1.000 osasun langiletik gora, irakasleak, ingeniariak, igeltseroak, gerra eta ekozidio krimenen ikertzaileak eta lege behatzaileak abiatuko dira, besteak beste, Gazara bidean itsasoz eta lurrez martxoaren 29an. Estaturik gabeko hainbat naziok delegazio propioa izango dute ofizialki lehen aldiz, eta euskal delegazioa prestaketa lanetan dago. Bitartean, palestinarren kontrako sarraskiak ez du etenik.
GSF Global Sumud Flotillak ostegunean prentsaurreko bidez iragarri zuen martxoaren 29an abiatuko dela Gazara bidean “Palestinarako inoiz egin den esku-hartze zibil koordinatu handiena”, itsasotik eta lurretik aldi berean. Alde batetik, itsas ontzidia Bartzelona, Italia, Tunisia eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik abiatuko da. Lurreko karabanak, berriz, Afrika iparraldea zeharkatu eta Gazara iristea izango du helburu. Operazioak 100 herrialde baino gehiagoko milaka parte-hartzaile mobilizatuko ditu, horien artean, 1.000 osasun langiletik gora, irakasleak, ingeniariak, igeltseroak, gerra eta ekozidio krimenen ikertzaileak eta lege-behatzaileak. Gainera, lehen aldiz, estaturik gabeko hainbat naziok delegazio ofizial propioa izango dute.
Ostegunean aurkeztu duten misioa hainbat antolatzailek Johanesburgoko Nelson Mandela Fundazioko aretoan, sinbolismoz, hunkiduraz eta ekintzarako grinez lepo. Mandelaren biloba eta GSM kide den Nkosi Zwelivelilek adierazi du “Hegoafrikarekin egin genuen bezala, Israel apartheidetik isolatu, hondoratu eta belauniko jar dezakegu". Izan ere, antolatzaileek argi azaldu dute ez dela misio sinbolikoa izango, materiala baizik; “nazioarteko gobernu eta erakundeen porrot katastrofikoari” erantzun gisa, genozidioa, blokeoa, gosete masiboa eta Israelek Gazan bizitza zibila sistematikoki suntsitzea geldiaraztea dute helburu.
Horrez gain, Gaza berreraikitzeko proposamen berrien aurkako misioa ere badela azaldu dute, “palestinarren burujabetza ukatu eta atzerriko esku hartzea” dakarrelako. Saif Abukex antolatzaileak adierazi du etsaia "beste nazio batzuen etorkizuna baldintzatzen duen bizimodua” dela.
Parte hartzeko deia
Euskal herriko delegazioko kideek ARGIAri azaldu diotenez, –aurreko flotillan praktikan horrela funtzionatu bazuten ere,– oraingoan lehen aldiz estaturik gabeko nazioek delegazio propioak izango dituzte, besteak beste, Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak.
Gurean, dagoeneko antolatzen ari dira bidaia, eta antolakuntzatik ekimenera batzeko deia egin diote euskal gizarteari. Azpimarratu dute garrantzitsua dela barkuan joatea, eta lurretik laguntzea. Askotariko profilen beharra nabarmendu dute. Berebizikoak dira osasun eta eraikuntzako langileak, jendea artatu eta berreraikuntza lanetan laguntzeko. Deialdia euskal herritar orori zabaldu diote, eta parte hartzeko loturarekin batera.
Su etenetik, Israelek 525 palestinar hil ditu, eta laguntzaren %43 soilik iristen da
Bitartean, palestinarren kontrako genozidioak ez du etenik. Su etena iragarri zutenetik Israelek gutxienez 525 palestinar hil eta beste 1.500 zauritu ditu. Al Jazeera-k jaso duenez, Israelek Gazari eraso egin dio su etenaren azken 116 egunetatik 101etan, hau da, soilik 16 egunetan ez da eraso bortitzik, heriotzarik edo zauriturik izan.
Gainera, Gazan sartu beharreko laguntzaren %43 soilik iristen da, Gazako Gobernuaren Hedabideen Bulegoaren arabera. Horrek esan nahi du aurreikusten ziren 66.600 kamioietatik 28.927 beserik ez direla sartu zerrendan. Are salatu dute Israelek funtsezko elikagaiak (barazkiak, haragia edo esnekiak) blokeatu eta elikagai ez-nutritiboak baimentzen dituela, hala nola, txokolatea, patata frijituak eta freskagarriak.