Gutxienez hogei sexu eraso izan dira Baionako bestetan

  • Ipar Euskal Herriko Itaiak hogei salaketa erregistratu ditu. Halaber, antolakundeak salatu du gizon talde batek babesguneari eta bertako txandalariei eraso egin diela.


2026ko uztailaren 20an - 09:41
Azken eguneraketa: 14:05
Itaiak igande goizean antolatutako elkarretaratzea. Itaia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ipar Euskal Herriko Itaia Antolakunde feministak jakinarazi du hogei sexu eraso erregistratu dituztela Baionako bestetan. "Azpimarratzekoa da aurtengo edizioa bereziki bortitza izan dela: muturreko eraso fisikoak, hitzezkoak, eraso homofoboak...". Hala salatu dute igandean 11:00etan herriko etxearen aurrean egindako elkarretaratzean, "indarkeria matxistaren kontra karrikak hartzeko momentua" dela aldarrikatzearekin batera. Gedar kazetak jaso du albistea. 

Era berean, adierazi dute eraso matxistak salatzeko Pontrique kalean jarritako babesguneari eraso egin ziotela, larunbatean, besten azken gauean: "Gizon talde batek babesguneari eta bertan zeuden txandalariei eraso egin zien, mehatxatuz, jazarriz, irainduz eta argazkiak ateraz". Erasoengatik goizago itxi behar izan zuten babesgunea.

Gogoratu dute ez dela lehen aldia horrelako eraso bat gertatzen dena. "Baionako bestak joko zelai perfektuak bilakatzen dira egunerokoan jadanik zapalduak eta zaurgarri diren subjektuak are gehiago zapaltzeko", esan dute sareetan. Elkarretaratzean argi ohartarazi dute: "Ez gaituzue beldurtuko, eta matxismoaren kontra karrikak hartzen segituko dugu".

Bestalde, Baionako herriko etxeari zuzendu dira, esanez erasoen kontrako protokoloa "aitzakia hutsa" dela "haserre soziala lasaitu" eta besta eredua bere horretan mantentzeko, garrantzi handiena "irabazi ekonomikoei" emanda. "Ez dago indarkeria matxista errealki eta errotik borrokatzeko intentziorik", salatu dute.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...