Gudarien bila


2026ko urriaren 7a - 12:15
Maider Gartzia / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Mateo Zikuta & El Garto + RTZ Kolektiboa
Non: Igorreko Kiñu gaztetxean (Bizkaia).
Noiz: urriaren 2an.

-------------------------

90 urte bete dira aurten 1936ko Gerra hasi zenetik, eta mendeurrenerako hamarkada baino gutxiago falta den honetan, tentsioa goraka doa etenik gabe, inork idatzi gabeko profezia bete bidean balego legez. Mari Carmen eta etxebizitzaren auzi amaigabea, akanpadak, Babacar eta Anderren erailketa polizialak, Frantziako eta Euskal Herriko ikasleriaren antolakuntza eta ausardia. Bistan da: borroka garaia da, zerriak. Gerrara artean gerra artean.

Gasteiztik Igorrera bidean Aitorren kotxean bunpeatzen Charlie xcx. Ostiral iluntzea dugu eta jada argirik ez. Ilunetan iritsi gara Kiñura. Dantzaleku bat zuri-beltzez tindatua, dantzariak bi: Mateo Zikuta eta El Garto. Bandera gorria cinta de carroceroz: Lege Martziala. Guai dago, inprobisatua dirudi, Marxist vibes. Hamar balatik lehena tradiziozko intro luze baten ostean. Txukun. Gudan posizioa hartzeko deia eta gerra deklarazioa. Musikaren politikoaz eta borrokaren musikaz besterik ez da mintzoko. Jarraian rafaga bat. Txukun-txukun-txukun. Denetan barrak, ulertu eta ekintzara pasatzeko idatziak. Geldiune bat, orain a capella. Segurtasunaren irudia da Martin, pauso motel eta hitz azkarrez oholtzan, bat bera ere huts egin gabe, errimaz errima mezuaren bolbora entzuleon garunetan txertatzen. Txukun. Beste bat eta irri txiki batez: ata perro. Garai honetako zentzugabekeriaren biralak eta aldarri politikoak bat egiten duten lekua. Azken aurreko biak Calierekin batera oholtzan, bi malote jator errealitate gogorra irriz abesten. Azkena. Txukun. Urtebete baino gutxiagoan ereserki bihurtzen ari dena: iltzeak ipini eta belar txarrak moztu. Txanda eta kito.

Dantzaleku bera zuri-beltzez tindatua, baina dantzariak lau: Petri, OPH, Frel Asiat eta DJ Wall. RTZ Kolektiboa is in da house. Ez dira geldirik egotera etorri. Gaztetxe handi hau erdi hutsik dagoen arren, dena hazkaz gora jartzeko asmoz oholtzaratu dira. Jende artean bultza bati, besteari aurpegian kanta, laugarren abestirako entzuleak poltsikoan eta aldarri asko aurretik. Eden diskoaren letretan ezer gutxi baita paradisu, askoz gehiago du infernutik. Ilunak dantzagarritasunik ez du zertan kendu, ordea, eta izan dugu tarterik boombap-aren erritmoan beso eta hankak mugitzeko, gaizto aurpegia jantzita. Baionarrak dinamikoagoak dira gasteiztarrak baino, bai estilo aldetik, bai erritmo aldetik, bai eszenan agertzeko duten moduagatik. Gazteagoak eta futboleroagoak dira Zikutarenaren heldutasunaren aurrean. Eta horretan datza, nire ustez, egiten dutenaren balioa: garai ilun honetan nerabeek ere erraz ulertuko dituzten mezuak haien erritmo naturalean jarri. Nahiz eta erritmo natural horretan zer aldatua ere badagoen, ez da lan makala eskuinetik datorkigun patriotismo uholdearen aurrean. Dena erre, kontzertuaren amaiera aldera mezurik zuzenena. BPM-ak gora bukatzeko. Sua, iraultza eta desoreka.

Gerraurreko gerra artistikoan Euskal Herriko rapak baditu bere buruzagiak. Igorretik Gasteizera bidean Aitorren kotxean bunpeatzen Gata Cattana: armada bat dira 10.000. Ez dakit zenbat garen, baina hauek jarraituko dute gudarien bila. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.