“Gure haserrea eta amorrua antolatu beharra dugu, oldarraldiari tamainako erantzuna emateko”

  • Oreretako Euskaltzaleon Pizkundea deitu kolektiboak jarri du hitzordua: ostiralean 19:00etan Oreretako CCOO sindikatuaren egoitzaren aitzinean. Kolektiboko kide Borja Arbelaitz Villaquirán eta Nerea Izagirre Elizondorekin hitz egin du ARGIAk, baina taldearen gogoeta partekatu izana azpimarratu diote kazetariari, zehazkiago "38 euskaltzaleren izenean" mintzo direla. Mundu mailan zabalduz doan olatu erreakzionarioaren parte ikusten dute euskararen kontrako oldarraldia: "Azken batean, ikusten dute euskaldunon hizkuntza eskubideak bere osotasunean betearazteak ekarriko duela beren pribilegio batzuk kolokan jartzea, beren botere-posizioa berrikusi behar izatea, eta ez dute nahi hori gerta dadin".


2026ko martxoaren 12an - 09:57
Azken eguneraketa: 2026-03-14 09:01
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Elkarretaratzera deitu duzue ostiralerako, Oreretako CCOOren egoitzaren aitzinean. Zein da zuen irakurketa ARGIAren Zein dago euskararen kontrako oldarraldiaren atzean? ikerketak utzitakoari begira? 

Guztiok susmatzen genuena frogatu da oraingoan: talde antolatu bat dabil oztopoak jartzen euskara erakundeen hizkuntza bilakatzearen aurka. Talde horrek, gainera, lotura estua du CCOOrekin; hortaz, nabarmena da estrategia politiko bat dagoela. Hemen ez dago deus inprobisaturik, eta arduradunek izen-abizenak dituzte.

Olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa salatuko duzue ostiralean. Euskalgintzaren Kontseiluak ere salatu du euskararen aurkako oldarraldi judiziala "olatu erreakzionario orokorrarekin" lotuta dagoela… Zer diozue olatu horri begira?

Mundu osoan gertatzen ari da ahulenek bereganatutako aurrerapauso txikiena ere atzera botatzeko olatu erreakzionarioa, eta hor koka dezakegu euskararen eta euskaldunon eskubideen aurkako oldarraldia. Azken batean, ikusten dute euskaldunon hizkuntza eskubideak bere osotasunean betearazteak ekarriko duela beren pribilegio batzuk kolokan jartzea, beren botere-posizioa berrikusi behar izatea, eta ez dute nahi hori gerta dadin. Hor badira eragile batzuk kosta ahala kosta saiatzen ari direnak errealitate injustu hau ez dadila irauli, eta olatu atzerakoi hori elikatzen eta babesten ari direnak: sindikatu eta alderdi politiko jakin batzuk, judikatura... Ez dute onartzen euskaldunok beren eskubide berberak eduki ditzakegunik ere.

"Alderdi euskaltzaleei ere dei egiten diegu asma dezaten lege-ehuntze bat, lege-babes bat, gure eskubideak blindatuko dituena" 

Alta, Euskara Denontzat-eko Sabin Zubirik eta Unidas por la Igualdad Linguística-ko Teresa Peralesek plazaraturiko erantzunean berretsi dute "gehiegizkotzat jotzen dituzten hizkuntza-eskakizunen aurrean galduta edo beldurtuta zeuden pertsona batzuei laguntzen" dabiltzala. Langileen eskubideen alde ari direla defendatzen dute. Zein da zuen iritzia horren aurrean? 

Azken boladan nonahi irakur dezakegu badela jendea, badirela gizonak, uste dutenak genero-berdintasuna eta feminismoa urrunegi joan direla, noiz eta oraindik bide luzea dagoenean egiazko parekotasuna lortzeko. Bada, ildo beretik ulertzen ditugu aitzakia merke horiek: "Euskararen normalizazioa urrunegi joan da”. Modu horretan, biktima borrero bilakatzen ari dira, eta borreroak biktima. Horrez gain, ipurdi-bistan geratu dira, Oreretako lan-deialdi publiko honetan helegitea jarri duenak ez baitzuen izenik ere eman; beraz, ez dezatela erabili langileen ustezko defentsa hori. 

Errenteriako Udalak ere asteazkenean egin du prentsaurrekoa. Irailean izango da epaiketa, eta Aizpea Otaegi alkateak adierazi du ezarritako hizkuntza irizpideen aldeko ebazpena lortzeko ahalegin guztiak egingo dituztela bertan: "Bitarteko guztiak jarriko ditugu helegite honek aurkako ebazpena izan eta deialdiak aurreikusitako baldintzekin aurrera egin dezan". Zer nolako hartu-emana duzue udalarekin edo ze elkarlan nahiko zenukete? 

Euskararen egoera erabat normalizatu dadin, esparru sozial, politiko eta instituzional guztiok eman behar dugu zerbait. Hortaz, udalaren papera ere funtsezkoa da Oreretako euskal hiztunon eskubideen defentsan. Horrenbestez, udalari dei egiten diogu ez dadin kikildu eta ez dezala eman atzerapausorik bere politiketan. Era berean, egia ere bada legediak zirrikitu gehiegi uzten dituela epaileek gero atzera bota ditzaten eremu lokalean hartutako erabaki asko; beraz, alderdi euskaltzaleei ere dei egiten diegu asma dezaten lege-ehuntze bat, lege-babes bat, gure eskubideak blindatuko dituena eta ez diona aukerarik txikiena ere utziko epaile eta sindikatu horiei, espainolismo atzerakoienaren ordezkari direnak. 

"Interesgarria izan daiteke lan-deialdian aurkeztu diren 800dik gora herritarrei dei egitea, beraiek ere antola daitezen eta erantzun irmoa eman diezaioten lan-deialdi hau etetea eragin duten horiei"

Elkarretaratzera deitzen duzue ostiralerako. Zein mezu duzue herritarrei luzatzeko?

Pizkundeak berak egin zigun euskaldun guztioi deia antolatu gaitezen eta esfortzu handiz irabazitako apur hori defenda dezagun, baita aurrerapausoak emateko ere. Gure haserrea eta amorrua elkartu eta antolatu beharra dugu, oldarraldiari tamainako erantzuna emateko eta argi uzteko hemen badela herri bat, tinko dioena ez dutela desagerraraziko.

Beste zerbait gehitu nahi duzue?

Pasa den astean jakin zenean lan-deialdiari helegitea jarri ziotela eta udalak prozesua etetea erabaki zuela, Oreretako PSE atera zen honelako hitzak erabilita: "Hizkuntza eskakizunen inposizioa", "hizkuntza inposaketa", eta abar. Bada, Oreretan hizkuntza bakarra inposatzen da: gaztelania. Gurea erabat erdaldundutako herria izan da eta da; eta, orain, herri-mugimenduak lehenik eta udalak ondoren, erabaki dugunean herri euskalduna izango garela, halakoekin datozkigu. Hortaz, "Euskara denontzat" sasiplataforma eta sindikatu espainolistez gain, halako alderdien erantzukizuna ere nabarmendu behar dugu; beren konplizitaterik gabe, Oldarraldiak ez luke aurrera egingo.

Era berean, interesgarria izan daiteke lan-deialdian aurkeztu diren 800dik gora herritarrei dei egitea, beraiek ere antola daitezen eta erantzun irmoa eman diezaioten lan-deialdi hau etetea eragin duten horiei. Ez dezagun ahaztu langilegai horiei guztiei ere ukatu nahi dietela euskaraz lan egiteko eskubidea.

Ostiral honetan eginen dute elkarretaratzea, euskararen kontrako oldarraldiaren kontra. Irudia, protestara deitzen duen kartela.

 


Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.