ETAko kide ohiak Donibane Lohizuneko polizia-etxean salatu duenez, bere alaba eta bikotekide ohiaren etxean bere aurkako mehatxua jaso du: haien etxeko atean, Angelun (Lapurdi), El honor es mi divisa (Ohorea da nire ikurra) dioen Guardia Zibilaren eskumutur bat zegoen aldaban eskegita.
Josu Urrutikoetxea dagoeneko ez da bikotekide ohiaren etxean bizi –2024ko irailera arte han bizi izan zen–, baina hala ere, Berriak eta Kazetak jaso dutenez, argi du utzitako seinale hori berari egindako mehatxua dela. Horregatik, salaketa bidez jasoa utzi nahi izan du gertaera.
Urrutikoetxea ETAko kide historikoa da, 1989tik 1996ra kartzelan izan zen Frantzian. Ondoren Espainiaratua izan zen, baina 2000. urtean libre geratu zen, eta 2001etik 2003ra Euskal Herritarrok ezker abertzaleko indar politikoaren legebiltzarkidea izan zen Eusko Legebiltzarrean. Ondoren, ihes egin zuen eta klandestinitatera igaro zen.
2006ko Loiolako prozesuaren testuinguruan Norvegian Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketetan ETAko ordezkari gisa aritu zen, erakundeak hala eskatuta. Ondoren, aldiz, berak kontatu izan duenez, ETAk beste ordezkari bat izendatu zuen eta bera Estatu Frantseseko Alpeetako herritxo batera joan zen bizitzera.
Frantziako Poliziak 2019an atxilotu zuen han eta, hainbat auzi judizial tartean dituela, 2021ean baldintzapeko askatasunean utzi zuten eta harrezkero Ipar Euskal Herrian bizi da. Otsailaren 25ean Parisko Dei Auzitegian epaituko dute, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak Urrutikoetxea Espainiaratzeko egindako eskaera aztertzeko. Hurrengo epaiketa apirilaren 9an eta 10ean izango du, eta 2002tik 2005era ETAko kidea izatea leporatzen diote.