Bilboko "erdalduntze makinaren" kontra dabiltza borrokan Guka Bilboko Euskaltzaleen Plaza Askeko kideak. Errealitate linguistikoaz kezkatuta, diagnostiko zorrotza egin zuten, eta orduz geroztik, bi fronte eta lubaki asko dituzte borrokatzeko. Gukako kide den Maialen Gagok eman digu partea.
Irakasle batek behin esan zuen euskalduntzearen borroka Gerra Zibilarena bezalakoa dela: Bilbo hartzen duenak irabazten du. Eta gerran bezala, Guka Bilboko Euskaltzaleen Plaza Askeko kideak euskaltzaleen indarrak batzen eta mobilizatzen dabiltza orain dela pare bat urtetik. Helburu argia dute: hirian euskararen alde jende mordoxka batek egiten duen lan eta esfortzu guztia batu, kohesionatu eta eraginkorragoa egitea. Iparrorratza hartu eta Bilboko euskalgintzaren ortzi-mugak, diskurtsoak eta praktikak norabide berean jartzen hasi ziren, baita ontzen ari diren bideari oinarri politikoa ematen ere.
Gerraren metafora erabili dugu, baina Gukakoek beste bat darabilte, Bilbon euskarak bizi duen egoera islatzen duena: kea darion erdalduntze makinarena. Horrekin adierazi nahi dute Bilbon martxan dela makinaria erraldoi bat, euskalduna erdarara bultzatzen duena, edo erdalduna euskaldundu ezinean mantentzen duena. Diote, gainera, makina hori egiturazkoa den heinean kez bete duela hiri osoa, eta ondorioz, itota bizi direla euskaldunak.
Errealitate linguistikoaz "kez-katuta" daude. Gazteen artean, esan digutenez, hezkuntza ez formalean badago arrakala oso handi bat: D eredura doazen haurrak gaztelaniaz entrenatzen ari dira, gaztelaniaz akademietara joaten, gaztelaniaz aisialdia egiten... Ingeles akademietan ere, gaztelaniaz ematen dira klaseak. “Pentsaezina da zumba edo spinning klase bat euskaraz irudikatzea” esan digu Gagok. Kea dago baita ere, esan digunez, tabernetan, kontsultetan eta administrazioko bulegoetan.
Ke hori oskarbitzeko Gukako kideek argi dute hiru gauza behar direla: orube ideologiko sendo bat eraikitzea, euskaraz egiteko aukerak zabaltzea, eta hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak exijitzea. Izan ere, badakite euskarak zerbait behar badu, hori boterea dela. “Ez gara ari estetika konkretu batzuk bultzatzeaz, salbazioa gatazkan dago”, adierazi zuten aurkezpen ekitaldian.
“Euskara badago eskuliburuetan, komunikabideetan, Interneten... euskaraz produzitu da, baina euskaldunok gara jopuntuan eta galzorian gaudenak. Euskaldunon mundu ikuskera eta komunitatea da arriskuan dagoena”
Gagok azaldu digunez, Gukako kideen esku, gehienbat, lehen bi aferak daude. Horregatik, bi fronte dituzte irekita gudan: ideologikoa eta eraldatzailea. Lehenengoarekin, azken urteetan zabaldu den diskurtso bati buelta eman nahian dabiltza, zeinak dioen soilik euskaldunon ardura dela euskararen ezintasuna. Euskaraz egin ahal izateko plazak behar dira, hainbat motatako espazioak hartu behar dira. Eta hori da, hain zuzen, bigarren frontearen helburua: ohituraz erdaraz egiten den espazio eta plazetara euskaraz izango diren eskaintza kultural arrakastatsuak eramatea, une batez bada ere plaza hori euskaraz izateko. Hilabetean behin, Bilboko plaza desberdin batean antolatzen dute ekimena.
Horrez gain, beste hainbat alorretan dabiltza eragiten: aisialdi taldeetako begirale eta entrenatzaileekin topaketak egin izan dituzte hezkuntza ez formalean dagoen errealitateaz hausnartu eta horri buelta emateko; saretu izan dituzte Bilboko euskaltegiak; Aste Nagusiari begira konpartsekin dabiltza lanean, jaiak euskaldunentzako arnasgune izan daitezen; eta abar luze bat.
Egiturazkoa den keari gerra egiteko bi fronte eta lubaki asko. Gerra luze joango da.