Gurdi Gaztetxea jaio da, Laudioko gune autogestionatu berria

  • Gurdigilea jatetxea zenaren eraikina okupatu du Suberri Gazte Asanbladak espazio autogestionatu berria sortzeko: Gurdi Gaztetxea. "Gazte antolakuntzan herrian izandako hutsuneei" aurre egiteko helburuarekin jaio da espazio berria. Astelehen iluntzean egin dute irekiera ekitaldia.

Landaluze kaleko 50. zenbakian dago gaztetxe berria. Aiaraldea.eus

2026ko urtarrilaren 7an - 12:49
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Suberri Gazte Asanbladak Landaluze auzoko Gurdigilea jatetxea zenaren eraikina berreskuratu berri du, Laudion (Araba) espazio autogestionatu berri bat garatzeko asmoarekin. Gurdi Gaztetxea izenarekin jaio da espazio berria eta "azken urteetan Laudion gazte antolakuntzarako izandako hutsuneei aurre egiteko helburua" izango du, Suberriko kideen hitzetan.

"Urduritasun eta ilusio handiko" egunak datozela iragarri du Suberri Gazte Asanbladak, eta herriko gazteen parte hartzea ezinbestekoa dela azaldu dute. Espazioa berpiztea dute lehenengo urratsa, "herriak arnasgune euskaldun, transfeminista eta autogestionatua izan dezan".

Funts putre baten eskuetan, orain arte

Gurdigilea jatetxeak hamar urte baino gehiago darama hutsik, eta Blackstone inbertsio-funts estatubatuarraren esku dago. Funts hori munduan da ezaguna higiezinen merkatuan izandako jarrera oldarkorragatik, eta eragile ugarik "funts-putre" izendatu dute horregatik.

Gurdigilea jatetxeak hamar urte baino gehiago darama hutsik, eta Blackstone inbertsio funts erraldoiaren esku dago

"Urrats honen bitartez funts putre baten eskuetan zegoen eraikin abandonatu bat herriarentzat berreskuratu da", azpimarratu dute Suberriko kideek okupazioaren berri emateko zabaldutako bideoan. Izan ere, espazio autogestionatu berri bat sortzeaz gain, "Laudion nagusitzen ari den espekulazio merkatua" salatzeko ere baliatu dute ekintza, "Laudio salgai ez dagoela" aldarrikatuz.

Irekiera ekitaldia

Urtarrilaren 5ean zabaldu ditu ateak Gurdi Gaztetxe berriak. Irekiera ekitaldia 19:00etan egin dute. Aurreratu zuten bezala, iluntze berezia izan da honakoa, "askoren lehena". Irekiera ekitaldiaren aurretik, Zubiko Kurajo kaleko tabernen espazioa (Zubiko Malekoian) jarri dute batzeko hitzordua, 18:30ean.

Baina irekiera ekitaldia ez da Gurdi Gaztetxearen egutegian gorriz markatutako egun bakarra. Dagoeneko iragarri dute espazio autogestionatuko hormen artean egingo duten beste ekintza bat. Hain zuzen ere, bertso afaria antolatu dute datorren urtarrilaren 9rako, 20:30ean. Izar Mendiguren eta Asier Alcedo bertsolariak arituko dira afaria girotzen. Tiketak Ilargi, Keska, El Lio eta gaztetxean bertan jarriko dituzte salgai.


Gaztetxeak kanalean gehiago
2025eko abenduaren 10
Koldo Otamendi, Kojo musikaren errepidean
"Niretzat, musikak funtzionatu behar du argiak itzalita"

2025eko urriaren 2
Koldo Otamendi. Musika Zuzenean-ek 15 urte
"Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona"

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin