Greba mugagabera jo dute Artziniegako Tubacexen

  • Hamahiru urte dira ez dela bertako hitzarmen kolektiboa aldatzen, eta hura eguneratu dadila exijitzen dute langileek, lan-baldintzak hobetzeko. Hamahiru lanuzte egin dituzte udan.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko irailaren 10ean - 07:32
Alberto Martinez Gutierrez-Barquin/Aiaraldea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Greba mugagabeari ekin dio asteazkenean Artziniegako (Araba) Tubacex Taylor lantokiko plantillak. Izan ere, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, itun kolektiboa berritzeko negoziazioak geldirik daude, eta ez da aurrerapenik egon langileen lan-baldintzak hobetzeari begira. Irailaren 3an izan zen enpresako zuzendaritzaren eta ordezkari sindikalen arteko azken bilera, baina akordio bat lortzeko borondaterik erakutsi gabe jarraitzen du zuzendaritzak.

Hamahiru urte dira ez dela Tubacex Taylorreko hitzarmena berritzen, eta ELAren esanetan, izozturik daude langileen soldatak, bizi-kostuek modu nabarmenean gora egin duten arren. Langileek hamahiru lanuzte egin dituzte uda honetan, lan-baldintzak hobetu daitezela eskatuz, baina blokeaturik jarraitzen dute elkarrizketek. Horiek horrela, greba mugagabera jotzea erabaki dute, negoziazioa desblokeatzeko asmoz. 27 langilek osatzen dute plantilla.

Tubacex enpresa-taldearen parte da Artziniegako lantegia. Hortaz, ELAk nabarmendu du "justifikatzeko zaila" dela zuzendaritzak ez izatea langileen eskaerak betetzeko borondaterik, kontuan hartuta azken urteetan irabazi ikaragarriak izan dituela Tubacex taldeak. "Urte honetan bertan, 6,4 milioi euroko ordainsari bat onartu dute akziodunentzat", seinalatu du.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.