Googlek 4.125 milioi euroko isuna ordaindu beharko du EBn nagusikeriaz jokatzeagatik

  • EBko Justizia Auzitegiak berretsi egin du 2018an Europako Batzordeak Googleri monopolioaz baliatzeagatik ezarritako zigorra; erraldoi teknologiko bati inoiz ezarritako isunik handiena, hain zuzen. Multinazionala, ordea, ez dago ados erabakiarekin, eta adierazi du ordutik sistema irekiagoa ezarri duela.


2026ko uztailaren 3an - 10:36
Azken eguneraketa: 2026-07-05 23:00
ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Porrot judiziala Google multinazional teknologiko erraldoiarentzat. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Googleren aurkako 4.125 milioi euroko isuna berretsi du ortzegun honetan, nagusikeriaz aritzeagatik Android bere sistema eragileari mesede egiteko. Europako Batzordeak orain arte monopolio kasu bati jarritako isunik handiena da.

Aspalditik datorren sugetzarra da: 2018an Europako Batzordeak 4.340 milioi euroko isuna ezarri zion Googleri, Europar Batasunaren lehia arauak hausteagatik. Izan ere, Googlek 2011tik legez kanpoko murrizketak ezarri dizkie Android gailuen fabrikatzaileei eta sare mugikorren operadoreei, Interneteko bilaketa orokorren merkatuan duten nagusitasuna sendotzeko asmoz. 

Garai hartako Bruselaren kalkuluen arabera, Europako gailu mugikor adimendunen %80 inguruk erabiltzen zuen Android. Google Search, berriz, bilaketa-motor nagusia da, Europako kontsumitzaileen ia % 90ek erabiltzen baitu, Interneteko produktuak, zerbitzuak eta informazioa eskuratzeko.

Teknologia multinazionalak helegitea aurkeztu zion Bruselaren erabakiari. 2022an, ordea, EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Googlek zigorra bete beharko zuela, %5eko murrizketarekin. Bada, orduko jarrerari eutsi dio auzitegiak orain ere.

Lehiarako aukerarik ez

Zehazki, EBk Googleri leporatzen dio sakelako telefonoen fabrikatzaileekin eta sare mugikorren operadoreekin zituen kontratuetan legez kanpoko murrizketak ezarri izana: alde batetik, fabrikatzaileak behartzen zituen Google Search eta Chrome nabigatzailea aurrez instalatzera Play Store dendarako lizentzia lortuko bazuten. Bertze aldetik, debekatu egiten zien Androidez bertzelakoak ziren eta Googlek onartzen ez zituen sistema eragileak ezartzea telefonoetan.

Neurri horiek lehiarako aukerak murrizten zizkien bertze sistema eragileei, Justizia Auzitegiak adierazi duenez. Bat dator Europako Kontsumitzaileen Erakundeko zuzendari nagusi Agustin Reyna ere, eta epaiak “mezu argia” helarazten duela adierazi du: “Nagusitasun posizioa duten enpresek ezin dute beren boterea erabili lehiakideak baztertzeko, eta kontsumitzaileen aukeratzeko askatasuna mugatzeko”. 

Google, ordea, ez dago konforme epaiarekin, eta EBko Justizia Auzitegiari egotzi dio enpresaren ahalegina kontuan ez hartzea. Konpainiak erran du, 2018az geroztik, “inbertsio handia” egin duela bere sistema operatiboak “irekia, elkarreragingarria eta doakoa izaten jarrai dezan”.


Google kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Teknologia
Kableak

2025eko maiatzaren 21
Teknologia
Adimen kolektiboa

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...