argia.eus
INPRIMATU
Goiak dio Woody Allenen filmaren grabazioak Kontxan sortuko dituen arazoak “mugatuak” izango direla
  • Donostiako alkateak, edonola ere, ez du grabazio lanen inguruko zehaztapenik eman. Donostia erraztasunak ematen ari zaizkion bitartean, AEBetan gero eta zailtasun gehiago ditu Woody Allenek lan egiteko.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 03a
Woody Allen Donostiako Zinemaldiko aurreko edizio batean. Argazkia: Donostitik.com

Donostiako alkate Eneko Goiak herritarrei lasaitasun mezua helarazi nahi izan die. Woody Allen zinema zuzendariak filma grabatuko du hirian uztailaren 10aren eta abuztuaren 23aren artean, eta kezka sortu da eragin ditzakeen eragozpenak direla eta. Kontxako hondartza bi egunez itxita egongo dela zabaldu da, besteak beste.

Goiak informazio hori ukatu du: “Ez da beharrezkoa izango dena ixtea, ez zenbait egunez. Ez dago larritzeko arrazoirik”. Ez du zehaztu, ordea, hondartzaren ze espazio eta zenbat egunez okupatuko dituen zuzendari estatubatuarraren taldeak.

Hollywooden estuasunak, Donostian erraztasunak

Woody Allenek gero eta zailtasun handiagoak ditu AEBetan lan egiteko. 2013an Allenen adopzio-alaba den Dylan Farrowk publikoki salatu zuen aitak zazpi urte zituela sexu-abusuak egin zizkiola. Ordutik hainbat aktorek Allenekin lanik ez egiteko erabakia adierazi dute, besteak beste Natalie Portmanek, Mira Sorvinok edo Susan Sarandonek. Amazonek bere azken pelikularen estreinaldia atzeratu du AEBetan, zuzendariak #MeToo kanpainaren harira egindako adierazpen batzuk direla eta.

Donostiako Udalak, aldiz, pozarren hartu du Allenek hurrengo filma hirian grabatzeko erabakia. Erraztasunak ematen ari zaizkio grabazio taldeari. Taldeak asteak daramatza Miramar Jauregian ezarrita, grabaziorako lanak prestatzen dituen bitartean.