Bizitako euforia kolektiboaren ondoren, nire asmoa ez da inoren poza zapuztea, baina gure herriaren asimilazioa noraino iritsi den ikusarazi nahiko nuke.
Lehenik eta behin, historia pixka bat: 1909ko irailaren 7an Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián taldea sortu zen; bost hilabete geroago, 1910eko otsailaren 11n, Espainiako Alfonso XIII.a erregeak, asmo osoz, Real titulua eman zion, eta ondorioz, izenaren hasieran hitz hori gehitzeaz gain, jatorrizko armarria zen baloi eta bandera txuri-urdinari Borboi erregeen koroa gehitu zitzaion. Errepublika garaian, taldearen izenari Real kendu eta armarritik koroa ezabatu zen; baina frankismoan berriro gehitu ziren biak, eta oraindik horrela gaude.
Himnoari dagokionez, sorreratik desberdinak izan dituen arren, 1970ean, Ricardo Sabadie musikariak gaur egungoa sortu zuen. Orduko presidentea zen Jose Luis Orbegozori aurkeztu zionean, letran Donostia bakarrik aipatzen zenez, presidenteak Gipuzkoaren aipamena gehitzea eskatu zion Sabadieri eta horrela egin zuen. Letra horretan ez zegoen monarkiaren aipamenik; orain, baina, “aurrera mutilak” abestu beharrean “aurrera Reala” abesten da. Emakumeak ez baztertzearekin guztiz ados, baina ez al zegoen Reala ez den beste hitzik?
Cartujako finalean Alfonso XIII haren birbiloba den Felipe VI.ari txistu egin ziotenean ez dakit zer pasatuko zitzaion burutik, baina horrelako zerbait izan zitekeen: “Zuek lasai egin txistu, baina bitartean Gora Reala oihukatu eta jarraitu nire koroa zuen bihotzen parean eramaten”.
Esnatu gaitezen behingoz! Behera Borboiak eta gora Txuri-urdinak!
Patxi Olabarria Irizar
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.