Protestan salatu dute upategiaren eta Samaniegoko gazteluaren jabeak, Rotschild familiak, “paper historikoa” izan duela Israelgo Estatuaren laguntzan, eta erantzukizun politiko eta morala exijitu diote. Ertzaintzak hamar kide identifikatu ditu. Israelek flotillako bi bahituak askatuko ditu larunbatean.
Sionistak kanpora lelopean bildu dira dozena bat inguru ekintzaile Samaniegoko (Araba) Rotschild familiaren jabetzen arrean: Samaniegoko jauregian eta Macán upategian. Familia horrek historikoki izan ditu harremanak mugimendu sionistarekin eta Israelgo Estatuaren sorrerarekin, horrela salatu dute, eta familiari aurpegiratu diote harreman eta laguntza horiek Zisjordaniako lurraldeen okupazioan eta Libanoko bonbardaketetan islatzen direla, besteak beste. “Ez dugu nahi Euskal Herrian estatu genozida bati laguntzen dioten enpresa edo familia sionistarik”, aldarrikatu dute. Ordu erdi pasatxo iraun du ekintzak, lehengo jauregian eta gero upategian, Ertzaintza bertaratu den arte: hamar kide identifikatu ditu.
Euskal Herriko Global Summud Flotilla mugimenduak egiten duen bosgarren ekintza da: orain arte CAF enpresa izan dute jomugan, Beasainen (Gipuzkoa) eta Zornotzan (Bizkaia) dituen egoitzetan egin izan dituzte protestak, baita Bilbon eta Donostian ere, enpresa hori Francesca Albaneseren “txosten beltzean” agertu baita. Rotschild familiaren kasua ez da horren ezaguna izan, ez da ageri txostenean, baina familiak Israelgo Estatuarekin dituen harremanak historikoak dira.
Israelekin soilik ez, ordea: Global Summud Flotillak kaleratutako oharrean, ohartarazi du Samaniego Jauregiaren egungo jabea, Ariane de Rotschild, Jeffrey Epsteini lotua agertu izan dela zenbait kazetaritza ikerketa eta dokumentu judizialetan. Are, plataformak gehitu du 2013 eta 2019 artean harreman pertsonal eta profesionalak izan zituztela, zenbait hedabidek berriki argitaratutakoaren arabera. Hori horrela, okupazioaren amaiera eta indarkeriaren, desplazamenduaren eta kolonizazioaren aurrean Palestinaren herriaren babesa aldarrikatzeaz gain, justizia eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua ere eskatu ditu mugimenduak.
Flotillako bi bahituak, aske
Larunbatean jakin da Saif Abukeshek eta Thiago Ávila flotillako kideak askatuko dituela Israelek. Hamar egun baino gehiago izan ditu Israelek bahituta, eta bertako epaimahai batek onartua zuen horrela mantentzea igandea bitarte. Larunbatean jakinarazi dute, ordea, larunbatean izango dela askapena, eta migratzaileen zentro batean izango dituztela deportatu aurretik. Gose eta egarri greban zen Saif Abukeshek ekintzaile katalan-palestinarra, eta gose greban Thiago Ávila brasildarra.
Euskal Herriko Global Summud Flotillak ospatu egin du bi kideen askapena, baina mundu mailako plataformak bezala, Euskal Herrikoak ere mezu argia zabaldu du: “9.000 bahituetatik azkena askatu arte jarraituko dugu”.