Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko lantegiko beharginekin jarri da harremanetan eta adierazi dute ez dutela ezer arrarorik ikusi, baina horrek ez duela esan nahi Guardia Zibila ez dagoenik Amurrion.
Hainbat hedabidek azaldu dutenez, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko agindua jarraiki, Guardia Zibileko UCO unitateko agenteak Tubos Reunidoseko bulego nagusiak miatzen ari dira Bilbon. Halaber, Amurrioko lantegian ere omen daude.
Aiaraldea Komunikabidea fabrikako langileekin hitz egin du eta horiek esan dute ez dutela aparteko ezer ikusi, baina aukera dagoela kalez jantzitako Guardia Zibilak bulegoetan egotea: "Atezaintzan galdetu dugu eta erantzun digute ezin digutela ezer esan. Suposatzen dugu ezer gertatuko ez balitz, argituko zigutela".
Komunikabideek zabaldu dutenez, epailearen asmoa da ikertzea eta argitzea zein harreman izan zuten zenbait agintari sozialistak -Leire Lopez buru- SEPIk emandako 112 milioi euroko maileguan. Hau da, kide horiek erraztu zuten erakunde publikoak multinazionalari diru bideratzea eta enpresak horregatik legez kontrako ordainketak egin zituen.
Hain zuzen, azken egunetan aspaldi agertutako informazioak argitaratu dituzte berriro hainbat hedabidek. Zehazki, komunikabideek aipatu dute euren azaletan Vicente Fernandez Guerrero sozialista andaluziarra SEPIko presidente izan zela 2018 eta 2019 urteen artean eta 2025era arte izan zela Tubos Reunidoseko aholkularia.
Abenduan jadanik Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epaileak ere harreman eta kontratu horri buruzko informazioa eskatu zuen eta orain Pedrazek ikertu nahi du zein lotura izan zuten Tubos Reunidosek egindako 15 milioi euroko higiezinen salmenta eta kide sozialistek osatutako ustezko ustelkeria sarea. Alegia, hedabideek adierazi dute Guardia Zibilak argitu nahi duela salmenta horietako 10 milioi euro sarearen esku geratu ote ziren.
Horrez gain, antza, Vicente Fernandez Guerrerok Tubos Reunidosek SEPIrekin zuen zorraren ordainketa atzeratzeko egindako ustezko zenbait kudeaketa ere ikertzen ari da Guardia Zibila. Tubos Reunidoseko zuzendaritzako bi kideren parte hartzea ere iradoki dute komunikabideek.
Aiaraldea Komunikabideak Amurrioko langileei galdetu die Guardia Zibila han dagoen eta erantzuna izan da ezetz, normaltasun osoz ari direla beharrean. Lantegian agenterik ez dela agertu azaldu dute, eta, bitxikeria moduan, oroitu dute greban behin Guardia Zibila bertaratu zela enpresara, grebalarien harridurarako.
Zenbait iturri sindikalek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari eurek susmoak zituztela Sestaoko altzairutegiaren salmentaren inguruan aurretik. Izan ere, aktiboen salmenta operazio hori ez zuten jarduera urte horren kontabilitatean jaso. Langile erakundeek leporatu zioten enpresari eskuratutako maileguak eragindako zorra ordaintzera ez bideratzea. Langile ordezkariek, berez, ez zekiten zehazki zertarako erabili zuten.
Komunikabideek zabaldu duten informazioaren artean Leire Diezen agendanan agertutako zenbait ohar daude, zeinean Tubos Reunidoseko ideia batzuk islatu zituen, enpresarekin bilera egin ondoren.
Ohar horiek konpainiaren ezaugarri kritikoei buruzkoak dira: Trumpek ezarritako muga zergak, hartzekodun pribatuen artean (Abanca eta Sabadell) funts putreek toki indartsuak hartu izana edota merkatu amerikarrekiko menpekotasuna.
Edonola erem badago esaldi bat deigarria dena eta erreferentzia egiten dio langile kopuruaren murrizketa kritikoari. Hau da, zuzendaritzak aspaldi zuela pentsatuta hainbat behargin kaleratzea.