Itaiak jakinarazi du, baina aurreratu du gehiago ere izan daitezkeela. Pirinio Atlantikoko Prefeturak, aldiz, sei indarkeria kasu zenbatu ditu. Bestalde, hainbat kolektibok salatu dute herriko etxeak bandera antifaxistak kendu dituela kaleetatik.
Ipar Euskal Herriko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak eman du berria. Zazpitik bost festetako lehen gauean gertatu dira, 22:00etatik 04:00ak arteko txandan salatu dituzte; beste bi salaketak, berriz, hirugarren egunean jakinarazi ditu antolakundeak.
Itaiako Elixabet Etxandik Berria egunkariari esan dionaren arabera, babesguneak Baionako festetan egiten dituzten erasoak jasotzen ditu soilik, baina jakin badakite "anitzez eraso gehiago" gertatzen direla. Pontrique kalean jarri dute erasoen aurkako babesgunea, Akelarre kafetegian, baina beste zazpi salaketa gune ere ezarri dituzte, besteak beste, Marche tabernan eta La Fontaine kafetegian.
Beste aldetik, Pirinio Atlantikoko Prefeturak sei indarkeria kasu jaso ditu, nahiz eta ez duen zehaztu eraso fisikoak, psikologikoak edota sexu erasoak izan diren.
Banderola antifaxistak eta transfeministak kenduak
Bestalde, egunkariak jakinarazi du festen lehen egunetan Baionako herriko etxeak banderola antifaxistak kendu dituela. Ostegun goizean Baionako herriko etxeko plazako Katy Dely's ostatuaren gaineko balkoian zegoena kendu dute. Pankartan Rage against faxism (Amorrua faxismoaren aurka) irakur zitekeen. Ostatuak sareetan gaitzetsi egin du herriko etxearen jokabidea, esanez "antifaxista ez den inor faxista" dela.
Zizpa gaztetxeko kideek ere gertatutakoa gaitzetsi dute: "Banderolak Katie Dely's, Zamai, Soinua eta Xina Les Pyrenees ostatuen gainaldean dira. Herriko etxeko langileak banderolak kentzen ikusten badituzue, argazkiak egin eta zabaldu! Jendeak ikus dezan herriko etxearentzat faxismoa antifaxismoa baino onargarriago dela!".
Baiona Palestinarekin kolektiboak ere salatu du Palestinarekiko elkartasuna helarazten zuen pankarta kendu dutela, Marengo eta Jacques Laffitte kaleen artean jarritakoa.
Eta bestetik, Baionako Sutan kolektibo transfeministak ere salatu du bi banderola kendu dizkietela; batak Euskal Udalekuei babesa helarazten zien, eta besteak, aldiz, Euskal Herri Transfeminista aldarrikatzen zuen. Kolektiboak dei egin du besterik kendu dutela ikusiz gero, argazkia atera eta zabaltzeko. "Herriko etxeak ez du transfeminismoaren alde egiten".