Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim berria egin nahi du Urdaibai naturgunean. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarri duenez, 100 milioi euro inbertituko dituzte. Museoa non eraiki nahi duten eta lanak noiz hasiko dituzten ez dute esan oraindik, ezta proiektuan zein erakundek parte hartuko duten ere. Hori bai, Bilbaoren hitzetan, Urdaibaiko museoa ez da Bilbokoaren luzapena edo "satelitea" izango: "Ez da koadro biltegi soila izango, ezaugarri bereziak izango dituen proiektu adierazgarria baizik. Artea, jasangarritasuna, ingurumena eta jarduera ekonomikoa elkarrekin lotuko ditu, bai Busturialdean eta baita Bizkaia osoan ere". Urdaibaiko museoa Bilbokoa baino dezente txikiagoa izango litzateke.