Duela aste batzuk lehendakariak eskatu du Guernica Euskadira ekarria izan dadila, Guggenheim museoan erakusteko. Espainiako Gobernua aurka dago, kontserbazio arrazoiak direla-eta. Gai errepikakor baten aurrean gaude: EAJren eskariak Espainiako Gobernuari, koadroa aldi baterako Euskadira ekartzea baimendu dezan (1981, 1998, 2006, 2010, 2017 eta 2026an) eta Espainiako Erreinuaren ukoak. Koadroa, New Yorken zegoela, Espainiara ekarria izan zen Calvo-Soteloren gobernuaren garaian.
Espainiako hedabideak eta Euskal Herriko gehienak koadroaren kontserbazio arazoetan zentratzen dira, ekartzearen ukoa zuritzeko. Aldiz, aipamen berezia merezi dute “Las seis razones de La Razón”. Hedabide horri soilik falta zitzaion esatea Gernikako bonbardaketa euskaldunon asmakizuna izan zela.
Horixe da, gaingiroki, iritzi publikoak izan duen egitateen bertsioa. Alabaina, Euskal Herriak Picassoren koadroarekin gertatutakoari buruzko egia osoa ezagutu behar du, eta behingoz errelato faltsuak amaitu: "Uzelay marrazkilariak, kontseilari eta Arte Ederretako zuzendaria delarik, uste du Euskal Gobernuarentzat Guernica narraskeria hutsa dela, adar-jotze bat. Uzelayk, Madrilen 1952an egin zidan bisita batean, kontatzen zidan… 1937an, Parisen, Picassorekin batera zihoala Errepublika espainiarraren aldeko manifestazio batean, eta galdetu omen zion ea Guernican agertzen diren eskuen atzamarrak pitilinak bezala margotu ote zituen, eta erantzun ziola baietz, benetan. Baina arazoa zen Picassok ez zuela denbora galtzen ergelekin eztabaidatzen. Picasso konturatu zen zein larria zen pertsona hura Euskal Gobernuaren kontseilari izatea, eta mezua bidali zion Aguirre lehendakariari koadroa idatziz eskatu ziezaion, uste zuelako euskaldunei zegokiela. Eskari hura ez zitzaion Picassori iritsi… 1962an, 25. urteurrenean, Joseba Rezolak, Defentsako idazkari eta Aguirreren laguntzaile izanak, Basterretxeari eta bioi deitu zigun Donibane Lohitzunera. Batzuetan Gernika zeritzan aldizkari txiki bat argitaratzen zuten, eta zenbaki berezi bat prestatzen ari ziren 25. urteurrenerako. Marrazki bat nahi zuten, adierazgarria, sinbolikoa. Nik esan nion Guernican zeukatela: lorea ezpata hautsiaren ondoan, heriotzaren eta esperantzaren sinbolo. Erantzun zigun Guernica ez zela interesgarria. Guernicak interesik gabe jarraitzen zuen. Esan genion politikoki ongi jokatu zuela guri kontsulta egitean, baina oso gaizki guri kasurik egin nahi ez izatean. Eta joan egin ginen". (Jorge Oteiza: NO AGUANTO OIR HABLAR AQUÍ DEL GUERNICA DE PICASSO. El Correo español, 1988).
Ikusiak ikusita, EAJk egin behar duen lehenengo gauza da egitateak aitortzea eta Euskal Herriari barkamena eskatzea. Eta ez jarraitu Espainiako Gobernuari koadroa behin-behinekoz eskatzen.
Gertatukoaren egia ezagututa, uste dut Euskal Herriak Espainiako Estatuari gurea dena itzultzea eskatu behar diola. Eta Picassoren Guernicak Gernikan geratu behar duela, Euskal Herriaren askatasunaren, demokraziaren eta bakearen ikur den foru-hirian.
Nicolás Xamardo, EHUko ohorezko irakaslea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.