Gorputz honek arnasa behar du

AEK

2026ko martxoaren 30ean - 15:01
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Atharratzetik Bilbora, 3.436 lekuko-hartze. Ehunka mila euskaltzale. Erraz esaten da, baina Leire Casamajou, Elene Mengyu Larrinaga, Aitzol Gil de San Vicente, Oier Iñurrieta, Beñat Jusue, Oihana Arana eta Xalbat Alzugaraik lekukoaren mezua Bilbon irakurri duten arte, bide luzea egin du Korrikak. 22 pertsonako furgonetero taldeak eman dio erregaia Korrikari, eta haien lanari, zaintzari eta motibazioari esker heldu da helmugara. “Zoro zoragarriak zarete”, esan diete hainbatek bidean, eta furgoneteroek berbera pentsatzen dute korrikalariei buruz. Korrika zorakeria delako kanpotik ikusita, baina 11 laguneko prentsa-taldeak bertatik bertara ezagutu duenez, barrutik ere surrealista da egunerokoa.

Euskal Herriak eta euskarak behar ditu normaltasunetik at dauden ekintzak oraindik ere, boluntarioak eta euskaltzale militanteak behar dituen bezalaxe. 24. Korrikak ikusi ditu herritarrak gozatzen, borroka molde tipikoetatik ateratzen eta aldarriak modu originalean aurkezten, mozorrotzen, kantatzen, dantzatzen, jolasten, besarkatzen... Bizitzea gero eta zailagoa den mundu honi bizipoza oparitu dio Korrikak, lurtarrok aurrera begira jarri gaitu, olatuan txanpa hartuta. Herri bat elkarrekin ikusteak eta horren parte sentitzeak esperantzaz bete ditu euskaltzaleen birikak, nahiz eta jakin badakiten Korrikaren hamabigarren egunak, mezua ezagutarazi ostekoak, oztopoz betea izaten jarraituko duela, eta kostako zaiela euskaraz normaltasunez bizitzea.

Euskal Herriko zazpi gaztek, herrialdeetatik banak, gazte euskaldun eta euskaltzale guztien izenean helarazi diote mezua emozioz gainezka egon den publikoari. 11 egunotan gorputz bat egin dugula diote: “Euskarak egin du gorputza”. Euskara gara. Euskara izan direnengatik gara euskara, eta izango gara. Baina gorputz honek baditu gaixotasunak, eta Korrika honetan ere argi geratu den moduan, gaixotasun horiek erdaren inposatzaileen kanpo kutsaduratik etortzeaz gain, gorputzaren barnetik ere ernatzen dira. Euskararen gorputz hau borrokan ari da barneko organoak osasuntsu egon daitezen, gorputz guztiak lan egin dezan bide berean, organoek elkar zapaldu ez dezaten. Baina kosta egiten da. Gorputz horretan, Korrikan, euskararen aurkako birusa elikatzen ari direnekin zer egin? Lekukoa eskuratzeak ziurtatzen du ez zarela euskarafoboa eta AEKren eta euskararen alde ari zarela?

Gorputza zalantzatia ere badela oroitarazi dute aurtengo mezuan. Askotan arnasestuka dabilena. Izan ere, lan boluntarioari esker soilik ezin da aurrera jarraitu bidean eritu gabe. AEKko Nazio Kontseiluak argi esan du: ezin da euskararen etorkizuna borondate hutsaren esku utzi. Denon ardura da, herritarrena, eragileena eta instituzioena. Eta instituzioei dagokie oldarraldi euskarafoboa geldiarazteko tresna politiko-juridikoak ezartzea. Gaixotasuna detektatzen denean, gorputza lehenbailehen artatzea komeni da. Ezin da azken hatsa eman arte itxaron.

Korrikan argi geratu da euskaldunok bizi-bizirik gaudela. Ehunka mila herritarren nahia ozen entzun da, Euskal Herri euskalduna sortzen ari dira urratsez urrats. Euskaltegietan ikasten, lagunartean erabiltzen, eta administrazioei euskara biziberritzeko politika eraginkorrak eskatzen. Halaxe bizi da gorputz hau. Pizkundea hasi da, orain, jarraitzea dagokigu. Goazen!

* Leire Artola ARGIAren berriemaile berezia izan da Korrikaren prentsa taldean.


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Korrika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.