Goia jo du Txinako krisi militarrak

  • “Diziplinaren eta legeen urraketa larregiak” leporatu zaizkie eraitsitako uniformedun gorenei. Sinpletasun gehiegitxoz, “ustelkeriaren” topikoari heldu diote Mendebaldeko begirale askok argibide bila. Beste batzuek, desioa itulari dutela, sakoneko desadostasun politikoak ikusi nahi izan dituzte Xi eta militarren artean.


2026ko urtarrilaren 27an - 14:21
Xinhua
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Duela urte eta erdi, 2024ko ekainaren 17tik 19ra, egin zen gaur egun erregimenaren “santutegia” dela esan liteken Yan’ango base iraultzaile historikoan, Txinako hedabide ofizialek gogotik haizatu zuten arren Mendebaldeko radarretatik ia erabat kanpo geratu zen ekitaldi bat. “Lan Politikoko Konferentzia” deitua burutu zuen Askapenerako Herri Armadak, ehundik gora jeneral eta almirante, kidego militar guztietakoak, bertan zirela. Xi Jinping izan zen, noski, hizlari nagusia, eta Batzorde Militar Zentraleko kideak ez ezik AHAn (Alderdiaren armada) norbait zen goi-arduradun oro zen bertan. Haren aurrekari bakarra, hamar urte lehenago, 2014an, Fujiango Gutianen egindakoa izango zen, izatekotan.

Izena izen, ezbairik gabekoa zen gogo-jardun moduko haren xedea zela Txinako aginte militar gorenaren ikuskerak bateratzea. Eta bi hitzetan laburbildu zuen Xik kontua: leialtasuna Alderdiarekin. Batere berria ez zen aburua (Alderdiaren armada da AHA, sortzez eta definizioz, gaur egun ere; eta alderdikideak dira haren arduradun guztiak, salbuespenik gabe), baina nonbait solemnitatez berresan behar zena. Horren argi ez zegoelako, antza.

Izan ere, konklabe haren testuingurua zen eta, hizlariek mahairatu bazuten ez bazuten, ziur izango zela bertaratuen arteko solasgai nagusia, Li Shangfu, agintaldi laburreko Defentsa ministroa, haren aurreko Wei Fenghe, eta haien pean goi-arduratan jardundako jeneral-sorta bat kargugabetu, kanporatu eta auzitegi militarrera zeramatzatela, handik egun gutxira argitara emango zen eran.

Yan’ango bilkura hartan ez zela krisia itxi, ezta gutxiagorik ere, argi baino argiago ikusten da bertan bildu zirenek atera zuten talde-argazkia behatuz. Lehen lerroan eserita dauden Batzorde Militar Zentraleko sei kideetatik (zazpigarrena, Li Shangfu, falta zen ordurako), bi besterik ez dira geratzen karguan oraintxe bertan: Xi, eta mutur-muturrean ageri den Zhang Shengmin..., diziplina-arduraduna izaki beste lauak kargugabetzeko lana egin bide duena.

He Weidong, Batzordeko bigarren idazkariordea, eta Miao Hua, komisario politikoa, iaz; eta Zhang Youxia, lehen idazkariordea, eta Liu Zhenli, Estatu Nagusiko burua, arestian, kanporatuak izan baitira, edo hartarako bidean daude. Argazkian zutik ageri ziren jeneraletako hainbat ere kanporatuta eta, seguruenera, atxilo daude gaur egun. Aurrekaririk gabeko tenorea da AHAren gorenean.

Kasu guztietan, “diziplinaren eta legeen urraketa larregiak” leporatu zaizkie eraitsitako uniformedun gorenei. Sinpletasun gehiegitxoz, “ustelkeriaren” topikoari heldu diote Mendebaldeko begirale askok argibide bila. Beste batzuek, desioa itulari dutela, sakoneko desadostasun politikoak ikusi nahi izan dituzte Xi eta militarren artean. Gaiari buruz AHAren egunkariak argitaratu eta beste hedabide ofizial batzuek haizatu duten editorialak, ordea, ohiko hizkera kriptikoan, oso bestelako kontuak iradokitzen dituzte.

Adibidez, Yan’anen solemnitatez eskatu zen leialtasunari iruzur egina. Militarren elkarren arteko leialtasuna eta Alderdiarekiko –eta haren politikarekiko– leialtasuna ez baita gauza bera.


Irakurri gehiago: Txina Nazioartea Asia Militarismoa
Txina kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.