Orain arteko presidente Jean-René Etchegaray berriz aurkezten da eta lehen aldikoz ukanen ditu lehiakideak parean: Hiriburuko auzapez Alain Iriart (EH Bai), Kanboko Peio Etxeleku (EAJ) eta Baionako hautetsi Pascal Lesellier (eskuin muturra). Larunbat honetan dute bozketa Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean.
Lau hautagaien artean izanen da Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako lehia: orain artean kargua mantendu duen Baionako auzapez Jean-René Etchegaray (zentro-eskuina), Hiriburuko auzapez Alain Iriart (EH Bai), Kanboko Peio Etxeleku (EAJ) eta Baionako Herriko Etxera sartzea lortu duen eskuin muturreko Pascal Lesellier. Maiatzaren 15ean eta 22an izandako herriko bozetatik landa heldu zaie Euskal Hirigune Elkargoaren osaketarena. 158 herriko etxeak ordezkatzen dituzten 232 hautetsiz osatuta dago batzarra –biztanleriaren arabera doa herrientzako aulki kopurua–, eta larunbat goiz honetan dute lehendakaria hautatuko. Ondotik, apirilean zehar eginen duten bigarren bileran izendatuko dituzte presidenteordeak.
Ipar Euskal Herriarentzako aitortza instituzional baten aldeko aldarriak bide luzea egin ondoren lortu zen 2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera. Eskakizun hori plazaratzen aritutako Etchegaray izendatu zuten orduan lehendakari, eta 2020an ere bera izan zen hautagai bakarra. Aldi honetan hiru lehiakide izanen ditu.
Hiriburuko auzapez eta EH Baiko kide den Alain Iriart aurkezten da aldi honetan. 2020an jadanik adierazi zuen lehian sartzeko nahia, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu EH Baik bestela erabakirik bere biltzar nagusian. Hain zuzen, Etchegarayri bidea libre utzi eta Hirigune Elkargoko goi postuetan eta erabaki guneetan abertzaleen "ordezkaritza azkarra" lortzearen alde egin zuen gehiengoak.
2022ko udazkenean Hirigune Elkargoaren baitako talde politikoa osatu zuten ezkerreko hautetsi abertzale batzuek: Bil Gaiten."Funtsezko dimentsio demokratikoa du talde politikoaren sorrerak: hautetsiak beraien funtzioa betetzen laguntzea, dosierrak egin ahala goizik eskuetan hartzea, informazioa erdiesten laguntzea, deliberoen edukiaz gehiago jabetzea eta eztabaiden kalitatea hobetzea". EH Baiko ordezkari guztiak ez dira barne, baina Alain Iriart bada Bil Gaiten taldean.
Aldi honetan hautagaitzari bidea libre uztearen alde egin du EH Baik, eta "deszentralizazio orokor baten alde" eta lurralde-orekaren alde ariko dela argi utzi du Iriartek hautagaitza aurkezteko prentsaurrekoan, zehazturik berea "proiektu-hautagaitza" bat dela, "dogmatismotik urrun" egonda.
Kanboko auzapezaren aulkia irabazirik gauzatu ahal izan du aspaldiko xedea: Euskal Hirigune Elkargorako lehendakaritzara aurkeztea. Azken urteetan Etchegarayren politikari begira kritiko agertu da EAJko Ipar Euskal Herriko aurpegi ezaguna, eta berak ere dio deszentralizazio gehiago behar dituela Hirigune Elkargoak. "Ikuspegi anbiziotsu baina errealista batetik" nahi du eragin Hirigune Elkargoaren funtzionamenduan, eta erronka potoloa izanda ere, enpresari gisa duen esperientzia "lurraldearen zerbitzura eman nahi" du, hots, "barnealdeko hautetsi eta lurraldeko enpresari gisa" arituz.
2022ko udazkenean Elkarrekin Herriarentzat izeneko talde politikoa aurkeztu zuen Etxelekuk Hirigune Elkargorako, "etiketarik gabeko talde anitza" izan nahi duena. Herri ttipietako auzapezei begira badabil aspaldian lanean, beraien ordezkari izan nahian, edota beste zentzura begiratuta, beraien botoa eskuratu nahian.
Eskuin muturra Baionako Herriko Etxera sartu izana izan zen martxoaren 15eko eta 22ko hauteskundeen ondorio esanguratsuetariko bat: Pascal Lesellierren zerrendak botoen %8,29 jaso zuen –1.615 boz– bigarren itzulian (lehen itzulian, %10,72, hau da, 2.043 boz). Herriko Etxekoaz gain, Hirigune Elkargoan ere du bere aulkia irabazi eta presidentetzarako aurkezten zela jakitera eman du aste honetan.
Herrien garrantzia aldarrikatzeko sartu da lehian: "Lehendakaritzara aurkezten naiz ahots berezi bat adierazteko: demokrazia dinamiko batean udalerria erakunde politiko nagusi gisa mantentzeko deia plazaratzeko".
09:00etan abiatuko dute Euskal Hirigune Elkargoaren batzarra eta zuzenean jarraitzeko aukera ere izanen dute herritarrek. Lehen bozketan ez badu nehork gehiengo osoa lortzen, orduan berehala eginen dute bigarren bozketa eta babes gehien duena izanen da lehendakaria. Oraingoz lau dira hautagaiak, baina batzarra hasi arte aurkeztu dezake interesatu orok bere hautagaitza.