Gustavo Petro ezkertiarrak egingo dio aurre uribismoari Kolonbian

  • Ivan Duque uribismoaren hautagaia nagusitu da presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, botoen %39a lortuta, eta eskura du herrialdeko presidentetza. Horretarako, ordea, Gustavo Petro ezkertiarra gainditu beharko du buruz burukoan. Ezkerraren esperantza da Petro, ezkerreko presidenterik sekula izan ez duen herrialdean.


2018ko maiatzaren 28an - 07:54
San Marta hiriko bozka leku bat. (Arg.: Ander Perez)

Ivan Duque eskuindarra edo Gustavo Petro ezkertiarra. Bietako bat izango da Kolonbiako hurrengo presidentea. Lehena, Alvaro Uribe agintari ohiaren hautagaia, sendo nagusitu zen atzo, presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, 7 milioi eta erdi boto (%39a) eskuratuta. Gehiago sufrituta lortu zuen Petrok buruz burukorako txartela: ia bost milioi boto (%25) lortu zituen, Sergio Fajardo zentroko hautagaiak baino 300.000 gehiago baino ez (%23). Hain justu, Fajardoren boto emaileek izango dute bigarren itzuliko giltza, eta ikusi beharko da Petroren alde egiten duten ala ez, uribismoari aurre egiteko. Atzo, emaitzak eskuetan jarraitzaileen aurrean egindako hitzaldian, Duque eta Petro zoriontzera mugatu zen Fajardo, bietako baten alde egingo duen argitu gabe. Petrok eta Duquek, berriz, biek egin zizkieten keinuak atzoko hirugarrenari.

Gustavo Pedro ezkertiarra eta Ivan Duque uribista eskuindarra lehiatuko dira bigarren itzulian.

FARC gerrillarekin lortutako bake akordio historikoen ostean egindako presidentetzarako lehen hauteskundeak izan ziren atzokoak, eta hautagai guztiek nabarmendu zuten, hain zuzen ere, bozen bake giroa, gorabehera nabarmenik gabekoa. Edonola ere, presidente berriak kudeatu beharko du aurretik ere hauskorra den bake prozesua. Duquek, Uribek sortutako Centro Democrático alderdiaren hautagaiak, prozesuarekiko kritikoen agertu den sektorea ordezkatzen du. Azkenaldian baretu du tonua, eta bake ituna ez duela “birrinduko” adierazi du, baina aldaketak aurreikusi ditu boterera iritsiz gero. Prozesua, beraz, kolokan egon liteke.

Petrok, ordea, bake akordioen berme gisara aurkeztu du bere burua kanpainan. Edonola, bakean baino gehiago, justizia sozialean jarri du fokua, aberastasunaren banaketa aginduz, munduan desberdintasun sozial handienetakoa duen herrialdean. M-19ko gerrillari ohia da Petro, 2012 eta 2015 artean Bogotako alkate izandakoa. Haren aldekoek hiriburuan desberdintasun sozialak gutxitzeko egindako lana goraipatzen diote; kontrakoek, Venezuelako eredua Kolonbiara eraman izana leporatu diote, oso une jakinean: milaka dira Venezuelatik alboko herrialdera migratutakoak, krisi ekonomikotik ihesi. Presidente izateko, uribismoari aurre egin beharko dio Petrok ekainaren 17ko bigarren itzulian, eta oinarri soziala handitu beharko du horretarako, beste sektore politiko batzuk bereganatuz. Lortu edo ez, historia egin du honezkero: inoiz ez du ezkerreko hautagai batek hark adina babes eskuratu.

Kolonbiarren %53ak hartu zuen parte atzoko hauteskundeetan, eta bada marka; izan ere, abstentzio handia izan ohi da herrialdean. Adibiderako: presidentetzarako azken hauteskundeetan, 2014an, ia %60koa izan zen abstentzioa. Atzokoak, gainera, presidentea hautatzeko lehen bozak izan ziren FARCeko gerrillari ohientzat: Rodrigo Londoño Timochenko buruzagi ohiak kamerak pilatu zituen bere inguruan, Bogotan botoa emateko unean.

Duquek, Petrok eta Fajardok pilatu zituzten boto gehienak, eta aukerarik gabe utzi zituzten gainerako hautagaiak. German Vargas Lleras, Juan Manuel Santos egungo agintariarekin presidenteorde izandakoa, eskuindarra, %7an geratu zen. Humberto de La Calle, FARCekiko Habanako negoziaketetan gobernuaren ordezkari gorena izandakoa, ez zen %2tik pasa. Bake prozesuaren defentsa sutsua egin du kanpainan, eta ez du konektatu akordioak erdibitutako gizartearekin. Hortik bere atzoko gogoeta: “Ze kontraesan: gerrak batu gintuen zortzi urtez [Santosen agintaldia], eta bakea da gaur bereizten gaituena”.

Herritarrak hautes erroldak begiratzen, botoa eman aurretik. (Arg.: Ander Perez)

 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude