Greba orokorra ostiralean AEBetako Minnesotan, ICEren aurka

  • Hautsak harrotu ditu Renne Gooden hilketak Minneapoliseko Estatuan. Ordutik immigrazioaz arduratzen den Polizia Federalaren (ICE) aurka protesta asko izan dira eta Poliziak gogor zapaldu ditu horiek. Erantzun bateratua emateko asmoarekin AEBetako hiriburu garrantzitsuenetan greba orokorra deitu dute ostiralerako. Hala ere, hilketa horrek ez du gelditu ICEren jarduna, eta askok salatzen dutenez, "Gestaporen taktikak" erabiltzen jarraitzen du.

Gregory Bovino AEBetako Muga-Patruilako goi-kargu bat da. Minneapolisen egindako immigrazio-operazio federalaren aurpegi nagusia izaten ari da, ICEren jarduerak publikoki defendatu eta manifestariekin izandako tentsiozko egoeretan parte hartu du. Daviss

2026ko urtarrilaren 23an - 11:12
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hiru aste pasa dira AEBtako Minnesotako Minneapolis hirian, Polizia Federalak (ICE) 37 urteko Renee Nicole Macklin Good hil zuenetik. Gertaeraren ostean herritarrak bildu egin ziren salatzeko eta Poliziak oldarkor erantzun zien. Egoera ez da lasaitu, kontrara, tentsioak gora egin du, ez soilik Minnesotan, herrialde osora zabaldu da. Ostiral honetan ikusiko da nolako indarra hartu duten ICEn aurkako protestek, hain zuzen, greba orokorrera deitu dute AEBetako estatuetako hiriburu ugaritan eta begi guztiak Minnesotan jarrita egongo dira.

ICE out of minnesota: day of truth and freedom (ICE Minnesotatik kanpora: egiaren eta askatasunaren eguna) lemapean antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrak batu dira Trumpen gobernua Minnesotako estatuaren aurka egiten ari dena salatzeko. Salatu dutene, Gooden hilketa lotuta dago ICEko polizien kopuruaren bat-bateko gorakadarekin, ICE Minnesotatik kanporatzea, hilketan parte hartu zuten poliziak atxilotzea eta kongresuaren interbentzioa eskatu dute.

Urtarrilaren 23rako indarkeriarik gabeko mobilizaziora dei egin dute: “Ez lanik, ez eskolarik eta ez erosketarik, soilik komunitatea, kontzientzia eta ekintza kolektiboa”.

ICE eta "Gestaporen taktikak"

ICE Immigration and Customs Enforcement (immigrazioa eta aduana-kontrola) webgunearen arabera, bere lana AEBetako immigrazio-legeak aplikatzea da. Horrek esan nahi du “estatus legalik” ez duten pertsonak identifikatu, atxilotu, atxilo zentroetara eraman eta, prozesu juridikoaren ondoren, deportazioak gauzatzen dituela.

Asteartean eskolatik bueltan zela, bost urteko haur bat eta bere aita atxilotu zituzten Minnesotan, The Guardianek jaso duen moduan. Columbia Heights eskola barrutiko superintendenteak (Minneapoliseko auzo langile bat) asteazkenean jakinarazi zuenez, Liam Ramos eta bere aita etxeko sarreran atxilotu egin zituzten eta Texaseko atxiloketa zentrora eraman. Barruti horretan atxilo eraman dituzten lau haurretako bat da Ramos.

Hedabide britainiarrak beste kasu bat bildu du azken astean, Zharick Daniela Buitrago Ortiz zortzi hilabetez haurdun zegoen 21 urteko emakumea Kolonbiara deportatu dute aste honetan, nahiz eta osasun egoeragatik epaile batek debekatu haren deportatzea urtarrilaren 30era arte. The Guardianek jaso duenez, Trump boterera iritsi denetik, haurdun dauden emakumeak ere atxilotu eta deportatu ditu ICEk. AEBetan jaiotako haur bat legez estatubatuarra da, baina Donald Trumpen bigarren agintaldian saiatzen ari dira eskubide hori aldatzen. AEBetako Gorte Gorenak ebazteko daukan gaietako bat da. 

Esan bezala, ICEk ez du gelditu bere jarduna eta urte hasierako gertaeratik bere presentzia nabarmen handitu da, protestetan agenteak ustez babesteko asmoza. Bruce Springsteen abeslariak aurreko asteburuan adierazi zuen “Gestaporen taktika” erabiltzen ari direla herritarren aurka egiteko. Trumpek Davosen ondokoa baieztatu du: “Batzuetan, diktadore bat behar da”.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.