argia.eus
INPRIMATU
‘Hacker’ turkiar bat Urduñako Udalaren web orria pirateatzen
  • Gezurra badirudi ere, 'Iskorpitx' izenez ezaguna den hacker turkiarrak Urduñako Udalaren web orria pirateatu zuen lehengo asteartetik asteazkenera bitartean. Udaleko komunikazio arduradunak harrituta agertu dira berriaren aurrean, eta kasualitate hutsa izan dela deritzote. Izan ere, hacker eta pirateatze kontuetan adituak direnen blogetan aski ezaguna da 'Iskorpitx' hackerra, eta ez dirudi amateur soil bat denik. Lehenago milaka web orri eraldatu izan ditu, horien artean, Microsoft France edo Sony Music bezalako enpresa garrantzitsuenak, eta horrez gain, 100.000 web orri baino gehiago erori arazi ditu.

2007ko abuztuaren 30

Urduñako web orriaren kasuan, aldaketa txiki bat eragin zuen 'Iskorpitx'ek. Pirateatua izan zen denboraldian, web orriak bere egitura mantendu zuen, baina mezu gainjarri bat irakur zitekeen: 'Hacked by Iskorpitx Turkish hacker' ('Iskorpitx' hacker turkiarrak hackeatua). Web orrian sartu eta, gutxi gora-behera, minutu erdira, bertara sartutako erabiltzaileak automatikoki Interneteko beste orri batera mugitzen zituen: eztabaida foro turkiar batera.

 

Bitxikeria hau kasualitate hutsa izan dela azpimarratu nahi izan badute ere, Udaleko komunikazio arduradunek gogorarazi nahi izan dute Urduñako Udalaren web orria espainiar estatuko udalerrien web orrien artean onenetariko bezala aukeratua izan zela. Interneteko Erabiltzaileen Elkarteak 'udalerrietako web orri onena' saria eskuratzeko 10 hautagaien artean aukeratu zuen Urduñakoa lehengo apirilean, eta azkenean saririk eskuratu ez zuen arren, hilabetero 5.000 bisita jasotzen ditu.