“Gure hizkuntza eta kultura mantendu nahi ditugu, baina ezin dugu jendea bazter batean utzi”

  • Elizondo eskola publikoak Kulturartekotasunaren besta ospatuko du ostiral honetan, herriko plazan. Zuriñe Zubillaga eskolako zuzendariak esan du hezkuntza komunitatea indartzea dutela helburu.

Elizondoko ikasleak, maskara desfilean erabiliko dituzten maskarak jantzita. Eskolan egin dituzte, herrialde desberdinetako jaialdi eta kulturetan oinarrituta.

2026ko ekainaren 5ean - 06:36
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Azken urteetan migrazio prozesu “nabarmena” izan da Elizondoko herrian zein eskola publikoan. Zuriñe Zubillaga Elizondoko eskolako zuzendariak emandako datuen arabera, ikasleen %47 inguru Baztan inguruan sortutakoak dira, eta %53 inguru migrazio prozesu baten bidez etorritako familietakoak. Horietatik, %40 Latinoamerikatik etorri dira. Horrez gain, Errumania, Frantzia, Maroko eta beste leku askotatik etorritako familiak daude. Zubillagak aipatu du “errealitate berria” dela, eta eskolan “prozesuan” daudela eta “ikasten” ari direla: “Ikusten dugu eskola publikoa anitza dela, eta aniztasun horri erantzun egoki bat eman behar diogula. Horregatik ari gara kulturartekotasuna lantzen”. Ildo horretan, ekainaren 5 honetan Kulturartekotasunaren besta antolatu dute herriko plazan.

Ikasturtero hezkuntza komunitatea “indartzea” bilatzen duen proiektu bateratu bat egiten dute eskola guztiarentzat, eta aurtengo besta horren emaitza da. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleengandik jaio da proposamena. Plazan eginen dute uste dutelako herri osoaren errealitatea dela: “Ikusgarritasuna sustatu nahi dugu, baina ez dugu tirita bat izan nahi. Besta gure errealitateari keinu bat da”. Hortaz, besta hasiera besterik ez da.

"Ikusi nahi dugu nola egin gurea mantentzeko eta aldi berean migrazio prozesu batetik datozen familien eta ikasleen identitatea babesteko eta errekonozitzeko"

Zubillaga ikasleen hezkuntza prozesuan kulturak duen garrantziaz mintzatu da: “Arras garrantzitsua da umearen eta familiaren jatorrizko kulturara pixka bat egokitzea, beraiengana iristeko eta kohesioa eta konexioa sortzeko”. Hala ere, uste du euskara hizkuntza gutxitu bat den heinean “erronka handia” dela. Hausnarketa prozesuan daude, ikusten nola hartu neurri egokiak: “Ikusi nahi dugu nola egin gurea mantentzeko eta aldi berean migrazio prozesu batetik datozen familien eta ikasleen identitatea babesteko eta errekonozitzeko”.

Konexioak sortzen

Aipatu du ere elkarrenganako enpatia eta komunikazio faltak “deskonexioa” sortu dezakeela: “Besoak zabalduz, maitasunez eta kohesiotik eta konexiotik landu nahi dugu. Amelia Barquinek dioen bezala ez daitezela identitate erreaktibo horiek sortu”. Kultur aniztasuna “aberastasun” iturri dela dio, eta aukera berdintasuna bermatu beharra dagoela: “Bertako herritar batzuen beldurra da seme-alabek euskara galduko ote duten. Uste dut aurreiritziak direla. Ama bezala esaten dut, nire alabak euskaldunak dira, baztandarrak, eta euskaren kulturaren parte. Ezin gara beldur honekin bizi, segregaziora eramaten gaituelako”.

Ez dute formula magikorik, baina poliki-poliki txertatu nahi dute kulturartekotasuna egunerokoan: “Gure hizkuntza eta kultura mantendu nahi ditugu, baina ezin dugu jendea bazter batean utzi. Beti defendatzen dut ikasleak eta familiak Baztango herritarrak direla. Kontuz ibili behar gara sortu daitekeelako inongoa ez sentitzearen mina”. Elkartruke horren emaitza da Kulturartekotasunaren besta. Zapotxin eta Pontx pailazoek 10:00etan emanen diote hasiera bestari. Horrez gain, kultur askotako dantzak, postuak eta erakustaldiak egonen dira.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Kultura aniztasuna kanalean gehiago
2026ko apirilaren 29
Berriketa gutxi
Zapatarik gabeko eskelak

2025eko otsailaren 26
Teknologia
Suaren inguruan

2021eko uztailaren 25
“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...