Gure ‘burrundaie’


2026ko urtarrilaren 27an - 11:31
Nekktar Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Udane Barinagarrementeria Laka.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nekktar, Mirotz eta Borla 

Non: Hori Bai gaztetxean, Larrabetzun (Bizkaia).
Noiz: Urtarrilaren 9an.

-----------------------------

"Imajinatzen duzu beste bizitza bat posible dela? Noraez honen alternatibarik egon daitekeela?”. Hori galdetu digu bozgorailuetatik gaztelerazko ahots musikatu batek Hori Bai gaztetxean sartzean. Biznaga taldearen ¡AHORA! (2024) diskoa dago jarrita 60. urteurrena ospatzen ari den eta pixkanaka jendez betetzen ari den eraikinean. Orduak jota egon arren lasai dago giroa oraindik, eta tragoak eskatzera hurbildu naiz barrara. Txanda egiten ari den bat eta nire ondoan eskatzeko zain zegoen beste bat harrapatu ditut, neu bezala, ahapeka abesten: Si el desencanto afecta con razón, el еntusiasmo es la resistencia: la última еxpresión de radical belleza… (Desengainuak arrazoiz eragiten badu, entusiasmoa erresistentzia da: edertasun erradikalaren azken adierazpena). 

Debekuaren seinalea daramaten olagarro, gamelu eta txakur bana daude sabaian. Palestinako bandera eta transfeminismoarenarena leiho ondoan. Eraso bat ikusi edo biziz gero, barrara hurbiltzeko dioten kartelak hormetan. Oholtzan ari da Nekktar Durangaldeko hirukotea, Hordago Larrei (2025) lehen diskoa plazaratzen dabilena. Jatorpunk gisa definitzen dute egiten dutena, ari direlako, ziurrenik, lagunartean eta norberaren zein lagunen kezkez: “Albuen egon arren ez dakit nun zagozen. Nere itzaletan galdute, zure argi izeten saiatzen […] Munduai aurrez begitzeko beldurra galdu arte”; “Asteko egunak zenbatzen, ez daukagunaz amesten […] Nahiz eta betiko ezer ez den hemen, behintzet batu gaitezen”. 

22:00ak jotzerako Durangaldeko punk-rocketik pop makarra gasteiztarrera eraldatu da giroa. Dantzarako beroago dago orain gaztetxea, Mirotz hirukoteak Lore Bat Landatzeko (2025) lanean diharduela. Abesti melodikoak, autotunea eta, tartean, “zuen erreinua edo gure miseria” eta “amildegian zer zabizie bilauten?”. 

Eta jarraitzeko, pop, pop eta pop gehiago Iruñetik. Afinitate elektrikoen magia oholtzan eta errepikak eta koruak egiten, treguarik gabe, jendea: “Egun bat gehiago etxea garbitu gabe, kaferik ez dago gaur ez da gosaltzen” edo “Acostumbrados al puto ruido, cien cañonazos no es más que ruido” (Zarata putara ohituta, ehun kanoikada zarata besterik ez da). Eta agurtzeko, Jotakie taldearen bertsio bat. 

 
Ez da bakarra izan, dena dela. Itoiz, Jota Martina, Lukiek, Futuro Terror eta identifikatzen jakin ez dudan besteren batzuk ere aditu ditugu Hori Bain. Eta pentsatu dut, “kriston burrundaie” abestu bitartean, ez ote duen gaurko gauak gure belaunaldiaren irudi eta soinu-banda baten tankera. Aurrekoek sortutakoetatik edaten duen arren, gure soinu-bandak ez baitu aurrekoen soinu bera. Genero musikalen aurreiritzietatik aldendu eta horien nahasketatik sortzen den “burrundaie” da gurea; musikaren zentzu politikoa genero musikalak baino, musika ulertu, egin eta bizitzeko moduak egiten duenaren konbentzimendua duena —popa edo autotunea herriarentzat direnarena, alegia–. Eta belaunaldi honek dituen minez eta min horien aurrean egiten (ez) dugunaz osatuta dago; lagunez, faxismoaz, maiteminaz, osasun mentalaz, noraezaz eta desengainuaz. Maitasun-kantu diren gerra-deklarazioez.                                                                                                                                         
 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.