Trumpen lehen agintaldian burutazio xelebretzat hartu genuena, egitasmo landuagoa, baina batez ere lotsagabeagoa, bihurtu da bigarrenean: “bai ala bai” jabetuko omen dira Estatu Batuak Groenlandiaz. Jabetu, ez alokairuan hartu. Besterik ezin bada, indarrez.
Jada ez da Trumpen ateraldi hutsa; martxoan Vance presidenteordeak Pituffik basera egin zuen bisitaldian argi geratu zen hori. Administrazio osoaren deliberoa, dirudienez ahobatezkoa, da orain; eta demokratek ere kontrakotasun gutxi erakutsi dute. Batere eraginkorra izateko itxurarik ez duen NATOkide europarren ezezko epela, gero eta epelagoa, besterik ez du aurka izango egitasmoak. Groenlandiarren nahiak putza balioko du, AEBen iraganeko espantsio guztietan gertatu bezala. Gure jakintza-iturri txikiaren parafrasia eginez, ez dute arrazoi, gutxi direlako.
Egintza burutuen atarian gaudela ikusita, galdera dabil Europako bazter guztietan: zertarako nahi dute Groenlandia estatubatuarrek?
Eta ia denek hango lehengaien juzgu egin dute lehenik. Inork ezingo du uka Groenlandian, frogatuta nahiz frogatzeke, lehengai funtsezko ugari daudela edo egon daitezkeela. “Lur arraro” ospetsuak barne. Eta haren jabetzak, gainera, Artikoan ere eskua sartzeko aukera eman dezakeela.
Baina horrek Kanadarekiko kontraesana areagotu besterik ez die egiten Estatu Batuei: Groenlandiak duen guztia du Kanadak, biderkatuta. Eta izotz-irla tzarrak badu ifrentzu latza: lehengaiak ustiatu egin behar dira zerbaitetarako balio dezaten: aurkitu, erauzi, findu, kontzentratu, garraiatu... Etorkizun epelago batean ere, Groenlandiako klima kostu gehitua izango da langintza horietarako. Lehengai askoren patua ustiapen-kostuek erabakitzen dute, eta Groenlandiakoak nekez izango dira inoiz merkeenak.
Planetaren berotze horren harira, Artikotik barrena Asia Ekialdea eta Ipar Atlantikoa laster (dagoeneko hasita daudelako) lotuko dituzten merkataritza-itsasbideen juzgu ere egin da, bai. Halakoen kontrola erabakigarria izango omen da. Baina gaur-gaurkoz, itsasbide horiek Artikoaren errusiar aldetik soilik dira erabilgarriak, eta etorkizunean ere halatsu izango dela dirudi. Eta Beringeko itsasartekoa baino kontrol zorrotzagoa, non?
Egitate geografikoak, ohiko irudikapen sistemek askotan azaldu baino gehiago ezkutatu egiten dizkigutenak, oso aintzat hartu beharrekoak izaten dira geoestrategiak eta gisakoak hizpide direnean. Eta arestian argitara eman den NSS (Segurtasun Nazionaleko Estrategia) estatubatuar horretan aipatu ere egiten ez den Groenlandiaren egitate geografikoek diote, adibidez, haren ipar kostaldea izango litzatekeela AEB MAGAtuen lurraldetik Errusiako edozein lurraldetara ez ezik Txinako gehienetara eta garrantzitsuenetara iristeko biderik motzena. “Defentsa” hitzaren ordez “Gerra” hobetsi duen Pentagonoak jakingo du hori, noski. NATOk ere bai, agidanez.
Horregatik da mapa –edo, agian, hobe mundu-bola bat– aurrean dela hausnartu beharrekoa Groenlandiako gorabehera.