argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuan gomazko balak debekatzeko eskatu dute, eta nabarmendu poliziarik ez dutela kondenatu horiek jaurtitzeagatik
  • 2000 eta 2020 artean, 40 pertsona izan ziren poliziek jaurtitako gomazko balen biktima Espainiako Estatuan, Bartzelonako giza eskubideen aldeko Iridia zentroak, Novact institutuak eta Stop Bales de Goma eta Ojo con tu ojo kolektiboek aurkeztutako txostenak jasotzen duenez. Elkarteok eskatu dute armamentu horren erabilera debekatzeko, potentzialki hilgarria dela argudiatuta.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 17a

Larri zaurituak edo hilak izan diren 40 pertsonen artean 37 gizon eta 3 emakume daude, batez-beste 30 urte ingurukoak. Gomazko balek "zuzenean" hildako bakarra ageri da zerrendan, Iñigo Cabacas. "Zeharka" hildakoak berriz 14 dira, guztiak 2014an Ceutako El Tarajal hondartzara heldu nahi zutenean itsasoan itoak, hainbat testigantzaren arabera, guardia zibilek gomazko pilotak jaurtita uxatu nahi zituztenean igerian zetozen horiek.

Kasu horietatik guztietatik, bakar batean ere ez dute tiroa egin zuen polizia kondenatu. Soilik Cabacasen kasuan izan da inor kondenatua, ertzain-burua, "zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa" egotzita. Txostenaren egileek diotenez, datuok "infradenuntzia egoera" eragiten dute.

Erabilera debekatzeko eskaera

Hego Euskal Herrian eta Katalunian, polizia autonomikoek debekaturik dute gomazko balak erabiltzea, baina debekuak ez die eragiten lurralde horietan jardun dezaketen beste polizia batzuei, Espainiako Poliziari edo Guardia Zibilari, esaterako.

Debekua orokorra izateko eskatu dute txostenaren egileek, nazioarteko araudiek zehazten dituzten estandarrak aintzat hartuta. Halaber, ikerketa-batzordea eratzeko eskatu dute, baita indarkeria instituzionala ikertuko lukeen fiskaltza espezializatua sortzeko ere.