argia.eus
INPRIMATU
"Gustura egingo nuke lan publikoan, baina osteopatak mugatuta gaude"
  • Fisioterapeuta eta osteopata da Amaia Estanga. Lana zertan datzan azaldu, eta osasun sistema publikoan artatzeko dituzten zailtasunez mintzo da.

Olaia L. Garaialde 2023ko martxoaren 31
Estangak azaldu digu eragin handia duela pazientearen jarrerak, eta askorentzat “oso arraroa” dela begiak itxita eta isilik lan egitea.

“Medikuntzaren beste adar bat da osteopatia; diagnostikatzeko eta tratatzeko beste teknika bat”. Hitz horiekin azaldu du zer den osteopatia Amaia Estangak. Kontatu du batzuetan zaila dela azaltzea zer den, eta hobe dela probatzea: “Helburua da identifikatzea zer gertatzen ari den gorputzean lesiorik berriz ez gertatzeko eta tresnak garatzeko”.

Osteopatia eta fisioterapia uztartzen ditu pazientearen beharren arabera, baina gehienbat osteopatia egiten du, “hobeto” diagnostikatzen duelako: “Diagnostikatzeko eta tratatzeko erabiltzen dut, eta amaieran fisioterapia pixka bat egiten dut gehiago askatzeko”. Hala ere, ikusten badu “zailagoa” egiten zaiola pazienteak nahiago duelako fisioterapia, pazientearen nahietara egokitzen da.

Gaineratu du eragin handia duela pazientearen jarrerak, eta askorentzat “oso arraroa” dela begiak itxita eta isilik lan egitea: “Tratatzean beti sentitzen dugu zerbait, baina pazienteek sentitzen ez dutenean beste sentsibilitate bat dutelako, uste dute ez dugula deus egin”. Horrelakoetan kexatu egiten direla esan du; hala ere, badira batzuk gerora hobekuntza ikusten dutenak, eta jarrerarengatik barkamena eskatzen dutenak.

Hiru oinarri orokor ditu osteopatiak: berezko sendaketa, osotasuna eta mugimendua. “Gorputz guztiek berez sendatzeko gaitasuna daukate, baina egoeraren arabera ezin duenean, osteopatiaren bidez berezko sendaketa berriz martxan jartzen laguntzen diogu”, azaldu du.

Horrez gain, esan du begirada kolektibotik eta globaletik erreparatu behar zaiela lesioei: “Ehun guztiak konektatuta daude eta leku batean dagoen zerbaitek besteari eragin diezaioke”.

"Gorputz guztiek berez sendatzeko gaitasuna dute, baina egoeraren arabera ezin duenean, osteopatiaren bidez berezko sendaketa berriz martxan jartzen laguntzen diogu"

Gorputza entzun

Gaineratu du gorputzak berez jaio aurretik mugimendua daukala, eta tratatzean eskuen bidez mugimendu hori sentitzen dutela:  “Mugimendua galtzen bada, lesioa sortzen da; adibidez, gibelak mugimendua galtzen badu geldirik geratzen da, eta funtzioa ez duenez ongi egiten gerta daiteke, adibidez, mina izatea sorbaldan”.  Hortaz, helburua da fisioterapiaren bidez mugimendua berraktibatzea: “Horretarako garrantzitsua da gorputza entzunez mugimendurik gabeko lekuraino joatea”.

Hego Euskal Herriko Osasun Sistema Publikoan ez dagoenez osteopatia egiteko aukerarik eta zerrendetan zaila denez sartzea, pribatuan artatzen du Estangak: “Legalki eta zientifikoki ez dagoenez nahi duten bezala demostratuta, ezin dugu ezer egin, eta tranpa eginez gero arriskuak daude”. Ipar Euskal Herrian aldiz, aukera gehiago daude.

Estangaren ustez, aukerarik ez izatea lan egiteko beste modu batzuk “albo batera uztea” eta “pribatizatzea” da: “Gustura egingo nuke lan publikoan, baina mugatuta gaude”. Gehitu du ez zaiola behar besteko garrantzia ematen: “Lau urteko ikasketak dira eta fisiologia eta anatomia kontrolatu behar ditugu; beste herrialde batzuetan prestigio gehiago daukate osteopatek”.