“Gura izan dut kontzientzia hartzearen ideia ekarri, baina hor geratu barik: kontzientzia hartzea ez bada kolektiboki antolatzen, ez goaz inora”

  • 2024ko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen Irati Bazetak (Abadiño, Bizkaia, 1999) eta aurtengo edizioko lehen egunean aurkeztu du Harien isla, bekatik ateratako uzta. Euskara jendea gaitzat hartuta, larrialdi linguistikoa jarri du bere lanaren erdigunean, eta kontzientzia hartzeak eta ahalduntze kolektiboak ardaztutako lana kaleratu du. Jendea hausnarketara bultzatze helburuz sortutako erakusketak bisita gidatuak izango ditu domekan, abenduaren 7an, arratsaldeko 17:00etan; eta abenduaren 10ean arratsaldeko 18:30ean.

Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2025eko abenduaren 7an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtebeteko sormen prozesuaren ostean, Harien isla erakusketa aurkeztu berri duzu. Zelakoa izan da sormen prozesua?

Intentsitate handikoa, baina aldi berean polita ere bai. Denbora hartu dut, aspaldiko partez, horrelako lan bat egin ahal izateko. Eta lehen aldia izan da erakusketa bat egin dudana: orain arte lan solteak egin ditut, marrazki bat edo dena delakoa, baina ez erakusketa bat, bere esanahi osoan.

Sortzaile batentzat zer suposatzen du Sormen Bekak? Zelan laguntzen du?

Alde batetik, denbora ematen dizu; nik beharra daukat, beraz, aukera izan dut egun batzuk hartu ahal izateko. Eta beste alde batetik materiala erosteko ere balio izan dit, materiala ez da merkea. Nik pintura landu dut, eraz, pintura, mihiseak eta beste erosteko balio izan dit. Eta diruaz gain, Durangoko Azoka plaza garrantzitsu bat ere bada. Niretzako hurbilekoa ere bada, baina era berean, badakizu plaza on bat dela, eskertua.

Pintura landu duzu, baina hemen bestelako elementuak ere gehitu dizkiozu erakusketari. Izenburuak berak, Harien Isla-k, ematen du pistaren bat.

Alde batetik, hariak erabili nahi nituen sistemak irudikatzeko, loturak; momentu batzuetan boterea ere irudikatzen dute, beste batzuetan ahalduntze edo kolektibotasuna, forma ezberdinak hartu ditzake. Eta beste alde batetik, isla erabili dut erakusketa bera galderetan oinarritzen delako, eta gura dudalako ikusleak parte hartu dezan erakusketan. Horretarako, ispilu batzuk daude galdera esplizitu batzuekin; baina, orokorrean nahi dut bultzatu hausnarketa, denaren gainetik hori izan da helburua.

Euskara jendea zenuen gaia, eta ibilbide bat irudikatu duzu: larrialdi linguistikoko kontzientzia hartzetik ahalduntze kolektibora. Zer dela eta?

Kontzientzia hartzea irudikatu dut, eta nire hausnarketak eta nire irudipenak ekarri ditut hona. Baina, egia esan, denetarik dago: kontzientzia hartzetik, euskararen zapalkuntza bera ere gura nuen ekarri, horren inguruan hausnartu eta pentsatu bere bai, zer egingo dugun horri aurre egiteko kolektiboki. Euskalgintzari eskerrak emateko ere aprobetxatu gura izan dut erakusketako lan bat.

Argazkia: Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

Larrialdi linguistikoak ardaztu du, hain zuzen, zure lana. Kontzientziatik ahalduntzera proposatu duzu, ni-tasunetik gu-tasunera. Hori da euskalgintzak behar duena?

Nik baietz esango nuke, bakarrik ez goaz inora. Alde batetik, kontzientzia behar dugu, zapalkuntza batzuk zure bizitzaren parte bihurtzen direnean, nonbaitera joan eta ezin euskaraz egitea, adibidez, normalizatu egiten dituzu, ez zara kontziente hori eskubide urraketa bat dela. Gura izan dut kontzientzia hartzearen ideia ekarri, baina hor geratu barik: kontzientzia hartzea ez bada kolektiboki antolatzen, ez goaz inora.

Ez duzu izan nahi larregi aurreratu, hausnarketa baitu helburu. Baina bisita gidatuak egingo dituzue, zuk gidatuta.

Bai, bi bisita gidatu ditugu aurreikusita printzipioz: abenduaren 7an, domekan, arratsaldeko 17:00etan; eta abenduaren 10ean arratsaldeko 18:30ean. Museoko webgunetik eman daiteke izena. Nire helburua da datorren jendearekin berba egitea, ez dut gura monologo bat egitea, ez naiz horren zalea; eta gustatzen zait galderak egitea. Gustatuko litzaidake elkarrizketak sortzea.

Sormen Beka ez da bakarrik lana, ikusgarritasuna ere bada, gerora emango dizkizun plazak. Zelan ikusten duzu zure sormen ibilbidea hemendik aurrera?

Ez dakit, gaitza egiten zait etorkizunean pentsatzea momentu honetan. Urte osoa eman dut momentu honi begira, eta orain nahiko orainari begira nago. Zabalik nago etorri daitekeen edozein aukerari, poztuko naiz etorriz gero aukerak; hor erabakiak hartu beharko dira. Baina, egia esan, ez dut pentsatu zer etorri daitekeen; irekita nago.


Eguneraketa berriak daude