Gurasoak lagun


2026ko otsailaren 13an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken bolada honetan, testuinguru ezberdinetan, mezu bera edo oso antzekoa entzun dut.

Lehenengoa, duela hilabete inguru, lagun bati. “Nire 16 urteko alaba ezezagunekin geratzen da sare-sozialen bidez eta neuk eramaten dut kotxez behar duen lekura, horrela badakit non dagoen eta, gainera, ez dit gezurra esan beharrik. Berdin-berdin egingo du, horrek ez du konponbiderik, eta horrela, gutxienez, badakit non eta norekin dagoen eta zer egiten ari den”.

Bigarrena, auzokide bati, duela astebete. “Nire 17 urteko semeari eta bere lagunei neuk erosten diet edaria, etxeko hozkailua ostiraletan ikusiko bazenu… gainezka izaten dut. Horrela, bederen, badakit zer edaten duen eta ez dit gezurrik esan behar”.

Hirugarrena, gaur bertan, nire lankide bati. “16 urteko alabari etxeko balkoian erretzen uzten diot. Etxe barruan ez. Neuk erosten diot tabakoa, horrela badakit zer erretzen duen eta ez dit gezurrik esan behar”.

Ezinezkoa al da harreman ona izatea eta geure seme-alaben autoritate-erreferente izaten jarraitzea?

Nerabe horiek egiten dutena ondo ala gaizki dagoen albo batera utzita, hiru kasuetan gurasoen hausnarketa bera antzematen da: "Harreman ona izan nahi dut nire seme edo alaba nerabearekin. Nire gurasoak oso zorrotzak ziren nirekin eta horrexegatik esan behar izaten nien gezurra, baina niri ez, nire seme edo alabak ez dit gezurrik esaten, harreman ona eta irekia daukat berarekin, neuk nire gurasoekin neukana baino hobea".

Zergatik mantentzen ditugu horrelako jarrerak gaur egungo guraso askok geure seme-alabekin? Neuk bi arrazoi nagusi ikusten ditut. Beharbada, adituren batek hausnarketa sakonagoa egingo luke eta taxuzkoago arrazoiak eman.

Lehenengoa eta, nire ustez, pisu handien daukana: ez dugu arazorik nahi. Gure arazo eta oztopoez gainezkako egunerokotasun estresanteari ez diogu arazo gehiago erantsi nahi, eta horrelako jarrerek gure seme-alabekiko heziketa-lana modu errazago batean egiteko parada ematen digute. Ez zaigu istilurik sortzen etxeko nerabearekin aldez aurretik gaizki egingo duen hori kontatu digulako, beraz, aldez aurretik, barkatuta ez ezik, egingo duen ekintza hori nolabait justifikatzen ere saiatzen gara, "neuk ere, gaztetan, gauza bera egiten nuen baina gurasoei gezurra esaten" lelopean. Horren ildotik nire galdera: gezurra ekintza bera baino txarragoa al da?

Bigarren arrazoia: seme-alaben lagunak izan nahi dugu. Harreman ona dugu beraiekin. Egia da gaur egungo gazte gehienek harreman irekiagoa eta sanoagoa dutela helduekin, ez gurasoekin bakarrik. Gizartea, arlo horretan behintzat, aldatu egin da, baina ezinezkoa al da harreman ona izatea eta geure seme-alaben autoritate-erreferente izaten jarraitzea?

Ez da erraza guraso izatea eta gutako askok geuk jasotako erreferenteetatik ihes egin nahian, uste dugu, kontrakoa egiten, ondo ari garela seme-alabak hezten.  

Umeek eta nerabeek erreferenteak eta mugak behar dituzte. Gurasoak behar dituzte, lagunak badituzte eta, zorionez, ez gara gu. 

Jabi Elortza Antia

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.