Gure etxea sutan, hau tankea, hau emakume bat hilda


2005eko maiatzaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Sudango Darfur eskualdean gertatzen ari den sarraskiaren lekukotasunak ekarri dituzte Human Rights Watch erakundeko bi ikerlarik. Argazki eta telebista kamerarik apenas iristen den Khartumgo gobernua "etnia garbiketa" burutzen ari den herrietaraino. Baina bertako haurrek gorde dituzte argazkiak. Darfur-en Sudango gobernua "etnia garbiketa" eta gizadiaren kontrako krimenak ari da burutzen egunero. Munduko komunikabide handien eta agintari nagusien jakinaren gainean gertatzen ari da izugarrikeria hori, baina ez dirudi sarraskia baretuko duenik dagoenik. Darfurretik Txadera ihesi egindakoen irudiak ikusi ditugu, beren kanpalekuetan, eta errefuxiatuen malurren berri eman zaigu. Baina Darfur bertako irudiak falta ditugu. Orain, kasik oharkabean, Human Rights Watch (HRW) erakunde amerikarrak bertara bidalitako bi begiraleren eskutik iritsi zaigu "esklusiba grafikoa". Annie Sparrow eta Olivier Bercault medikuak bidali zituen HRWk Txad eta Sudan arteko mugan dauden errefuxiatu zelaietara, hango deserrian etxera noiz itzuliko zain daudenen egoera aztertzera. Balizko babesleku horien inguruan ere oraindik hilketa eta bortxaketak gertatzen ote direnez jakitera. Informazio bila, hainbat herritar, irakasle eta zelaietako nagusirekin mintzatu dira. Olivier Bercaultek elkarrizketak egiten zituen bitartean, Anie Sparrow pediatrak haurrei esaten zien nahi zutena marrazteko. Eta hauek beren buruetatik uxatu ezin dituzten eszenak pintatu dituzte: "Janjaweed" milizien erasoak, Khartumgo gobernuaren hegazkinak bonbaka, tiroketak, herrixkak sutan, emakumeen harrapaketa, eta Txaderako ihesa. Sparrow eta Bercaulten zenbait iritzi audioan daude eta garbi entzuten dira HRWren web gunean. Bercault honela mintzo da frantsesez: "Gurasoekin hizketan ginen bitartean, haurrei paperak eta kolorezko lapitzak banatzen genizkien. Haurrek marraztu dizkigute borrokak, suntsiketak, emakumeen bortxaketak... eszena krudelak. Irudi horiek asko hunkitu gintuzten. Irudiok egitea haurrentzako lasaigarria izan da, sendagai baten balioa dute; baina horretaz gain lekukotasun balioa ere handia dute. Khartumgo gobernua bere armadarekin eta Janjaweed milizien bidez egiten ari den krimenen irudiak ditugu lehenbiziko aldiz. Informazio iturri garrantzizkoa dira eta egunen batean auzitegian erabiltzeko moduko froga ere bai". 2003tik dago gerran Sudan mendebaldeko Darfur eskualdea. Hango gerrillari matxinoei babesa ematen dietelakoan, herritarrei erasotzen diete Khartumgo erregimeneko indarrek. Armadak batzuetan zuzenean hartzen du parte triskantzan eta beste askotan "begirale" itxurak egiten ditu; sarraski gehienak, herritarrak (emakume, haur eta zaharrak barne) akabatzea, herriei su ematea, eta beste lan zikinak, Janjaweed izeneko miliziek burutzen dituzte. 100.000 hildako bi urtetan Janjaweed hauen irudi batzuk (ez gehiegi) ikusi ditugu, beren gameluen gainean herriei eta errefuxiatu zelaiei erasotzen. Birrintzen hasita, islamaren aldarria egiten duten miliziano horiek meskitak kiskali dituzte, apez musulmanak hil eta herritarren koranak erre. Darfurreko Fur, Masalit eta Zaghawa etnietako herritarrak ere musulmanak baitira, beren erasotzaileak bezala. Nazio Batuen erakundearen kalkuluetan bi milioitik gora herritarrek egin dute ihes beren etxeetatik. Milioi erdi bat auzoko Txaden dago babestuta, munduko herrialderik txiroenetako batean. Etxera itzultzekotan, askok ez lukete ezer aurkituko: beren etxeak erre, aziendak akabatu eta tresna guztiak birrindu dizkiete. Baina osorik dauden herrixketara ere ez dira ausartzen itzultzera, berehala hilko dituzten beldurrez. Bi urteotan gerrak 100.000 herritar baino gehiago hil du. Eta nazioarteko presioengatik Khartumgo gobernuak gauzak konpontzea agindu badu ere, sarraskiak bere horretan dirau. HRWko begirale hauek, hain zuzen, ez dira joan Darfurreko lekurik arriskutsuenetara, horretarako baimenik ez zuten eta. Sudan eta Txad arteko mugan diren kanpalekuak eta teorian bederen babestuta daudenak bisitatu dituzte, horiei ere Janjaweedek erasotzen dieten eta bertan hilketak eta bortxaketak gertatzen direnez jakiteko. Orriotara ekarri ditugun irudiak kanpaleku horietako haurrek eginak dira. Marrazkietako batzuk, ikertzaileek jende helduarekin hitz egiten zuten bitartean haurrek eginak dira. Beste batzuk berriz haur eta gaztetxoek beren kasa egin dituzte eskolan dituzten kaiera edo liburuetan. Eta Sparrow eta Bercault medikuek ekarrita HRW erakundeak horietako batzuk eskegi ditu bere web gunean, lekukotasun zorrotzak direlako. Abd al-Rahmnan da marrazkigileetako bat. 13 urte ditu eta HRWko begiraleak galdetu dio ea zer den bere irudietan ageri dena. "Ni artaldea zaintzen ari naiz gure wadi (oasi) inguruan. Janjaweedak datozela ikusi dut, azkar, zaldi eta gameluetan, Kalashnikovak daramatzatela, tiroka eta oihuka: 'Akabatu esklaboak, akabatu beltzak!'. Gizon asko eta animaliak hil dituzte. Jendea ikusi dut lurrean etzanda eta odoletan. Haurrei segika hasi dira. Gutako batzuk harrapatu dituzte, eta ez ditugu gehiago ikusi. Azienda guztiak ostu dizkigute: gameluak, txekorrak, ardiak eta ahuntzak. Gero aireplanoak etorri dira eta herria bonbakatu dute". Leilak 9 urte ditu eta HRWko ikerlariak bere marrazkiaz galdetu dio. "Zer dago hemen?" "Gure etxola sutan dago bonba batek jota". "Eta hemen zer dago?" "Hau emakume bat da. Hilda dago". "Zergatik pintatu diozu burua gorriz?" "Aurpegian tiro eman diotelako". "Zer da auto hau? Eta berdez margotutako gizon hau?" "Ez da autoa, tankea da. Eta berdez jantzita dagoena soldadu bat da". Ala-k 13 urte ditu; gerrillari matxinoen eta Janjaweeden borroken lekuko izan da. Bere margoan erakutsi du matxinoa estraina besoan zauritu dutela eta ondoren exekutatu egin dutela barrabiletan tiro eginez. Honen esanahia kanpalekuko irakasle Alik ulertarazi die ikerlariei: zauritzeaz gain zikiratu egiten dituzte horrela. Salah-k 13 urte ditu. Hona zer margotu duen: "Sudango soldaduak, Janjaweedak, abioiak eta bonbak egin ditut. Janjaweedek neskak eta emakumeak harrapatzen zituzten. Emakumeak garrasika ari ziren. Haiek heldu eta bortxaz hartu zituzten. Politenak eraman egin zituzten... Neskatilak harrapatu zituzten, txikiak ere bai, 5, 7 eta 14 urtekoak. Batzuk agertu ziren lau edo bost orduren ondoren... Besteak ez ditugu berriro ikusi". 12 urte ditu Jamilek eta bere marrazkia kolore bakarreko irudi estilizatu batzuek osatzen dute. "Janjaweedak gamelu eta zaldietan azaldu ziren bat-batean. Gamelu batzuen gainean bi gainera. Fusilak zekartzaten. Hemen soldaduak fusilekin. Guri tiroka ari ziren". Marrazkietako batean, herritar batek, bera baino handiagoko irrati transmisore bat darama. "Laguntza behar dugu -dio- inork ez gaitu babesten". Informazio gehiago: Ikusi irudi guztiak Human Rights Watch-en gunean Darfur eta Sudaneko berriak AllAfrica gunean Darfur Information Center Darfur eta bertako gatazka Wikipedia-n Sudango Gobernuaren gunea

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude