Seme-alabak soldadutzara, gurasoak arma lantegira


2026ko apirilaren 13an - 07:00
Azken eguneraketa: 15:08
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Jakinarazi al diozu jada soldadutza egin beharko duela?”, esan dit liburu-dendako langileak, 4 urteko semeari begira. Ez da txantxa egin didaten lehen aldia. Bada azkenaldian errepikatzen den beste solasgai bat ere: gerra (bat behintzat) gure larruazalean bizitzea tokatuko zaigu. Eta tarteka zalantza pizten da: guk biziko dugu, ala gure seme-alabei gordeko diegu oparia?

1990eko eta 2000ko hamarkadetan soldadutza desagerrarazi zuten Europako herrialde ez denek baina baina bai gehienek. 2010eko hamarkadan atzera egin zuten Norvegiak (2015), Lituaniak (2015) edo Suediak (2017). 2023an Letoniak berrezarri zuen derrigorrezko soldadutza. Eta 2025ean inboluzioa beldurtzeko modukoa izan da: Danimarkak inoiz ezabatu ez duen soldadutza emakumeei ere inposatu die; borondatezko soldadutza onartu dute Frantziak, Belgikak, Errumaniak; borondatezkoa Alemaniak ere, baina boluntario nahikorik lortu ezean derrigorrezko bilakatzeko aukerarekin; derrigorrezkoa Kroaziak.

Gizartea, ekonomia eta lanpostuak gerrari eta esplotazioari zenbat eta lotuago, orduan eta arazo handiagoa bakea eta justizia

Bien bitartean, enpresariak, komunikabideak zein politikariak gerrek eta gerra mehatxuek zabaltzen dituzten aukerak aprobetxatzera dei egiten digute behin eta berriro. Abenduaren 23an Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legeari aldaketa egin zioten EAJk eta PSEk, zeinaren ondorioz ordura arteko debekua indargabetu eta “sektore publikoak armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoitzi, merkaturatu eta finantzatu ahal izango duen”, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak salatu zuenez. Martxoan Ukrainako Gobernuak bidaia ofiziala egin zuen Espainiara eta Zelenskik Sener euskal enpresaren Tres Cantoseko (Espainia) lantegia bisitatu zuen, Sendagorta familiaren enpresak Ukrainako Fire Point, Luch eta Radio armagintza enpresekin sinatutako lankidetza akordioak bedeinkatzeko. Euskadi da Defentsako inbertsio-bultzadaren onurarik handiena jaso duen autonomia, ospatu du El Correo-k larunbata honetan bertan. “BBVAren azterlan baten arabera, EAEko hamar enpresatik ia bi [%18] sektore horri lotuta daude zuzenean edo zeharka”, azaldu du, eta gehitu onuradunen zerrendako erkidego azpi-txapelduna Nafarroa dela, enpresen %16arekin. Lagun antimilitarista batek ohartarazi dit Vocento taldeko egunkariak BBVAren txostenaz egin duen interpretazioa ez dela batere zorrotza, baina berdin da esanguratsua ustezko lorpenari egindako gorazarrea.

2024 amaieran Gasteizkoak talde antimilitaristak produkzio militarrarekin lotura duten Hego Euskal Herriko enpresa eta erakundeen zerrenda berritu zuen: 2009an gutxienez 70 ziren; 2024an 206, hirukoitza. Ordutik hona, urtebete eskasean eta propio ikerketarik egin gabe, dozenaka gehiago identifikatu dituztela eta gutxienez 290etik gora direla azaldu berri dit Gasteizkoak-eko kideetako batek.

Gizartea, ekonomia eta lanpostuak gerrari eta esplotazioari zenbat eta lotuago, orduan eta arazo handiagoa bakea eta justizia: krisi eta beldur garaiotan, Senerrek kaleratzeak iragarriko balitu Ukrainako gerra amaitzearen ondorioz produkzioa jaitsi behar duelako, manifestazioak antolatuko genituzke lanpostuak defendatzeko eta euskal erakundeei inbertsio planak eskatzeko?

“Soldadutza tokatuko zaie gure seme-alabei”, edo “gerra biziko dugu guk edo gure txikiek”. Lehenbizikoz ahoskatzean asaldagarri, amorragarri, borrokagarri suertatzen da; bigarrengoz, kezkagarri; hirugarrengoan, pixka bat desatsegin baina erabat ekidinezin; laugarrengoan, txantxa bihurtzen da garagardo eta garagardo artean, edo paisaiaren parte umeak parkean jolasean ikusten ditugun bitartean. Baina ez gaude sekuentzia horretara kondenatuak, ezta errealitate honetara ere.


Militarismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.