Heldu den asteartean, Euskal Herriko langileek berriz ere beren lantokiak utziko dituzte, greba orokorrerako deialdia egina baitago. Proletariotzak kaleak hartuko ditu, gutxieneko soldataren igoera aldarrikatzeko eta bizi eta lan baldintzen okertze orokortua salatzeko. Mobilizazio isolatua izatetik urrun, lanuzte hori tradizio luze baten parte izanen da. Gogora dezagun zein izan zen Euskal Herriko historiako lehendabiziko greba orokorra.
Industrializazioa eta klaseak
Euskal Herrian industria iraultzaren abiapuntua 1841 izan zen, orduan sortu baitzen Santa Ana de Bolueta, Bizkaiko aurreneko fabrika modernoa. Ordutik aurrera, eraldaketa prozesu azkarra gertatu zen, Nerbioi itsasadarraren paisaia goitik behera eraldatu zuena. Industrializazioaren ondorioz, meatzaritza eta siderurgia garatu ziren eta prozesu horrek landa-exodoa eragin zuen. Nekazaritzan lan-indarra askatu zen eta industriak gero eta langile gehiago behar zituenez, jende asko landa-eremutik hirietara mugitu zuen. Ondorioz, klase-gizarte berria eratu zen, burgesia eta proletariotza aurrez aurre jarri zituena.
Langile klase berri horrek esplotazio egoera latza bizi zuen: lanaldi luzeak, istripuak eta haurren lana oso ohikoak ziren. Eta hori gutxi balitz, bizi-baldintzak ere oso gogorrak ziren. Garai hartan meategi eta fabriketan lan egiten zutenek ezin zuten aukeratu non erosi janaria edo non bizi beren familiekin. Langileek derrigorrez kantinetan erosi behar zuten jatekoa, eta barrakoietan bizi behar zuten, biak ala biak enpresaren jabetzakoak zirenak. Gainera, barrakoi haiek oso baldintza txarretan zeuden, eta toki txiki, ilun eta osasungaitzak ziren.
Neurri horiek bi funtzio betetzen zituzten. Batetik, enpresarentzat diru-iturri ziren, langileei ordaintzen zitzaien soldataren zati bat berriro enpresaren kutxetara itzultzen baitzen alokairuaren eta elikagaien prezioen bidez. Bestetik, langile klasea kontrolatzeko modu bat ere bazen. Ezein enplegatu aldarrikapen txikiena ere egitera ausartzen bazen, nagusiek kaleratu egiten zuten. Horren ondorioz, pertsona horrek eta bere familiak ez zuten soilik lana galtzen, baita etxebizitza ere. Familiak kaleratzearen beldur bizi ziren, eta beraz, langile-klasea lotuta eta mendean edukitzeko modua zen.
Langile mugimenduaren lehen urratsak
Egoera horren aurrean antolatu beharra zegoen. Badakigu XIX. mendearen bigarren partean, Lehen Internazionalaren garaian, Bizkaian talde anarkista batzuk bazeudela. Baina egindako ikerketen arabera, indar eta militantzia gutxi izan zuten, eta, ondorioz, ez zuten errotzerik lortu.
Urte batzuk geroxeago, ordea, sozialismoa ailegatu zen. 1885ean Facundo Perezagua Madrildik etorri zen, Bizkaian Alderdi Sozialista (PSOE) errotzeko aginduarekin eta laster, hainbat kontakturi esker, Bilboko lantegi batean enplegatzea lortu zuen. Urte baten buruan (1886) lehen elkarte sozialista sortu zen eta UGT garatzen hasi zen. Ordutik aurrera ideia sozialistak zabaltzen hasi ziren, artean erakunde horiek ahulak ziren arren.
Grebaren aurrekariak
Bigarren Internazionalak, 1890ean aurreneko aldiz, maiatzaren 1ean Langileen Nazioarteko Eguna ospatzeko deialdia egin zuen. Bizkaiko erakunde sozialistek deialdi horrekin bat egin zuten, baina ez zuten asaldura edo istilu erradikalik antolatu nahi izan. Horregatik, astegunez tokatzen zen maiatzaren 1eko ospakizuna igandera pasatzea erabaki zuten, maiatzaren 4ra. Egun horretan manifestazio baketsua eta mitina antolatu zituzten zortzi orduko lanaldiaren alde. Egun hartan euria erruz egin zuen eta Poliziaren presentzia handia izan zen. Hala ere, mobilizazioa oso jendetsua izan zen eta zirrara handia eragin zuen gizartean. Maiatzaren Leheneko aurreneko ospakizun hura mugarria izan zen eta gauzak betirako aldatu ziren.
Txinparta eta greba
Manifestazio hark soka luzea ekarri zuen; izan ere, handik egun gutxira, maiatzaren 12an, Orconera Iron Ore Company Limited-eko meategian bost meatzari kaleratu zituzten, ustez, mitinaren antolaketan parte hartzeagatik. Biharamunean, haien lankideek elkartasunez lan egiteari utzi zioten, bidalitakoak berriz ere onar zitzaten eskatzeko. Egun berean, Barakaldoko Orconerako meategitik hainbat pikete atera ziren eta greba beste meategi eta lantoki batzuetara hedatu zuten. Arratsaldean, 3.500 laguneko manifestazioa egin zen Ortuellan (Bizkaia).
Maiatzaren 14rako Bizkaiko 8.500 langile zeuden greban. Mugimendua zabaltzen joan zen, eta manifestazioak Meatzaldetik itsasadarrerantz jaitsi ziren; segurtasun indarrekin liskar handiak izan ziren, eta horietako batean langile bat hil zen eta hainbat zauritu izan ziren.
Maiatzaren 15ean greba erabatekoa zen. Egoera ikusirik, Bizkaiko Gobernadore Zibilak gerra-egoera ezarri zuen eta probintziaren kontrola armadaren esku utzi zuen. Ondorioz, José María Loma jenerala Gasteizetik Bizkaira joan zen, lurraldearen kontrola hartu eta errepresioa zuzentzeko asmoz.
Greba hark hainbat aldarrikapen zituen. Batetik, elkartasunezko eta errepresioaren aurkako greba zen, Orconerako meategiko kaleratuak beren enpleguetan berriz ere onartzea eskatzen baitzuten. Bestetik, lan-arloko aldarrikapenak ere bazituen: lanaldiaren murrizketa eta kantinen zein barrakoien ezabaketa. Iturri batzuen arabera 20.000 edo 30.000 lagunek parte hartu zuen.
Konponbide baten bila
Maiatzaren 19tik aurrera, bazirudien greba ahultzen ari zela. Baina orduan langileek espero gabeko laguntza jaso zuten. Loma jenerala, hasiera batean behinik behin, greba zapaltzeko asmoz joana zen. Baina egun horietan langileen bizi-baldintza penagarriak hurbiletik ezagutu ahal izan zituen. Ondorioz, militar hark bitartekari lana egin zuen eta patronalari presioa egin zion akordio bat behartzeko. Hari esker, Lomaren Ituna delakoa sinatu zuten. Nagusiek konpromisoa hartu zuten lanaldia eguneko hamar ordura murrizteko eta kantinak zein barrakoiak kentzeko. Ituna sinatu ondotik, maiatzaren 23an langileak lanera itzuli ziren.
Ondorioak
Akordio horrekin, itxura batean bederen, langileek lan- eta bizi-baldintzen hobekuntza lortu zuten. Baina praktikan adostutako neurriak ez ziren bete, nagusiek emandako hitza jan zuten eta. Lantoki ugaritan, denbora gutxiren buruan, berriz ere lanaldi luzeak eta lan-baldintza nekagarriak ezarri zizkieten langileei, baita derrigorrezko kantinak eta barrakoiak ere. Greba gertatu eta sei urte geroago, hau da, 1896an, Lucha de Clases aldizkari sozialistak hala salatu zuen:
“Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarririko lan-eguna mantentzen da, baina barrakoi eta derrigorrezko dendei dagokienez, meatze-alde guztian ia-ia lehenengo greba aurretik bezalaxe daude. Bizkaia aldean, legeak mespretxatuz eta mende honetako espiritu liberala zapalduz, lanean onartua izateko, nahitaezko baldintza gisa, higienearen kontrako txaboletan bizi eta janariak, onak zein txarrak (ia beti txarrak eta eskandaluzko prezioetan) halako denda jakinetan erosi beharra dago". (La Lucha de Clases, 86. zenb., 1896-V-23)
Hala ere, 1890eko greba orokorrak garrantzi historiko handia izan zuen, Euskal Herriko langile mugimenduaren abiapuntua markatu baitzuen. Hurrengo bi hamarkadetan beste hainbat greba orokor eta dozenaka lanuzte sektorial egin ziren. Gainera, ordutik aurrera sozialismoa eta UGT Bizkaiko proletariotzaren indar hegemoniko bilakatu ziren. Beraz, nahiz eta grebaren helburu nagusiak erdi-bidean geratu ziren, antolakuntzaren ikuspegitik garrantzitsua izan zen. Grebak kontzientziaren, antolakuntzaren eta batasunaren hazia utzi zuen, eta horrek baldintzatu zuen ondorengo urteetako langile mugimenduaren garapena.