Greba egunak eta lau orduko lanuzteak uztartuko dituzte Tubos Reunidos enpresako langileek

  • Astearte arratsalde osoan egon dira bilduta langileak, eta sindikatuek salatu dute zuzendaritza giroa pozoitzen saiatu dela, aurretik altzairutegiko langile guztiei esan baitiete kaleratze zerrendan daudela eta beste atal batekoei kontrakoa.

Asteleheneko mobilizazioko irudia Aiaraldea.eus CC BY SA

2026ko otsailaren 11n - 09:46
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Langile Batzordeak batasunari eutsi dio Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egin nahi dituen 301 kaleratzeen aurrean. Ia lau orduko langile batzarraren ondoren erabaki dute egun osoko greba egunak eta lau orduko lanuzteak uztartuko dituztela hemendik eta martxoaren hasierara.

Gauzak horrela, enpresarekin bilera dagoen data orotan (otsailak 17, 23 eta 26an eta martxoak 4 eta 9an) egun osoko greba deituko dute eta gainerako egunetan lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko.

Propaganda, erakunde komunikazioa edota erresistentzia kutxa taldeak eratu dituzte hurrengo eguneko ekimenak prestatzeko

Beharginen ordezkariek azaldu dute ahalegina egin dutela enpresari ahalik eta minik handiena egiten, lankideen kaltea murriztuta. "Labeak duen funtzionamendu erarekin, lau orduko lanuzteekin ia geldirik egongo da egun osoa", aipatu dute.

Enpresaren jokaldia bilera izorratzeko

Batzordeko kideek, gainera, azpimarratu dute zuzendaritzak zikin jokatu duela langileen arteko giroa okertzeko batzarraren atarian. Salatu dutenez, asteartean izandako bi txandetan altzairutegiko beharginei ziurtatu diete guztiak kaleratze zerrendan daudela. Ijezketa atalekoei, aldiz, jarraituko dutela adierazi diete.

Hala eta guztiz ere, eta zailtasunak zailtasun, batzarrean ekintza batasuna mantendu dute eta batzordeak sortu dituzte langileek protesten antolakuntzarako. Propaganda, erakunde komunikazioa edota erresistentzia kutxa taldeak eratu dituzte hurrengo eguneko ekimenak prestatzeko. Egutegian markatutako data bat Aiaraldeko Ehun Industriala Sustatzeko Mahaiaren hurrengo bilerarena izango da, aurreratu dutenez.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.