Erresuma Batuan, Palestine Actioneko lau preso politiko 60 egunetik gorako gose greban daude, epaiketarik gabe espetxeraturik dauden bitartean, Palestinarekiko elkartasunez eta jasaten duten tratuaren aurka. Grebalarien osasun egoera larriak alarma piztu du mediku, aktibista eta nazioarteko erakundeen artean.
Erresuma Batuan, Palestine Actioneko preso politiko talde batek jateari utzi zion, behin-behineko espetxealdian atxilotuta zeuden bitartean, epaiketaren zain. Ordudanik, hirurogei egun baino gehiago daramate gose greban palestinarekiko elkartasunez. Besteak beste, Heba Muraisi-k 66 egun daramatza, Teuta Hoxha-k 60, Kamran Ahmed-ek 59, eta Lewie Chiaramello-k 45. Gaur gaurkoz, gose greba hori Bobby Sandsek 1981ean bere kideekin batera aurrera eramandakotik hona Erresuma Batuan egin den gose grebarik luzeena izaten ari da. Egoerak, baina, mediku eta aktibisten kezka gero eta handiagoa eragin du, hainbat kide heriotza arriskuan ospitalera eraman behar izan dituztelako. Hain zuzen, Muraisi giharretako espasmo kontrolaezinak jasaten ari da, kalte neurologikoak eta arnasteko zailtasunak adieraz ditzaketenak.
Kamran Ahmed ere larri dago. Greban dagoenetik bosgarren aldiz ospitaleratu zuten joan den astean. Ahmedek adierazi zuen “eskuburdinak jarrita eta eskumuturrak handituta” egon zela ospitalean. Prisioners For Palestineren arabera, osasun langileek Ahmed artatzeko arazoak izan zituzten, gose grebak bere gorputzean izan duen eragina dela eta.
Gose grebalariak Ingalaterrako bost espetxetan daude atxilotuta, bata bestearengandik isolatuta, Bristolgo Elbit Systems defentsa enpresa israeldarraren filial britainiarrean eta Oxfordshireko Aireko Errege Armadaren base batean lapurreta egitea egotzita. Atxilotuek ukatu egiten dituzte euren kontrako karguak, lapurreta eta indarkeriazko desordena barne, eta esan zuten Erresuma Batuko gobernuari leporatu beharko litzaiokeela “Israelek herri palestinarraren aurka egindako gerra genozidan duen erantzukizuna”. Epaiketak hasi aurretik urtebete baino gehiago espetxean igaroko dutela espero da, normalean Erresuma Batuan atxiloaldi prebentiboaren muga sei hilabetekoa bada ere. Al Jazeera-ren arabera, "terrorista" hitzaren pean daude gatibu, “krudelkeria lege gisa jantzi ahal izateko”.
Protestan tinko
Heba Muraisik, osasun egoera oso larrian dagoen presoak, eskaera multzo bat bildu du gose grebari amaiera emateko baldintza gisa. Alde batetik, espetxeetan jasaten duten tratuaren inguruan, eta bestetik, herri palestinarrarekin elkartasunez. Eskatzen du: Muraisi HMP Bronzefieldeko espetxera itzultzea, presoen artean ez elkartzeko agindu guztiak amaitzea, jarduera eta ikastaro guztietarako sarbidea izatea, zentsura oro amaitzea, berehalako fidantza, bidezko epaiketa izateko eskubidea, terrorismoarekin lotutako kargu guztiak berehala bertan behera uztea, eta EBko gobernuak Elbit –Israelen arma ekoizle handiena– enpresarekin harreman oro etetea.
Iragan astean, Al Jazeera-rekin batera egindako adierazpen batean, nabarmendu zuen bera eta bere kideak egiten ari diren ekintzaren balioa: “Kontzientzia handia sortzen ari gara gure gobernuak Erresuma Batuko legeak bidegabeki aplikatzeari buruz, eta pozten naiz jendeak hori ikusi ahal izango duelako urtebeteko espetxealdiaren eta giza eskubideen urraketen ondoren”.
Gobernu laborista jopuntuan
Palestinaren aldeko ekintzaileek agintean dagoen gobernu laborista jarri dute jopuntuan. Abenduko azken astean, Justice for the Hunger Strikers (Gose Grebalarientzat Justizia) taldeak pintura gorriz estali zituzten Alderdi Laborista britainiarraren bulegoak. Ostera, adierazi zuten “gero eta haserreago" daudela, "gobernuak gose grebalariekin konpromisoa hartzeari uko egin” ziolako. Izan ere, James Timpson Erresuma Batuko espetxe ministroak adierazi zuen gobernua ez dela arduratuko gose grebalariekin edo haien ordezkariekin.
Gorputza besterik ez dagoenean zure esku
Munduko txoko ezberdinetatik elkartasun oldea jaso dute grebalariek. Besteak beste, Francesca Albanesek, Palestinako lurraldeentzako NBEko kontalari bereziak, adierazpen bat egin zuen atxilotuen tratuagatik kezka adierazteko.
Bestalde, Mansoor Adayfi idazle eta aktibistak, abenduko 13an eginiko elkartasun agerraldi batean, azaldu zuen bera ere Guantanamon gose greban egon zela: “Nire gorputza zelako kontrolatu nezakeen gauza bakarra”. Adierazpen gordin bezain hunkigarriak egin zituen: “Gose greba ate guztiak ixten direnean hasten da. Sistemak argi uzten dizunean zure bizitzak ez duela inolako baliorik. Zuzenean begiratu eta hilda zaudela esaten dizunean”.