Tantaka kideak galtzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ikasturte honetako apustu handienetakoa: ikasleen segregazioa gainditzeko neurriak adostea helburu duen mahaia. Bai atera direnek, bai barruan jarraitzen duten ahots kritikoek diote propaganda ariketa baino ez dela mahaia.
Segregazioaren aurkako itun soziala lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako 50 bat eragileren parte-hartzearekin abiatu zen foroa ikasturte hasieran. “Benetako inpaktua” izango duten neurriak adostu eta martxan jartzeko “erronka izugarria” zutela iragarri zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hiru fasetan banatuta (diagnostikoa partekatzea, ikuspegi eta printzipioak definitzea, eta estrategiak diseinatu eta neurriak zehaztea), prozesua maiatzean borobildu nahiko luke administrazioak.
Kontua da, parte-hartzaileetako batzuk hasiak direla salatzen foroak gutxi duela forotik, eta gehiago dela aurrez erabakitakoa eragile ugariren itun gisa saltzeko saiakera. EHIGE guraso elkarteen federazioak astearte honetan egin du salto barkutik, eta esanguratsua da, eskola publikoko gurasoen ordezkaritza gorena direla aintzat harturik. Oharrean adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak eragileei helarazitako diagnostikoa partziala da eta aurreko ikasturteetan dagoeneko aplikatzen diren neurriak mantentzea edo indartzea proposatzen du, baina “ez da adierazle egiaztagarririk aurkeztu neurri horiek segregazioa murrizteko eraginkorrak direla ondorioztatzeko. Aitzitik, eskuragarri dauden datuek agerian uzten dute arazoak bere horretan dirauela, eta kronifikaziorako joera ere badagoela”. EHIGEk egin dituen ekarpenak ez dituztela aintzat hartu eta diagnostikoaren bigarren bertsioak ez duela ezer berririk ekartzen gehitu dute. Metodologiaz ere oso kritiko mintzatu dira: “Parte-hartze prozesu erreal bat izan behar denaren antitesia da”, ez baitago, beren hitzetan, azterketa partekaturako, eztabaidarako eta ondorioak kontrastatzeko aukerarik.
Parte-hartzaile batzuk hasiak dira salatzen foroak gutxi duela forotik, eta gehiago dela aurrez erabakitakoa eragile ugariren itun gisa saltzeko saiakera
Eskola publikoaren bueltako beste eragile batek, Eskola Publikoaz Harro plataformak, hasieratik ikusi zuen mesfidati prozesua, eta orain EHIGEk bezalatsu, betiko politikak babesteko tresna izatea egotzi zion mahaiari. Hezkuntza Sailak berriki iragarri dituen ikastetxeen fusioek ere, segregazioari aurre egiteko neurri bat gehiago moduan aurkeztuak, sare publikoa ahultzen eta murrizten dutela salatu dute.
Aurretik, STEILAS, ELA eta LAB
STEILAS eta ELA sindikatuek hasieratik egin zioten uko prozesuan parte hartzeari. Lehenengoak “itxurazalekeria ariketa” gisa definitu zuen mahaia, “eszenifikazioa” eta “propaganda hutsa”, “kontrako norabidean doazen politikak estaltzeko aitzakia”. Soluzioa “ikastetxeen publifikazio prozesu irmo bat” bultzatzea dela dio sindikatuak, baina administraziotik ez dela halakorik nahi. ELAk hiru oinarri aipatu zituen, segregazioari aurre egiteko: euskarazko murgiltze eredua ezartzea eskoletan; ikasleen aniztasunari eta beharrei erantzuteko baliabideak; eta egungo sare banaketa (publikoa, itundua, erabat pribatua) gainditzea, “erabat publikoa izango den sistema propio baten bidean”. Sindikatuak uste du, ordea, Jaurlaritzak hiru neurri horiei uko egiten diela eta, beraz, horiek gabe mahaiak ez duela zentzurik .
Ez zaio erreala iruditzen diagnostikoak esatea azken urteetako neurriek eskola segregazioari aurre egiteko "aurrerapauso esanguratsuak" lortu dituztela
LABek bai hartu zuen parte lehen saioetan, baina mahaia uztea erabaki zuen, EHIGEk orain aipatu dituen antzeko arrazoiak argudiatuta: diagnosiaren aldebakartasuna, eduki eta neurri errealez ez hitz egitea eta “foroa Hezkuntza Legea ontzat emateko baliatzea”. Are, “zerbait egiten delako sentsazioa emateko sorturiko mahaia” izatea egotzi zion prozesuari. Sindikatuak publikoki aurkeztua du eskola-segregazioari aurre egiteko hainbat neurri proposatzen dituen dekalogoa.
Parte-hartzaile batzuk, “deseroso”
Mahaian parte hartzen jarraitzen duten guztiak ere ez daude prozesuarekin ados. Salaketa publikoa egin dutenen artean dago, adibidez, CCOO sindikatua. Mahaian “gero eta deserosoago” dagoela adierazi du eta aurreko eragileen antzera, “aldebakartasuna” eta “propaganda” aipatu ditu, eta diagnostikoa eta metodologia kritikatu. Adibidez, ez zaio erreala iruditzen diagnostikoak esatea azken urteetako neurriek eskola segregazioari aurre egiteko "aurrerapauso esanguratsuak" lortu dituztela eta nazioarteko azterketek erakusten dutela segregazioa nabarmen txikitu dela. “Ez da egia”.
Parte hartzen ari diren eragile askok bileretan duen “isiltasun handia” azpimarratu du CCOOk. “Eragileak zein diren ikusirik, Jaurlaritzak ziurrenik bermatuta du jada sinadura kopuru esanguratsu bat, emaitza dena delakoa ere itun gisa agertzeko”.
Mahaian parte hartzen duen Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak ere kritikatu du prozesua. Nabarmendu du ez direla beren ekarpenak kontuan hartu diagnostikoan eta kezka agertu du gobernua “ez ote den konprometituago salmenta komunikatiboarekin gobernatzearekin baino”.
Oraindik bidea du egiteko foroak eta ikusi beharko da zer nolako iritzia duten mahaian diren gainerako eragileek. Tartean dira Koordinatzeko Zuzendaritza, EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntzako Ikuskaritza, ISEI-IVEI, Fapacne, Apnabi, UNICEF, Save the Children, Plena Inclusión, Eusko Ikaskuntza, EHU, Deustu, Mondragon Unibertsitatea, BAM, EAJ, PSE, PP, UGT, Interinoak, Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIBE, Elizbarrutia eta Ikastolen Elkartea.
ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.