Bartzelonan egin dute Espainiako zine akademiaren Goya sarien ekitaldia. Euskarazko bi film zeuden hainbat sarietarako izendatuen artean, Maspalomas eta Gaua. Film onenaren saria irabazteko bostetako bat Maspalomas zen, baina Euskal Herriko beste film bat izan da saritua: Los domingos. Alauda Ruiz de Azúa barakaldarraren pelikula kiniela askotako faboritoa zen. Baita Patricia López Arnaiz ere, eta emakumezko aktore onenaren saria jaso du. Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria ere Los domingos filmean geratu da: Nagore Aranburuk jaso du. Gizonezko aktore onenaren saria jaso du Jose Ramon Soroizek.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Mende erdiko ibilbide oparoari garaikur zinez berezia ipini dio Jose Ramon Soroiz legorretarrak: gizonezko aktore onenaren saria jaso du Espainiako zine akademiaren Goya sarietan, Maspalomas euskarazko filmagatik (irakurri hemen filmaren kritika). Kiniela ugaritan ageri zen Soroizen izena, lan bikaina egin eta kritika gozoa jaso duelako.
Naturaltasunez hitz egin du Soroizek mikrofono aurrean; zera esan du, garaikurrari begira, hura eskuetan zuela: "Orduan hi haiz, ezta, Goya famatua?". Euskaraz egin du ia hitzaldi osoa. Eskerrak eman dizkie Maspalomas filmeko zuzendari Aitor Arregiri eta Jose Mari Goenagari, baita familiari ere, eta azpimarra berezia egin du, euskaraz hau ere, zera esanda: "Eskerrik asko, benetan, nire izena esan dutenean poztu zareten guztioi". Donostiako iragan Zinemaldian estreinatu zuten Maspalomas Moriarti ekoiztetxekoek, eta bertan ere aktore onenaren saria jaso zuen Soroizek. Estreinaldiaren atarian, Zinemaldiaren aurretik, zuzendariek lehen elkarrizketa ARGIAri eskaini zioten; azala eman genion gaiari.
Beste zortzi izendapen ere bazituen Maspalomas filmak Espainiako Goya sarietan, baina ez du deus gehiago aso eta zeresana eman du horrek. Sarietarako hautagaien artean zegoen, esaterako, Kandido Uranga aktore zumaiar beteranoa, Soroizen gisan, euskal zineman ibilbide zinez oparoa egin duena.
Hiru izendapen zituen, bestalde, Paul Urkijoren Gaua filmak. Hauexek: jantzien diseinu onena, makillaje eta ile-apaintze onena, eta efektu berezi onenak. Baina ez du ezer jaso. Irakurri hemen ARGIAk zuzendariari egindako elkarrizketa. Bai Maspalomas eta bai Gaua filmak EITBren Primeran plataforman daude ikusgai, debalde, baina nahitaezkoa da plataforman izena ematea.
'Los domingos'
Film onenaren sari preziatua jaso du Alauda Ruiz de Azúa barakaldarrak zuzendutako Los domingos filmak (irakurri hemen filmaren kritika). Hautagai indartsua zen, harrera beroa jaso duelako zine aretoetan, eta Donostiako Zinemaldian ere film onenaren saria jaso zuelako, besteak beste.
Goya sari hauetan izendapen gehien zituen filma zen, gainera; hamahiru. Film onenaren sariaz gain, beste lau garaikur etxeratu ditu Los domingos pelikulak. Ekitaldiaren hasieran, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria jaso du Nagore Aranburuk. Lehen Goya garaikurra izan da berarentzat. Negar betean hitz egin du, filmaren lantaldeari eskerrak eman dizkio, eta etxekoak agurtu ditu euskaraz.
Patricia López Arnaizek jaso du, bestalde, emakumezko aktore onenaren saria. Hunkituta hitz egin du mikrofono aurrean, gaztelaniaz, eta eskerrak eman dizkio Ruiz de Azúa zuzendariari, gorpuztu behar zuen pertsonaia horren ongi lantzeagatik, eta eskerrak eman dizkio baita lantaldeari ere.
Ruiz de Azúak, azkenik, zuzendari onenaren saria eta gidoi onenaren saria ere jaso ditu. Goya sariek 40. edizioa izan dute, eta Ruiz de Azúa bihurtu da zuzendari onenaren saria irabazi duen laugarren emakumea.
Iragan ostiralaz geroztik, Los domingos filma Movistar Plus+ ordainpeko plataforman dago ikusgai, jatorrizko bertsioan, euskarazko azpidatzirik gabe. Urrian iritsi zen zine aretoetara, eta oraindik ere han edo hemen eskaintzen dute.
Susan Sarandon aktore estatubatuar beteranoa izan da atzerriko Goya sari berezia jaso duena. Hollywoodeko industriatik aspalditxoan baztertuta dago Sarandon, Palestinaren alde posizionatu delako sarri, eta Israelen genozidioa salatu duelako, eta horregatik, ordezkatuko lukeen agenterik gabe dago azken aldian. Aspalditxoan, horregatik, ez du pelikularik egin. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezen "ausardia" nabarmendu du Sarandonek, "injustizien aurka hain argi hitz egiteagatik", eta gauza bera esan du genozidioaren aurka mobilizatu diren artistengatik ere.