Gorputz osasuntsuen izenean, indarkeria estetikoa

  • Izan Inurri elkarteak Inurri eguna antolatu du hirugarrenez, Usurbilen (Gipuzkoa). Feminismotik minbiziaren inguruko tabuak azaleratu eta lanketa kolektiboa egiten du elkarteak. Bazkari eta musika artean, hausnartzeko aukera ere izan dute inurriek goizeko mahai-inguruan. Normatiboak ez diren gorputzez eta indarkeria estetikoaz mintzatu dira, norbanakoaren gainean ipintzen diren arau sozialak deseraikitzeko asmoz.

Ezkerretik eskuinera: Maider Galardi, Mer Gómez, Marina García eta Magda Piñeyro. Izan Inurri elkartea.

2026ko irailaren 11n - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Demagun minbizia gainditu berri duen bular bakarreko emakume bati medikuak zera iradokitzen diola: “Inplante bat jarriko dizugu, hala, gaixoaren itxura izateari utziko diozu”. Demagun osasuntsu dagoen pertsona lodi bati zera esaten diotela ingurukoek: “Hara, argalduko bazenu, osasuntsu egongo zinateke”. Demagun intersexuala den nerabe bati gurasoek zera kontatzen diotela: “Jaioberria zinenean ebakuntza egin genizun gaixorik zeundelako, bagina ohi baino txikiagoa zenuen”.

Zer da “gaixo” egotea eta zer ondorio ditu? Non dago muga gorputz “osasuntsuaren” eta “gaixoaren” artean? Eta batez ere, nork erabakitzen du nor dagoen “sano”? Maider Galardi kazetariaren gidaritzapean, galdera horien bueltan jardun dira Mer Gómez aktibista intersexuala, Marina García Pinedo Teta y Teta egitasmoko dibulgatzaile politikoa eta Magda Piñeyro lodifobiaren aurkako aktibista. Izan Inurri elkarteak antolatu du Gorpuztasuna eta gaixotutako gorputzak mahai-ingurua, Usurbilen egin duen III. Inurri eguneko egitarauaren barruan.

“Lodia, arrazializatua edota queer-a izateagatik seinalatua zaren munduan bizirauteak indarkeria askorekin bizitzea dakar”, azpimarratu du Piñeyrok. Migratzailea eta lodia da; Gómez, berriz, intersex-a. Biek ala biek ondotxo ezagutzen dute gorputz eredu hegemonikoan ez sartzeagatik jasotzen den indarkeria. “Beldur izugarria zaio lodia izateari, diziplina ezarekin lotzen baita; erlijio katolikoan oinarrituta, plazerera emanak bageunde bezala tratatzen gaituzte. Aldiz, argala izatea ospearen eta osasunaren irudia da”, adierazi du uruguaitarrak. “Patologizatu” egiten dira gorputz lodiak, dioenez, eta dietak eta ebakuntzak egitera bultzatzen dituzte, “pertsonak eskatu ala ez”, gorputz argalaren ereduan sartzeko.

Mer Gómez: "Ni ez nintzateke intersexuala izango, edo LGTBI+ kolektiboa ez litzateke existituko, zis-heteroarauan oinarritutako sistema batean biziko ez bagina. Sistemak onartzen ez gaituelako jarri digu etiketa"

“Ni ez nintzateke intersex izango, edo LGTBI+ kolektiboa ez litzateke existituko, zis-heteroarauan oinarritutako sistema batean biziko ez bagina. Sistemak onartzen ez gaituelako jarri digu etiketa”, argitu du Gómezek. Intersexen kasuan, ebakuntzak egin eta hormonak hartzera derrigortzen dituzte, “emakumezkoaren edo gizonezkoaren genitalak” izateko. “Zakila sartzeko adinako alua izatea da helburua. Inongo momentuan ez da galdetzen zein den pertsonaren orientazio sexuala, ezta zer nahi duen ere”.

Bi aktibisten arabera, indarkeria hori “eraikitako konstruktu sozialean” oinarritzen da. Gómezek sakondu du ideian, bere bizipenetatik: “Gizarteak sistema sexual binarioa eraiki du; horrek definitzen du emakumearen gorputz ideala, estetikoki zein sexualki, eta berdina gizonezkoen kasuan”. Hortaz, aktibisten iritziz, sistemarekin bat egiten duena gizartearen parte da, eta gainerakoak, aldiz, baztertuak eta jazarriak dira.

Garcíaren hitzetan, azken ideia hori “segurtasunarekin eta babesarekin” dago lotuta: “Desiratzeko eta desira ekoizteko eraikita gaude, betiere sistemaren barruan. Ondorioz, ustez ekoizteko balio ez duen gorputza baztertu egiten da”. Itxurarekin, orientazio sexualarekin edo beste hainbatekin egon daiteke lotuta bazterketa hori. Teta y Teta elkartean, besteak beste, preso dauden emakumeekin lan egiten dute, eta Garcíak gertutik ezagutzen du kartzelatik ateratzen denak zer-nolako oztopoak topatzen dituen gizarteratzeko.

 Izan Inurri elkartea.
Osasun publikoa eta indarkeria obstetrikoa

Aktibisten arabera, gorputz disidenteez hitz egiterakoan, beharrezkoa da egungo osasun sistemaz hitz egitea. Teta y Teta elkarteak askotan salatu du bularreko minbiziaren inguruan enpresek pinkwashing-a egiten dutela. Minbizia negozio bihurtzea soilik ez, Garcíak salatu du osasun sistemaren beraren irudia ari dela aldatzen: “Lausotzen ari da osasun publikoaren eta pribatuaren arteko lerroa, badirudi bien arteko desberdintasuna dela bat ordaintzen dela eta bestea ez”. Baina ez da horrela: “Sistema publikoak ez ditu gaixoen gaineko etekinak bilatzen, zaintzea baizik”.

Magda Piñeyro: "Ezagutzen dut pertsona bat, zeina tripako minarengatik joan zen, eta medikuak argaltzeko esan zion. Uteroko minbizia zuen, hil egin zen"

Aitzitik, gorputz guztiak ez daude onartuta zaintza horretan, diotenez. “Frogatuta dago ospitale publikoetan gertatzen diren ezbeharren herena pertsona lodiei gertatzen zaiela”, zehaztu du Piñeyrok, erreferentzia eginez gaizki edo berandu interpretatutako diagnostikoei. “Pertsona lodiak ez doaz medikuarenera, ematen dieten irtenbide bakarra argaltzea delako. Ezagutzen dut pertsona bat, zeina tripako minarengatik joan zen, eta medikuak argaltzeko esan zion, Gabonetan turroi gehiegi jateagatik zelakoan. Uteroko minbizia zuen; kasua ahizpak kontatu zidan, bera hil egin zelako”. Isilik geratu da aretoa, izoztuta, Piñeyroren adierazpenaren ostean.

Intersex pertsonen kasuan, berriz, diagnostikoa berehala egiten da, jaioberritan, eta ohikoena gonadektomia ebakuntza egitea da: “Gonadak ateratzen dira, izan obarioak izan barrabilak, argudiatuta horrela etorkizunean minbizia izateko aukerak murrizten direla”, azaldu du Gómezek. Behin “zikiratuta”, hormonak hartu behar dituzte derrigorrez, etorkizunean osteoporosia ekiditeko. “Zikiratu egiten dituzte, eta, gainera, eskatu gabeko hormonak hartzera derrigortzen dituzte gaztetatik”.

Gonadektomia ebakuntza mota bat da, baina bestelakoak ere eginarazten dizkiete intersexei, adibidez, baginoplastia edo dilatazioak. “Ezagutzen dut bat zeinari esan zioten kristalezko probeta bat hartu eta pixkanaka dilatatzen saiatzeko dutxan”. Eta beste behin, izoztu egin da aretoa testigantza entzutean.

Estetika batean sartzeagatik

Lodia dena argalarazi, eta intersexualari hormonak eman “emakumezkoen edo gizonezkoen genitalak” izateko. Hori guztia “pazientearen segurtasunaren” izenean. Aktibisten esanetan, ordea, “indarkeria estetikoa” da, emakume kanonikoaren ereduan sartzeko egiten baita. “Niri intersexuala nintzela diagnostikatu zidaten, hilekoa ez nuelako. Hilekoa izateak esan nahi du emakumea zarela?”, hausnartu du Gómezek.

Marina García: "Desiratzeko eta desira ekoizteko eraikita gaude, betiere sistemaren barruan. Ondorioz, ustez ekoizteko balio ez duen gorputza baztertu egiten da"

Pertsona baten gorputza arautik kanpo dagoenean, lodia, queerra, migratzailea edota preso ohia delako, gizarteak “sendatu beharreko pazientetzat” hartzen du, eta objektu bilakatzen du, diotenez. “Horrek, pertsonaren autonomia eta agentzia mugatzen ditu, erabakitzeko eskubiderik gabeko pertsonak bihurtzen ditu, sistemaren kontrolpean daudenak”, azaldu du Garcíak.

“Ni ez nago lodi, ni lodia naiz. Nekagarria da etengabe zure gorputza ederra dela sinestarazten saiatzea, lehendabizi lodia zarela eta gero adinekoa zarela onartu behar duzulako. Gorputza aldatzen da, listo, horraino eztabaida”, aldarrikatu du Piñeyrok. Baietz esan dute buruarekin beste biek. Izan ere, demagun denak ez daudela eroso barnerarazitako arau horretan, eta demagun, desiratuak izatearekin baino, beste mundu batekin desiratzen dutela. Hiru aktibisten aldarria da. Arauan sartzen saiatzeari utzi, “kolektiboki borrokatu” eta agentzia berreskuratu; horra bidea, “gorputz guztiak sartzen diren mundua eraikitzeko”.


Osasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.