Gorenaren epai euskarafoboa gaitzetsi dute EH Bilduk eta LABek, eta Jaurlaritzak iragarri du erabakia “errespetatuko” duela

  • Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiarekin, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ezingo dizkie azpikontratatutako enpresei funtzionarioen "hizkuntza baldintza berberak" eskatu. Jaurlaritzak erabakia "errespetatu" egingo duela iragarri du, baina "polemikak" baztertu nahi dituela gehitu du. Bien bitartean, EH Bilduk eta LABek erabakia gaitzetsi eta salatu dute euskara "bigarren mailan" geratzea nahi dutela.


2026ko uztailaren 15ean - 09:40
Azken eguneraketa: 11:38
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzan emandako agerraldian. IREKIA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak iaz jarritako epaia. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak ezingo dizkie funtzionarioen "hizkuntza baldintza berberak" eskatu azpikontratatutako enpresei. Epaiak zeresana eman du.

CCOOk Jaurlaritzaren hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideen aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta horrekin hasi zen auzia. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen eta, Jaurlaritzak auzitegiaren kontrako helegitea aurkeztu bazuen ere, orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du. Hori dela eta, behin betiko baliogabetuta geratu dira testuko zenbait puntu, besteak beste, hizkuntza eskakizunarena eta enpresen barruan euskara sustatzeko neurriena.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du epaitegiaren erabakia errespetatuko dutela. "Errespetatzen dut erabaki judiziala ezin dela beste modu batera izan. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak kasazio errekurtso bat jarri zuen, baina epaileak ez du onartu eta, beraz, epaia irmoa da", azaldu du Maria Ubarretxena bozeramaileak. Ubarretxenaren hitzetan, euskararen kasuan "polemikak askoz protagonismo handiagoa" du eta fokua bertan jartzea "akatsa" litzateke. "Euskarak bizitasun handiko momentua bizi du, sortzailea, kulturala eta soziala. Eta errealitate honen gainean eraiki nahi dugu gobernu gisa hurrengo pausoa", esan du. Euskarak "adostasuna" behar duela iradoki du, eta, hortaz, adierazi du Jaurlaritzatik ez dutela nahi "polemikarik eta prozesu judizialen fokua bihurtzerik".

Bestetik, EH Bilduko legebiltzarkide Josu Azitiriak sare sozialetatik idatzi du epaia "hizkuntza politiken aurkako oldarraldian epai bat gehiago" dela, politika bat zeinak, gogoratu duenez, "bilatzen duen euskararen eta gaztelaniaren arteko egiturazko desberdintasuna zuzentzea". Nabarmendu du "ofiziala" izateak esan nahi duela "egunerokoan erabiltzen den hizkuntza" dela, eta "berdintasunak", berriz, "baliabide gehiagorekin hornitzea beharra duenari".

Sindikatuak ere kritiko agertu dira

LAB sindikatuak idatzi bidez salatu du epaiaren aurkako jarrera. Azaldu du baliogabetutako puntuek "eremu publikoan, baina bereziki eremu pribatuan bigarren mailan" dagoen euskararen erabilera sustatu nahi zutela. Sindikatuaren ustez, azken urteetako epaien helburua euskararen "sustapen positiboa etetea" da, euskarak "bigarren mailan" jarrai dezan. "Epaile eta eragile euskarafoboek argi uzten dute, etengabe, ez dutela nahi euskara normalizatua izango duen eta espainieraren maila berean onartua izango den jendarte bat", salatu du. 

Gaineratu du epaiak argi utzi duela epaileak "dagozkien eskumenetatik harago" doazela, eta CCOOrekiko kritiko agertu da: "Ustez langileen eskubideen defentsaren aitzakian ezkutatuta, euskararen aurkako ekinbide sistematikoa garatzen ari da". Aldarrikatu du frogatuta geratu dela euskarari "ziurtasun juridikoa" eman behar zaiola.

ELA sindikatuak, bere aldetik, "Euskarafobia gida" argitaratu du, "lan munduan eta beste esparruetan gertatzen diren jokabide euskarafoboak identifikatu eta ulertarazteko". Salatu du euskararen aurkako zapalkuntza "historikoa" dela, eta euskara "borondatezko eremuetara mugatzen" dela. Horregatik, ekimenaren barruan "salaketa txokoa" jarri dute martxan, "langileek euskarafobia kasuak modu errazagoan" salatzeko.


2026ko uztailaren 6
Barra warroak
Urteten jakena

2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...