‘Guernica’ obra Euskal Herrira bederatzi hilabeterako ekartzea ukatu du Espainiako Kultura Ministroak

  • Guernica obra bederatzi hilabatez lekualdatzeko Eusko Jaurlaritzak luzatu eskaerari Ernest Urtasun Espainiako Kultura Ministro eta Sumar alderdiko bozeramaileak “ezezko biribila” eman dio. Lekualdatzea ukatu beharrean, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariordeak toki aldaketa bideratu ahal izateko baldintzak zehazteko eskatu dio.


2026ko apirilaren 9an - 09:38
'Guernica' obra Guggenheimera lekualdatzeko eskakizuna ukatu du Urtasunek. Pedro Belleza (CC BY 2.0)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gernikaren bonbardeaketaren eta lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenean, Eusko Jaurlaritzak Picassoren Guernica obra bederatzi hilabetez Guggenheimera lekualdatzeko eskatu du: aurtengo urriaren 1etik 2027ko ekainera bitarte. Bi aste igaro dira Bengoetxeak Urtasuni eskaera egin zionetik, eta ministroak “ezezko biribila” eman dio berriki, berriak jaso duenez.

Memoriarekin “sakonki” lotuta dagoen obra dela ulertzen duen arren eta Gerra Zibilean egin ziren bonbardeaketek eragin zuten “mina” islatzen baditu ere, XX. mendeko margolanik “zaurgarrienetako” bat dela azpimarratu du, “estres” gehiago jaso ezin dezakeena. Hain zuzen ere, teknikoek adierazi dute mugimendu txikienak ere lana kaltetu dezakeela. Azpimarratu du bere lana dela “ondare baliotsua” babestea eta 90.urteurrena gogora ekartzen ari garen moduan, obrak beste 90 urte beteko dituela bermatu behar duela.

Bengoetxeak adierazi du lekualdatzea euskal memoria “indartzeko” baliagarria litzatekeen ekintza “sinbolikoa” litzatekeela eta bigarren “balorazio” baten beharra ikusi du, El Diariok jaso duenez. Ukazioa adierazi beharrean, txostenak lekualdaketarako behar diren baldintza teknikoak jasotzea eskatzen du. Hain zuzen ere, salatu du ezezkoa ez dela soilik kontserbazio kontuagatik, baizik txostenean jaso denez, duen “zentzu, esanahi eta izateko arrazoiagatik”. Horregatik bederatzi hilabeterako lekualdatzea proposatzen dute, Reina Sofia museoak duen “sinbolismoa” galdu ez dezan. Kostuak Jaurlaritzaren kontu egongo direnez eta maila internazionaleko adituen laguntza edukiko dutenez, Bengoetxeak ezezkoa “borondate faltagatik” eman dela salatu du Bengoetxeak.

Igotz Lopezek EAJko senatariak asteartean eutsi dio Senatuan gaiari eta lekualdaketarako “beharrezko baldintzak” ez aztertzeko erabakariaren arrazoiak azal ditzan eskatu dio Urtasuni. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, azterketa posibilitistaren alde egin du eta Espainiako Gobernuari eskatu dio koadroa kalterik gabe nola mugi daitekeen azter dezaten. Aurrerapen teknikoek lekualdatzea posible egin dezaketela azpimarratu du Jaurlaritzak; eta Guggenheim eta Reina Sofia museoen arteko lankidetza eskatu du, lekualdatzea “erreparaziorako” bidea izan daitekeela sinesten dutelako.

Guernica obra, lehen aldiz Pariseko erakusketa unibertsalean aurkeztu zen eta 1981ean egon zen Espainiako Estatuan lehen aldiz. Ondoren, Nueva Yorken erakutsi zuten. Azkenik, Madrilera eraman eta hainbat lekualdatzeren ondoren Reina Sofia museoan amaitu du. 40 lekualdatzetik gora egin direla azpimarratu du EAJko senatariak, baino inoiz ez dela Gernikan eta Euskal Herrian egon.


 


Gernika-Lumo kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 13
Ospatu

2025eko irailaren 10
Onintza Enbeita eta Feli Madariaga
"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.