Idiotex-en gustuko ezer lortu ez, eta urteroko trasparentziadun kamiseta armairu zulotik atera, ohe gainean jarri eta berarekin modelitoak probatzen hasi naiz. Hamargarrena jantzita, konbentzituko nauena topatu ezinik, dutxako urak ideiak argituko balitu bezala sartu naiz alkatxofa azpian. Metodo curly-a ere estreinakoz egin dut, lagunen gomendio astunei kasu eginez, gaur edozerk ez baitu balio. Aspaldiko partez ezpainak gorriz pintatu ditut eta koloretearekin emozionatu egin naiz, arbolako bola gorri distiratsuen artean kamuflatzeko beste. Hamaikagarren aukera jantzi baino lehen, tanga gorria armairuaren barrenetik aterata jantzi dut bularretako gorriarekin konjuntoan, konfiantzazko bakeroen azpian. Barrutik gorri baina kanpotik ez dadila gehiegizko esfortzurik sumatu.
Hotzari aurre egiteko eskularruekin eta pare bat Moscatorekin amamaren etxeko atetik sartu naiz. Inpuntual fama galdu gabe, begiradak igarri ez eta hasi da urteroko zelai errea, baloiak norabide guztietan. Gaurkoa lasai xamarra izan da, pilotakada bat edo beste saihestu ostean, telebista izan da gaurkoan partida amaitu duen kanpai hotsa; lasai, gurera ez da Pedroche sartzen.
Urteko iragarkirik garestiena heldu baino lehen, hamabi mahatsdun ontzia hartu eta mahai azpian ezkutatu naiz. Banan-banan soinuarekin konpasean ahora eramaten hainbeste kontzentratu naiz, desio bat edo beste eskatzea ahaztu zaidala. Bai, gaur egungo gazteok horrelako mobidak egiten ditugu.
Zuen ustez Trumpek jantzi al du galtzontzilo gorririk? (gorri Coca-Cola, ez gorri komunista)
Hamabi kanpaikada. Kutxabankeko iragarkia. 2026. Bai. Heldu da.
Ez dakit zergatik izaten dugun urtea amaitzeko gogoa. Parrandan ateratzeko beste aitzakia bat gehiago da, urteko parrandarik deserosoenetakoa akaso: hotza eta garestia. Outfit bat erostea justifikatzeko beste aukera bat, beste hautu bat dakarrena atzetik: luzitu edo termorregulazioa lehenetsi. Ospatzeko beste aukera bat, berria datorrelako edo. Baina atzean zaharra utzi gabe.
Auzoko kalean lau plater huts dituen mahaiak bertan jarraitzen du, eta urte bete barru ere bertan ikusiko dugu. Etxe ondoko tabernan “kafesne bat” eskatzean “¿que?” erantzun didate berriz. Jai Batzordeari Gabonetako kalejirako karteletan udalaren ikurra ez jartzearren isuna iritsiko zaio. Gaur ere kuadrillako babosoa ere, baboso ibiliko da, inpunitate osoz, eta ez du ondoriorik izango.
Baina badaezpada tanga gorria jantzi eta hamabi mahatsak mahai azpian jan, zortea eta maitasuna haizeak ekarriko balitu bezala. Olentzerorengan sinisteari utzi genionok eta Jesusen jarraitzaile inoiz izan ez garenok, noizean behin bilatzen baitugu magia izpi bat. Neketsua baita dena guk aldatu behar dugula etengabe sentitzea, badakigun arren ezer egiten ez badugu ez dela ezer aldatuko.
Zuen ustez Trumpek jantzi al du galtzontzilo gorririk? (gorri Coca-Cola, ez gorri komunista).