Ingurumen ebaluaketak bukatu baino lehen moztu ditu zuhaitzak eta Finlandiako Gobernuak lanak geldiarazteko agindu dio. Gizartean haserrea nagusitu da eta eztabaida piztu da datu-zentroak eraikitzeak eduki ditzakeen ondorio kaltegarriez.
The Guardian egunkariak argitaratutako erreportajearen arabera, Finlandia iparraldeko Muhos eta Otanmäki herrietan 400.000 zuhaitz inguru moztu ditu Googlek legez kanpo. Lehen basoa zegoen tokian, orain lokatza baino ez dago, zoruaren azala ere eraman dute. Bizilagunek ohartarazi dute urak gardentasuna galdu duela eta basoan bizi ziren animaliak herrira heltzen hasi direla, esatera baterako, otsoak. Googlek barkamena eskatu du, esan du Muhosen uraren kalitatea berreskuratzeko lanean ari dela eta iragarri du 130 hektareatan zuhaitzak landatuko dituela.
Finlandiako Gobernuak datu-zentroak eraikitzearen aldeko apustua egin du. Googlen asmoen berri ematerakoan, lehen ministroak adierazi zuen inbertsioa erakartzea “lehentasunezkoa” zela eta Googlekin egindako hitzarmenak “bi aldeentzat onura iraunkorrak” ekarriko zituela. Finlandia 145 datu-zentro garatze bidean da. Herrialdea aitzindaria izan da enpresa teknologikoek urratu duten bideari atea irekitzen, besteak beste baldintza egokiak dituztelako: egonkortasun geopolitikoa eta geologikoa, lur ugari eta klima hotza.
Herritarrek zuhaitz mozketen berri izan dutenean, ordea, haserre erantzun dute eta eztabaida sortu da Finlandiak azpiegitura horien eraikuntzan jokatu behar duen funtzioaz. Bizilagun asko kezkatuta daude ez dakitelako multinazionalarekin egindako hitzarmenek zein ondorio izango dituzten haien komunitateetan, ez dakitelako finlandiarren etxeetako energia prezioetan nola eragingo duen eta ingurumenean zein kalte izango duten. Ia 100.000 pertsonak gobernuari eskatu diote datu-zentroak gehiago erregulatzeko eta ingurumen kalteak eragingo dizkieten komunitateentzat konpentsazio tasak ezartzeko.