“Gora komunala eta behera lurjabeak!”

  • Antzinako Erregimenaren garaian, ekonomia kapitalista eta jabetza pribatua erabat orokortu aurretik, udalek beren jabetzako herri-lur ugari zituzten. Lur-sail horiei Nafarroa hegoaldean “el comunal” (komunala) esaten zitzaien. Baina XIX. mendetik aurrera, komunalen lurrak pribatizatzeko prozesu bizia gertatu zen Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herri askotan. 1841 eta 1868 artean, komunalen ia %70 esku pribatuetara igaro zen.


2026ko maiatzaren 1ean - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Antzinako Erregimenaren garaian, ekonomia kapitalista eta jabetza pribatua erabat orokortu aurretik, udalek beren jabetzako herri-lur ugari zituzten. Lur-sail horiei Nafarroa hegoaldean “el comunal” (komunala) esaten zitzaien. Herrietako bizilagunek haietatik etekina ateratzeko eskubidea zuten tradizioz, eta hainbat erabilera ematen zieten horiei: ura edo egurra erauzteko, ehizarako, bazka-larreetarako edo baita erein eta uztak jasotzeko ere. Familia xume askorentzat komunalak funtzio garrantzitsua betetzen zuen. Nekazari txikiek, baina batik bat lurrik gabeko jornalariek, oinarrizko beharrizanak betetzeko zailtasun handiak zituzten eta komunalaren fruituak ezinbesteko osagarria ziren. Horrexegatik, komunalak komunitate nekazarien kultura tradizionalaren zati garrantzitsua ziren eta mendeetan lur horiek ustiatu izanaren memoria gordea zuten.

Baina XIX. mendetik aurrera, komunalen lurrak pribatizatzeko prozesu bizia gertatu zen Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herri askotan. 1841 eta 1868 artean, komunalen ia %70 esku pribatuetara igaro zen.

Zergatik eta nola pribatizatu ziren?

XIX. mendeko gerren ondorioz, udalen diru-kutxak hutsik zeuden, eta ondorioz, horiek betetzeko sarrera berriak behar zituzten. Bestalde, liberalismoaren hedapenarekin, ideia bat zabaltzen hasi zen: lurra jabetza pribatua izan behar zela, kapitalaren etekina ahalbidetzeko. Ordutik aurrera, nekazaritza-kapitalismoa hedatu zen eta ekoizpena merkatuan saltzeko bideratzen hasi zen. Horri guztiari XIX. mende bukaerako krisia gehitu zitzaion, nekazaritza ekoizpenean beherakada eragin zuena. Lurren ustiaketa prozesuaren intentsifikazio prozesua bultzatu zuen horrek.

Aipatu berri ditugun faktore horien ondorioz, pribatizazio prozesua abiatu zen. Udalek lurrak enkantean saldu zituzten, eta ondorioz, lur gehienak esku gutxitan pilatu ziren. Prozesu hori batzuetan modu legitimo eta legalean gertatu zen; beste batzuetan, aldiz, modu alegalean, udalen eta lur-jabeen arteko hitzarmenen bidez.

Modu horretan, denbora laburrean, nekazari eta jornalariak mendeetan erabili zituzten lurrik gabe utzi zituzten. Gauetik goizera, delituen tipifikazio berriak ezarri zituzten, jabe berrien jabetzak babesteko eta nekazariek komunalak erabil ez zitzaten. Iraganean ez bezala, komunaletako larreetan bazkatzea, uzta biltzea edo fruituak jasotzea, delitu bihurtu zen eta zigor gogorrak ezarri zituzten.

Kapitalismoaren garapenak landa-gizarte zaharra eta haren lotura solidario eta komunitarioak desegin zituen. Ondorioz, desberdintasun sozialak handitu ziren: gutxi batzuk aberastu ziren eta gehiengoa pobretu zen. Horregatik, bizibiderik ezean, jende askok emigratu behar izan zuen, landatik hirira kasu batzuetan, baina baita Ameriketara ere.

Nola egin zioten aurre injustizia honi?

Desjabetutako sektoreek estrategia ugarik baliatu zituzten. Horietako batzuk, James C. Scott bezalako ikertzaileek definitu bezala, “egunerokotasuneko erresistentzia formak” izan ziren. Eskala txikiko estrategia isilak ziren, desobedientziaren eta biziraupenaren artekoak, hala nola: lapurreta txikiak, legeen aurrean desobedientzia edo ezikusiarena egitea, gutun bidezko mehatxu anonimoak edota jabeei ziria sartzea, kopla edo txisteen bidez. Josemi Gastón historialaria izan da Nafarroako kasua sakonen aztertu duena eta haren aburuz, “gerra isil eta etengabea” izan zen.

Pixkanaka, antolakuntzak eta mobilizazioek beste forma batzuk hartu zituzten. Herri askotan, jabe txikiak eta jornalariak elkartzen zituzten komuneroen elkarteak sortu ziren. Premia handia zegoenean udalari eta jabeei presio egiten zieten, berenganatutako komunalak itzul zitzaten eta herritarren artean bana zitezen. Mendeetan zehar, beren arbasoek komunaletako baliabideetan irabazten zuten eguneroko ogia. Tradizio hori memorian iltzatuta zeukaten eta antzinako ohitura hura eskubide ukaezintzat jotzen zuten. Herri batzuetan, bide judizialetik jo zuten, pribatizazioen aurkako helegite legalen bidez. Kasuaren arabera, lur batzuk partzialki berreskuratzea lortu zuten, baina inoiz ez zen nahikoa izan, lur gosea handia baitzen.

Eskaera formalak eta bide judizialak eraginkorrak ez zirenean, metodo gogorragoak erabiltzen saiatu ziren, hala nola mehatxuak edo hertsapena. Batzuetan, ekintza zuzena ere erabili zuten. Komuneroek, gauaren ilunaz babesturik, suteak eta kalteak eragiten zituzten jauntxoen jabetzetan. Halakoak ohikoak ziren jabe handiek lurra itzultzeari eta banatzeari uko egiten ziotenean. Helburua nekazari-burgesia edo haren administratzaileak eta errentariak presionatzea zen, komunitatearekiko jarrera ez-solidarioaz ohartarazteko. Tentsioa metatzen joan zen herri askotan, eta gatazka gero eta gogorragoa eta agerikoagoa bihurtu zen.

Noiz eta non lehertu zen tentsio hori?

Hainbat herritan istiluak oso larriak izan ziren, esate baterako Erriberrin; han odola isuri baitzen. 1884an, komunalaren banaketa eta itzulera eskatzeko aldarrikapenen ondorioz, manifestazioak, lurren okupazioak eta istiluak gertatu ziren. Gertaera haietan lau lagun tiroz hilik suertatu ziren. Urte batzuk beranduago, egoera berriz ere errepikatu zen. Nekazari eta jornalarien eskariz lur-banaketa bat egin zuten herritarren artean. Baina 1914ko uztailean, epaitegiak adierazi zuen egindako banaketa ez zela legala eta agindu zuen lur-jabeei itzuli behar zitzaizkiela. Epaiaren aurrean, jendetza kalera atera zen eta lurjabe handien etxeak harrikatu zituen. Istiluen ondorioz, bi lagun atxilotu zituzten. Hurrengo goizean, 200 pertsona inguru kuartelaren atarira hurbildu ziren atxilotuak aska zitzaten eskatzeko. Ezezkoa jasota, indarrez sartzen saiatu ziren, eta Guardia Zibilak tiroka erantzun zuen; ondorioz, hiru jornalari hil zituzten.

Beiren, aldiz, 1907ko ekainean, zereal uzta betean, herriak greba egin zuen eta kalera atera zen “oihal gorriko estandarte” baten atzetik. Halako leloa zeraman ikurrak: Vivan las corralizas que nos han robado! (Gora lapurtu dizkiguten jabetzak!).

Tafallan, era berean, 1908ko urtarrilaren 14ko gauean, 1.500 pertsona baino gehiagoko manifestazioak kaleak hartu zituen. Etxez etxe ibili ziren, handikiak beren lurrak banatzera behartzen, “Vivan los comunes; Abajo los corraliceros!”» (¡Gora komunala eta behera lurjabeak!) oihukatzen zuten bitartean.

Konpondu al zen gatazka?

Presio sozialaren ondorioz, jabeek lur batzuk itzuli zituzten, baina ez zen nahikoa izan. Gatazka sozialaren gorakadaren ondorioz sektore sozial kontserbadoreak izutu egin ziren, istiluen eta zalaparten beldur baitziren. Halakoak saihesteko sektore apal eta pobreenen bizi baldintzak hobetzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten. Ondorioz, karlismoari eta Eliza katolikoari lotutako sektoreek kooperatibak eta aurrezki kutxak bezalako ekimenak jarri zituzten martxan. Helburua, klase borrokaren ondorio negatiboenak leuntzea zen, gizartearen harmonia soziala ez hausteko.

Alabaina, arazoak konpondu gabe jarraitu zuen eta pixkanaka, jornalarien eta komuneroen elkarteak politizatzen joan ziren. XX. mende hasieraren bueltan horietako asko klase-sindikatu bilakatu ziren eta gehienek UGT edo CNTrekin bat egin zuten.

Auzi honek konpondu gabe jarraitu zuen II. Errepublikaren garaian. 1930eko hamarkadan Gobernuak Nekazaritza Erreforma martxan jarri zuenean, itxaropena piztu zen Nafarroa hegoaldean, azkenean komunalen gatazkari behin betiko irtenbidea bilatuko ziotelakoan. Zoritxarrez, ez zen horrela izan, baina hori beste historia bat da.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.