AEBetako presidente Donald Trumpek igandean adierazi zuen Groenlandia bereganatzeko armada erabiltzeko aukera zegoela. Mehatxu horren aurrean, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen-ek erantzun dio NATOren "amaiera" izango litzakeela eta prest agertu da bilera baterako.
Geoestrategikoki eta mineral arraroak direla medio, AEBek Danimarkako uhartearen inguruan interesa agertu dute behin baino gehiagotan, baita erosteko nahia ere. Espantsionismo nahi horien aurrean, eta Trumpek igandean iradokitako eraso militar baten aukeraren aurrean, Espainiako, Frantziako, Alemaniako, Italiako, Poloniako, Erresuma Batuko eta Danimarkako buruek sinatu dute Artikoko uhartea babesteko idatzi bat, eta aurreikusi dute "jarduera, presentzia eta inbertsioak" areagotuko dituztela.
Danimarkaren esku dagoen lurralde autonomoa da Groenlandia, eta nahiz eta uhartearen %80 baino gehiago izotzez estalita egon, mineralez beteta dago. Horretaz gain, etorkizunean Artikoaren kontrolerako geoestrategikoki interesgarria izan daiteke uhartea. Arrazoi horiek guztiak kontuan harturik, "segurtasun nazionala" dela eta Trumpek bere gain hartu nahi du munduko uharterik handiena. Egun, AEBek base militar bat dute bertan, Pituffik-eko aire basea. Baina interesetik haratago, lurraldea bereganatzeko armada erabiltzearen aukera ireki du Trumpek, The Washington Posten arabera.
Venezuelako presidente Nicolás Maduro eta bere emazte Cilia Flores bahitu eta biharamunean egin zituen tonu oldarkorreko adierazpenak, baina ez da bakarra izan: Etxe Zuriko Politiken Kabineteko zuzendariorde Stephen Miller-ek esan du AEBak direla “NATOko potentzia” eta eskualde artikoko “segurtasuna, babesa eta NATOren interesak defendatzeko” Groenlandia AEBen zati izan behar dela. Urak lasaitze aldera, AEBetako Estatu Idazkari Marco Rubiok legebiltzarkideei astelehenean esan die “erretorika publikoaren” zati dela, hots, Danimarka presionatzeko estrategia bat, baina ez du baztertu interbentzio militarraren aukera. Ez da ahaztu behar Trump uhartea erosteko prest agertu izan dela, nahiz eta Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek argi erantzun duen ez dagoela salgai. Azken horrek TV2n, Danimarkako telebista publikoan, hau esan du: “Estatu Batuek NATOko beste herrialde bat militarki erasotzea erabakitzen badute, dena amaituko litzateke, NATO barne”.
Trumpen espantsionismo planen aurrean, Parisen eginiko bilera batean Espainiako eta Frantziako Estatuko, Alemaniako, Italiako, Poloniako, Erresuma Batuko eta Danimarkako presidente eta lehen ministroek herrialde Artikoaren aldeko idatzi bat sinatu dute. “Groenlandia bertako herritarrena da. Danimarkari eta Groenlandiari soilik dagokie Danimarkari eta Groenlandiari dagozkien gaiei buruz erabakitzea”, irakur daiteke testuan. Azpimarratu dute eskualde artikoa “funtsezko lehentasuna” dela Europarentzat eta nazioartearentzat, eta Groenlandia babesteko “ahaleginak areagotuko” dituztela, presentzia, jarduera eta inbertsioak areagotuta. Danimarkak bilera eskatu dio Marco Rubiori, gaiaz jarduteko.