Gora ikastaloa!


2026ko maiatzaren 14an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ez al duzu entzun Laku bat orroka? Urte guziz bezala, Herri Urrats antolatu da Senpereko aintziran. Kontzertuek eta animazio ezberdinek josi dute eguneko egitaraua. Ikastolen aldeko ekimen horrek zazpi probintzietatik etorritako milaka euskaldun batzen ditu urtero. Hodei artetik joan da eguna eta eguzki izpiek alaitu dute besta, nahiz egun bukaera ekaiztsua izan. Aurtengoan, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde borrokatzera bultzatu da jendea.

Izan ere, Araba gunean egindako elgarretaratzeak berriz ere oroitarazi du baxoa euskaraz pasatzea premiazkoa dela eta borroka dela bide bakarra horren lortzeko. Euri gaitzaren azpian, ozen oihukatu dute ikasleek: “Euskara da bide bakarra”. Baina bideak oztopoz josiak dira. Azken asteetan, baxoa euskaraz egiteko eskubideari buruz, Frantziako Hezkuntza Ministerioa entzungor dabil. Aurtengo, ahozko handia eta leheneko matematika azterketa frantsesez egin beharko dituzte ikasleek. Bai, baina hala: praktikan ikasleek ez dute hala eginen. Desobedientziara joko dute. Pasa den astean ikasleek hitza hartu eta matematikako baxoa euskaraz erantzunen dutela adierazi dute. Ikasleek ez dituzte frantsesaren meneko esku dardartiak

Bestalde, aurtengoan Herri bat, ikastola bat! lema berriro ere mikrofonotik aditu da. Urteak daramatza Seaskak ikastolak sortzen herriz herri. Baina azken asteetako berriek Seaskaren lana zalantzan jartzen dute. Urruñako herriko etxeak Seaskari, eta hots herriko ikastolari, dirulaguntzak %90z jautsi dizkio. Harrigarria, auzapezak hauteskundeen garaian euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mezuak zabaldu ondoan. Ikastolen aldeko borroka ez da behin betiko irabazia.

Arto irinez egindako ogi zati hau, herri jaien eta Herri Urratsen sinbolo bihurtu da. Belaunaldi ‘zaharrek’ nazkatzeraino jango zutena gaur egun ezinbestekoa bilakatu da ikastolak biziarazteko eta sortzeko

Aldarri horren haritik, egunean zehar bildutako diruarekin, Donapaleun eraikiko den lizeo berria diruztatuko da. Baionako Bernat Etxepare Lizeoa ttipiegi gelditu ondoan, lizeo berri baten eraikuntza ezinbestekoa da. Sail orokorraz gain, bereziki sail profesionalak proposatuko ditu lizeo berriak. Geroa eraikiz dabiltza Seaskako haurrideak, iraganeko teila porroxkak orainaren oinarri hartuz.

Azkenik, nola ez azpimarratu aitamek egindako txinaurrien lana. Kolektiboaren eta auzolanaren izenean Herri Urrats beraiei esker egin daiteke. Denen esku hartzea gabe, ezingo litzatekeelako antolatu besta hau. Eskuz esku, taloz talo eta urratsez urrats. Aitamak lanean eta haurrak pegatinen salmentan; “Pegatinak!”, txanponen hotsak aluminioz inarrosiak. Kamiseta pegatinez jantzita, gure gainean daramatzagu itsatsirik herri oso baten aldarriak. 

Aldarri eta auzolan honen guziaren atzean, taloa deituriko ogi zati bat. Arto irinez egindako ogi zati hau, herri jaien eta Herri Urratsen sinbolo bihurtu da. Sinbolo baino gehiago, diru iturri. Belaunaldi “zaharrek” nazkatzeraino jango zutena gaur egun ezinbestekoa bilakatu da ikastolak biziarazteko eta sortzeko. Oharkabean iturri zaharretik jaten dugu eta urrezko ogia aldarri bihurtzen.

Ozen orro egin dugu eta segi dezagun. Euskararen alde eta bide batez euskararen kontrako oldarraldiaren pare. Entzun ditzatela gure aldarriak! Geroa eraikitzen ari gara eta etorkizuna arnasten, ez gaitzan ito nostalgiak. Gora Herri Urrats eta gora ikastaloa!

Johane Larre Salaberri

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.