argia.eus
INPRIMATU
Groenlandia, Panamako Kanala, Kanada eta Gaza: Trumpen inposaketen mehatxupean
  • Groenlandia eta Kanada AEBen barne eta Panamako Kanala bere kontrol zuzenaren pean nahi ditu Trumpek. Gazari begira ere argi utzi du: israeldar bahituak ez badituzte berehala askatzen, "infernua" zabalduko du Ekialde Hurbilean. Azkenik, Mexikoko Golkoari izena aldatu nahi dio. AEBetako presidente bihurtzeko hamahiru egun eskas dituela eman du guzti horren berri, urtarrilaren 7an egindako prentsaurrekoan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urtarrilaren 09a
Donald Trumpen prentsaurrekoa, urtarrilaren 7an Floridan. Urtarrilaren 20an hartuko du AEBetako presidentearen ardura. Scott Olson/ Getty Images via AFP

Floridako bere etxean eskainitako prentsaurrekoan hainbat helmuga argitu ditu urtarrilaren 20an AEBetako presidente bihurtuko den Donald Trumpek: Groenlandia AEBen parte egitea, Panamako Kanalaren gaineko kontrol osoa, Kanada AEBetako 51. estatua bihurtzea eta israeldar bahituak berehala askatu ezean "infernua Ekialde Hurbilarentzat". Estrategia ekonomikoak eta geopolitikoak ezkutatzen dira helburu horien gibelean: Txinaren kontrako gerra ekonomikoan posizioa hobetzea –Panamako Kanalaren kontrolarekin– zein baliabide naturalen merkatuan indarra irabaztea –Kanada zein Groenlandiako baliabideen jabegoa lortuz–.

Gaza

Urtarrilaren 20an israeldar bahituak ez badira askatuak, orduan Ekialde Hurbileko egoera okertuko dela argi utzi du Trumpek: "Ez da Hamasen onerako izanen, ezta inoren onerako ere. Infernua zabalduko da. Horrela da, ezin dizuet zehaztapen gehiago eman". Ekialde Hurbilerako "infernuaren" mehatxua zabaldu zuen abenduan ere.

Panamako Kanala

1914 inauguratu zuten Panamako Kanala eta AEBek eskuratu zituen Ozeano Barea eta Atlantikoa lotzen dituen ubidearen gaineko eskubide guztiak. Baina 1977ko hitzarmenari segi, 1999an berreskuratu zuen kontrola Panamak. Txinaren esku-sartzea handiegia dela iritzita kontrola berreskuratzeko xedea du Trumpek. "Ez dira justuak gurekin, beste herriei baino gehiago ordainarazten diete gure ontziei (...) Gutaz trufatzen dira, tontoak garela uste dutelako. Baina bukatu da, ez gara gehiago tontoak". Horretarako, bide militarrak baliatzeko aukera ez du baztertu.

Trumpen hitzei erantzunez, Panamako presidente José Raúl Mulinok argi utzi du kanalaren "burujabetasuna" ez dela "negoziagarri".

Groenlandia

Helburu bera du AEBetako presidente berriak Kanada eta Groenlandiarekin ere: kolonizatu nahi ditu. Kanada eta Islandiaren arteko uharte bat den Groenlandiak, autonomia ukanik ere, Danimarkaren menpe segitzen du. Presidente zela, 2019ko prentsaurreko batean plazaratu zuen jadanik asmo hori, "AEBen interes estrategikoentzat" onuragarri izanen zelakoan. Abenduaren 22an ere ondokoa adierazi zuen X sarean: "Munduko segurtasun eta askatasun beharrak ase ahal izateko, AEBek uste dute guztiz beharrezkoa dela Groenlandiaren erabateko kontrola izatea". Danimarkak horrelakorik onartu ezean "maila oso altuko" zergen bidez kaltetuko dituela abisatu ditu dagoeneko danimarkarrak. Kasu honetan ere ez du baztertu militarki erasotzearen aukera.

Kanada

Kanadako presidente Justin Trudeauk dimisioa aurkeztu eta berehala argitu du bere helburu geopolitikoa Trumpek: Kanada izan beharko litzateke AEBetako 51. estatua. Dioenaz, kostu handiegiak ondorioztatzen dituzte Kanadarekilako harremanek: "Kanada AEBei fusionatuz gero ez genuke aduana gasturik, zergak azkarki gutituko lirateke eta Kanadak segurtasuna luke etenik gabe inguraturik daukaten itsasontzi errusiar eta txinatarren aurrean". Kritika gogorrak jaso ditu Kanadako agintarien partetik: "Trumpen adierazpenek argi uzten digute ez dakiela zer nolako herri azkarra den Kanada. Mehatxuen aitzinean ere ez gara uzkurtuko", Atzerri ministro Mélanie Jolyren hitzetan.

Mexikoko Golkoa

Urtarrilaren 20an Mexikoko Golkoari izena aldatu nahi dio Trumpek, "Amerikako Golkoa" izendatuz. Migrazioaren kontrako adierazpen gogorrak zabaldu ditu Mexikoz aritzerakoan.