Gure haurrek euskaraz ikasten dute. Gurasoak eta euskaltzaleak gira

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ipar Euskal Herriko hautetsiz eta Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkariz osaturiko delegazioaren azken hilabeteotako negoziaketen ondotik, Seaskaren eta herri mugimenduaren mobilizazioa eta hautetsien mozioari esker, baina batez ere ikasleen deklarazioa eta determinazioz betetako erabakiari esker, ulertzera eman zaigu euskaraz pasako dituzten matematikako frogak zuzenduak izanen direla. Iragarria izan da 2028tik aitzina, bi berezitasunetatik bat eta dagokion ahozko handia euskaraz pasatzeko dekretua heldu den hilabetean idatziko dela. Hala beteko bada, aitzinamendu handia izango da. Bestalde, Seaskak zor zaizkion postuak negoziatuko ditu errektorearekin.

Gure historian zehar, euskaraz bizi ahal izateko lortu den urrats bakoitza, gizarte mugimenduen borrokaren bitartez kausitu da. Azterketen kasuan berdin. Brebeta euskaraz pasatzeko erdietsi ziren aitzinamenduak, ikasle, guraso eta irakasleen determinazioari esker erdietsi ziren. Ezin dugu ahantzi Donapaleuko zuzenketa zentroaren hiru eguneko okupazioa 2021ean, edo Baionako inspekzioarena 2022an. Bost egunez egon ginen han, poliziarengandik gasatuak eta joak izan ondoan. Beste mobilizazio batzuk ere gogoan ditugu, hala nola Bordeleko errektoretzaren blokatzea, edo hiri berean ikasleekin egindako manifestazioa. Bide beretik, desobedientzia jarrerak azpimarratzekoak dira. Izan irakasleek brebetaren zuzenketa ez egitea, edo baxoaren ahozko handian euskarari bere lekua de facto ematea. 

Gure haurrek matematikako gaia euskaraz pasatzeko deliberoa hartu dute. Hautu kementsu hau bururaino eramanen dute eta txalotu nahi ditugu

Mugimendu handi honek, Herri Elkargoak zuzenketa alternatiboak balioestea eta sustengatzea eragin zuen. Horrela, Ipar Euskal Herriak jarrera irmoa erakutsi zuen, hainbestekoa non gure ahotsa Frantziako Asanblada Nazionalean entzunarazi genuen. Oraingoan eskaerak egin dira, gutunak eta 15 mila mail igorri ditugu errektoretza eta hezkunde nazionaleko bulego desberdinetara. Hautetsiek mozio bat izenpetu dute, Seaskak tinko defendatu ditu gure ikasleen eskubideak. Ikas-Bi, Euskal haziak eta Biga Bai elkarteekin batu gira. Gisa berean, sail ezberdin guzietako irakasleek azterketak euskaraz iragaiteko eskakizunarekin bat egin dute. Erabateko mobilizazio horrek aitzinarazi du negoziaketa. Herri mugimendu hori anitza da, euskal gizartea zeharkatzen du: ikasle, irakasle, guraso, hautetsi, eta mugaz bi aldeetako euskaltzale guzien arteko dinamika batek lotzen gaitu. Eskerrik beroenak elkartasun sendo hau eratzen duzuen katebegi bakoitzari.

Hala ere, aurtengo frogak pasa aitzin, gure ikasleek ez dute beren kopiak zuzenduak izango direla segurtatuko lukeen agiri ofizialik. Guraso gisa, ezin hitza eman urte osoan ikasi dutena ebaluatua izango dela, baxoa beste edozein hautagairen baldintza beretan pasako dutela. Ikasle eta gurasoak presiopean eta ezjakintasunean utziz, bizitzako momentu garrantzitsu honi estresa, arrangura eta egonkortasun eza gehitzen zaizkio. Sinets eta fida dio estatuaren leloak, herriaren esperientziak aldiz, ikus eta sinets. Euskaldunon funtsezko hizkuntza eskubideak ez dira oraino bermatuak, eta hori, betiere onartezina da.

Gure haurrek matematikako gaia euskaraz pasatzeko deliberoa hartu dute. Hautu kementsu hau bururaino eramanen dute eta txalotu nahi ditugu. Beren azterketak arriskuan ezarriz, hori baino askoz zabalagoa den erronka bat ematen dute mahai gainean, interes pertsonaletatik haratago, ondasun kolektiboa lehenetsiz.

Gure haurrek hartutako erabakiaz harro gira. Doakiela gure hitza: baxoa euskaraz lortu arte, zuen alde eta zuekin bat, urte oro hor izango gaituzue! Ikasleei sustengu eta indar emateko, heldu den ekainaren 12an, 09:30ean, goazen Etxepare lizeora!

Azterketak Euskaraz kolektiboko gurasoak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...