren 11ko greba orokorra, PP-Vox geldiarazteko geltoki erabakigarria. Dena laburbilduko da hiru berbetan: “Haiek edo gu”.