Global Sumud Flotillak MSC enpresako zama-ontzi bat desbideratu eta Israelen hornidura militarrean eragin du

  • Flotillako belaontzi txikiak zama-ontzi erraldoiaren parean jarri dira, eta Israelen armagintza makinaria hornitzera zihoan MSC Maya ontzia desbideratu dute. Flotillak ekintza baliatu du gobernuen pasibotasuna eta genozidioan parte hartzen duten enpresak seinalatzeko. "Palestina aske izan arte" borrokan jarraituko dutela adierazi dute.


2026ko apirilaren 21ean - 13:03
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Astelehenean GSF Global Sumud Flotillako hemeretzi ontzik Israelerantz zihoan zama-ontzi bati aurre egin diote. MSC Maya ontziak erabilera militarreko materiala zeraman Ashdod eta Haifako portuetara, baina Flotillako belaontziak parean jarri zaizkio, eta lortu dute haren martxa moteltzea eta ibilbidetik desbideratzea. Hala, erregai eta denbora galera eragin diote. Global Sumud Flotillak ekintzaren ikusgarritasuna baliatu du, beste behin, palestinarren kontrako genozidioan enpresek duten konplizitatea seinalatu eta amaitzea eskatzeko.

"Itsas zabalean aurrekaririk ez duen esku hartze zibil" gisa izendatu du Flotillak ekintza. Diotenez, lehen aldiz flotilla zibil batek zuzenean esku hartu du estatu baten hornidura militarrerako materialen itsas fluxua eteteko: "Herritarrek zuzenean makina militar inperialistari aurre egitearen adierazpena da", azaldu dute. Irudiak ikusgarriak dira: David eta Goliathen arteko lehia dirudi. Eta Goliath oraindik garaitua izan ez bada, erresistentzia parean jarri eta mezu garbia zabaldu dute: “Gobernuek ez badute indarkeriaren makineria geldiarazten, jendeak egingo du”.

Estatuen pasibotasuna seinalatu dute, hain zuzen, ekintzaren bitartez. Azaldu dutenaren arabera, mundu osoko gobernuek “ezer ez” egitea aukeratu dute genozidio eta ankerkeria izugarrienen aurrean; eta horregatik, jendeak hartu duela iniziatiba: “Estatuek nazioarteko zuzenbidea bete ez duten lekuetan, jende arruntak esku hartu du hori betearazteko”.

Garraio komertziala ez da neutrala

Flotillak azaldu duenez, MSC Mediterranean Shipping Company enpresa erraldoiaren ontziak Israelgo gerra-makina hornitzeko lehengaiak garraiatzen ditu. Argitu dute, gainera, enpresak neutraltasun komertzialaren itxura duen arren, hainbat ikerketa-txostenek eta behaketek identifikatu dutela aleatutako altzairua garraiatzeko kalitate handiko eredu sistematikoa dutela, artilleria astuna fabrikatzeko erabiltzen dena. Halaber, GSFk baztertu egin du merkataritza “hutsune moral” batean egotearen ideia. Diotenez, ez dago neutraltasunik sarraskiak sostengatzen dituzten materialen garraioan: “Fluxu horiek errazten dituzten enpresak ez dira eragile pasiboak, parte-hartzaileak baizik”.

Flotillak gogorarazi du historikoki portuetako langileak izan direla erresistentziaren lehen lerroan egon direnak, hornikuntza-kate bidegabeen aurka. Orain, erresistentziak itsasora ere egin du jauzia, eta Mediterraneoa borroka eremu bilakatu dute enegarrenez. Hori da hain zuzen balioan jarri dutena zabaldu duten oharraren, eta deia egin diete langile eta alde guztietako jendeari espazio guztietan borrokatzeko gerra-makinariaren kontra: “Moiletan, lantegietan, kaleetan”.

Halaber, GSFk belaontzietan egon diren kideak zoriondu ditu egindako ekintzagatik, eta adierazi du bere esku dagoen guztia egiten jarraituko duela sarraskien konplizitateari aurre egiteko: “Hau hasiera besterik ez da, eta ez dugu atseden hartuko Palestina aske izan arte”, esan dute.


2026ko maiatzaren 21
Haizea, Libian geldiarazi duten lurreko flotillako euskal ordezkaria
"Nekaturik baina egoera oso onean gaude, bahiturik dauzkaten kideekin eta palestinarrekin alderatuta"

2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko maiatzaren 4
Ana Ribacoba Menoyo (Global Sumud flotilla Euskal Herria)
“Flotilla berrantolatzen ari da, ez dugu ekimena bertan behera utzi”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.